Espainiako emakumezkoen eskubaloi selekzioak 31-34 galdu du, gaur, Errusiako Olinpiar Batzordearen selekzioaren kontra, B multzoko ligaxkako bosgarren jardunaldian, eta, horrenbestez, ez da final-laurdenetarako sailkatu. Nerea Pena eskuin alboko euskal herritarra Espainiako selekzioaren onenetakoa izan da berriro, sei gol sartuta. Ainhoa Hernandez piboteak ere jokatu du. Galduta ere final-laurdenetarako sailka zitekeen Suediak Hungariari irabazita, baina ez da halakorik gertatu: Hungariak 26-23 irabazi dio Suedia liderrari, eta final-laurdenetarako sailkatu da.
Dominen lehian egoteko hautagaietako bat zen Espainia, kontuan hartuta azkeneko Munduko Txapelketan (2019) bigarren izan zela.
Lehen zatia oso berdindua jokatu dute Espainian eta Errusiak, baina aldageletara gol bateko aldearekin joatea lortu du Errusiak (17-18). Atsedenalditik bueltan 18na berdindu du Espainiak, Penak kontraerasoan sartutako gol bati esker. Baina hurrengo hamar minutuetan hautsi da partida, Rion urrea lortu zuen selekzioak 8-2 partziala lortu baitu, eta markagailuan 20-26 aurreratu 40. minutuan. Partida amaitu bitartean ez du gehiegi sufritu Errusiak.