Peña II.ak kolpea jo du mahai gainean

22-4 hartu du mendean Artola, eta merezita ariko da final-laurdenetako ligaxkan, partida bikaina jokatu baitu. Tolosarrak multzokide izango ditu Unai Laso, Jokin Altuna eta Javi Zabala. Artola ezinean aritu da neurketa osoan.

Peña II.a tanto bat ospatzen, atzean Artola burumakur dagoela. JON URBE / FOKU
Peña II.a tanto bat ospatzen, atzean Artola burumakur dagoela. JON URBE / FOKU
jon eskudero
Tolosa
2026ko urriaren 12a
19:57
Entzun 00:00:00 00:00:00

Txanponaren bi aldeak nabarmen erakutsi ditu gaur Tolosako Beotibar pilotalekuak (Gipuzkoa). Harmailetan giro bikaina zegoela, ikusmin handia piztu du Iñaki Artolaren eta Jon Ander Peñaren arteko lau eta erdiko final-zortzirenetako partidak, baina kolore bakarra nagusitu da: urdina, Peña II.arena. Hasi eta buka, erakustaldi galanta egin du tolosarrak, eta merezita sailkatu da final-laurdenetako ligaxkarako. Abiadura bizian ibili du pilota, erasokor eta ausart jokatu du, eta artista handien gisan amaitu ditu tantoak. Hamasei egin ditu guztira, horietatik lau sakearen bitartez. Uda zaila izan ondotik, mahai gainean kolpea jo du Baikoko pilotariak. Artola, berriz, nahi eta ezin aritu da. Ez du agindu une bakar batez ere, eta aurkariaren musikaren erritmoan dantzan jardun behar izan du. Galtzeak ez ezik, galtzeko moduak ere min egin dio alegiarrari.

Zezen baten moduan kantxaratu da hasieratik Peña II.a. Lehen sakea Artolari egokitu zaio, baina ez dio etekinik atera, eta aukera ederki baliatu du tolosarrak. Estreinako tantoa lortu ondotik, bere pilota atera du saskitik, eta maisuki jokatu du. Sakeak sekulako abiaduran egin ditu, bi aldiz pentsatu gabe jo du erasora, eta, ohartzerako, 0-4 aurreratu da. Orduantxe eskuratu du lehen tantoa Artolak, baina berriz ere sakeari ez dio probetxurik atera. Beldurti aritu da, huts egiteko kezkarekin. Ez du inondik inora asmatu nola jokatu Peña II.ari. Hanketara jo beharrean, eskura utzi dizkio hainbat pilotakada, eta eroso sentitu da garailea. Azkar hartu du aurrea: 1-4 eta 2-5.

Tanto gogor batzuk jokatu dituzte tarte horretan bi pilotariek, baina hortik aurrera hamabi tanto segidan egin ditu Peña II.ak. Besteak beste, 2-5etik 2-17kora igaro da neurketa. Ohi bezala, ezkerrarekin distira handiko tantoak egin ditu garaileak. Txokora eta zabalera bikain bideratu ditu pilotakada guztiak, eta defentsan aritu behar izan duenean ere fresko sentitu da. Gainera, eskuinez ere ederki sartu ditu ezker horman pilotakada ia denak. Ez du oker txiki bakar bat ere egin. Goi mailako ikuskizuna eskaini du. Azken txanpan, etsi-etsian jokatu du Artolak, baina partida itxuratzerik ere ez du lortu. Ernegatuta jardun du, eta erasora pasatzeko aukera izan duenean ere ez du batere asmatu. Azken tantoak ederki laburbildu du alegiarraren partida: sakean falta egin du.

Tokia kantxan irabazi

Garaipena lortzearekin bat, alderik aldeko irribarrea nagusitu zaio Peña II.ari, eta ez da gutxiagorako. Uda zaila bizi izan ondotik, gaia baduela argi utzi du zortzi onenen artera sailkatuta. «Uda osoan bigarren mailako partidak jokatzen ibili behar izan dut, baina ongi sentitu naiz jokoz. Aukera gutxi eman dizkidate, eta, halakoetan, banakako txapelketa hauek baliatzea izaten da onena. Oso gustuko dut lau eta erdiko distantzia, eta konfiantzaz gainezka nago». Dena den, aitortu du Artolak erraztasun handiak eman dizkiola. «Partida txarra jokatu du, eta garrantzitsua da oinak lurrean izatea. Hori bai, aurten oso gogotsu, indartsu eta ilusioz gainezka nago». Aurrera begira, jokoari eustea izango da gakoa. «Uste dut aurrerapauso bat eman dudala nire jokoan; orain hobeto sentitzen naiz eskuinez defentsan aritu behar dudanean, eta nire helburua finalerdietan sartzea izango da».

Horretarako, multzo zailari egin beharko dio aurre Peña II.ak; izan ere, multzokide izango ditu Jokin Altuna, Unai Laso eta Javi Zabala. «Gaur egungo bi oilar nagusiak aurkari izango ditut, baita iazko finalista ere, baina konfiantzaz gainezka iritsiko naiz partida guztietara». Beste multzoan, Peio Etxeberria, Joseba Ezkurdia, Aitor Elordi eta Ander Murua lehiatuko dira.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA