Nahi bezala hasi du Lau eta Erdiko Txapelketa Jon Ander Peñak. Erakustaldia eginda sailkatu zen final-laurdenetako ligaxkarako, Artolaren aurka 4-22 irabazita, hain zuzen ere, eta Unai Lasoren aurka erakutsi du partida hartakoa ez zela kasualitatea izan: 11-22 nagusitu da, eta merezita lortu du lehen puntua. Erakustaldia egin du beste behin, eta sasoiko dagoela berretsi.
«Lasok plan argia zuen, baina ondo egin diot kontra. Oso gustura nago egindakoarekin; partida serioa jokatu dut», esan du neurketa amaitutakoan. Hasi eta buka izan da nagusi tolosarra, hark agindu du frontoian, eta gogoz ospatu du garaipena. Izan ere, ez da erraza Lasori irabaztea, eta are zailagoa da hura 11 tantoan uztea.
Bizi-bizi hasi dute partida biek, pilotari abiadura handia emanez. Lasok hasieratik argi erakutsi du zer asmo zuen: pilota zabalera bota, eta Peña II.a eskuinez jotzera behartzea. Baina ez du nahi zuena lortu, tolosarrak bikain erantzun baitio: eskuin eskuarekin ondo aritu da Peña II.a, eta ezkerrarekin ezin hobeto.
Lehen tantotan ez dituzte pilotakada asko jo, eta horrek mesede egin dio gipuzkoarrari. Ohartzerako, 2-5 jarri da aurretik. Lasok etenaldia eskatu du orduan, eta on egin dio. Lau tanto egin ditu segidan, eta markagailua irauli: 6-4. Horraino. Hortik aurrera, Peña II.a jo eta jo hasi da, eta azkar egin dio ihes markagailuan. Laso ez da kapaz izan erantzuteko, eta ohi baino huts gehiago egin ditu.
Markagailuan 6-10 zihoazela, Lasok etena eskatu du berriro ere. Ordurako burumakur zebilen nafarra, eta hauxe eskatu dio botileroak: jarrera positiboa izan eta dakien bezala jokatzea. Baina Lasok ezin izan du eskatutakoa bete.
Ezagun zen Peña II.a eroso zebilela frontoian, eta Laso ez hainbeste. Tolosarra konfiantzaz aritu da, eta 7-12 joan dira etenaldi luzera. Handik bueltan, zaharrak berri. Urdinak bi tanto egin ditu segidan sakez, pilota gaizto-gaizto ezker paretan sartuta. Laso aditua da sakean, baina gaur tanto bakarra egin du sakez, eta aurkariak hiru.
Tantaka lortu du Lasok tanto politak egitea, baina bildu eta bildu jarraitu du Peña II.ak, 22ra iritsi arte: 8-14, 9-18, 10-18, 11-21 eta 11-22. Tolosarra sendo aritu da defentsan, eta bortitz erasoan. Askoz abiadura handiagoa eman dio pilotari, eta asmatu du zer egin une oro.
Lasok ere aurkariaren jokamoldea nabarmendu du partida bukatutakoan: «Peña II.ak ia dena ondo egin du, eta nik ez dut nire jokoa erakutsi. Erritmo bizian aritu da, eta kantxa hartu du. Ez dut egun ona izan, baina hark egundoko partida jokatu du». Datuen arabera, Lasok bederatzi tanto huts egin ditu, eta zazpi egin; Peña II.ak, berriz, soilik lau huts egin ditu, eta hamahiru egin. Horixe islatu du markagailuak ere.
Murua nagusi
A multzoan, jada jokatu dituzte lehen jardunaldiko bi partidak. Atzo Peio Etxeberriak 19-22 irabazi zion Joseba Ezkurdiari, eta gaur Ander Murua 19-22 nagusitu zaio Aitor Elordiri. Partida ederra jokatu dute bi pilotariek, eta giro paregabea izan da Azkoitiko (Gipuzkoa) harmailetan.
Murua hasieratik jarri da aurretik markagailuan: 0-4. Eta lortu du aldeari eustea: 3-9, 7-13 eta 11-17. Ondo aritu dira biak, baina Elordik opari gehiegi egin ditu sakez, eta hor egon da partidaren gakoa. Hain zuzen, lau huts egin ditu. Lanean jarraitu du mallabitarrak, amore eman gabe, eta bitan lortu du tanto bakar batera gerturatzea: 17-18 eta 19-20. Azkenerako, ordea, Muruari ez dio ihes egin garaipenak.
Arrasatearra bigarren mailako lehiaketan aritzekoa zen hasieran, baina, Dariok min hartu zuenez gero, errioxarraren lekua betetzeko deitu zion Aspek, eta ederki baliatu du aukera: 22-10 irabazi zion Beñat Senarri final-zortzirenetan, eta irabazi egin du final-laurdenetako ligaxkako lehen partida ere, pilotari handi baten aurka: 19-22. Partida amaitutakoan, «oso-oso pozik» dagoela kontatu du.
Horiek horrela, partida bakarra falta da lehen jardunaldia osatzeko: Altuna III.ak Zabala izango du aurkari bihar, Gasteizen. Jaialdia 17:15ean hasiko da, eta ETBk zuzenean emango du.
