Kevin Peponnet euskal herritarrak eta Jeremie Mionek osatutako bikotea dominen lehiarako faboritoetako bat da belan, 470 diziplinan. Izan ere, 2018ko Munduko Txapelketan urrea lortu zuten, eta 2019ko Europako Txapelketan, brontzea. Baina Frantziako selekzioaren bikotea makal aritu da gaur, kanporaketako hirugarren eta laugarren lasterketetan. Hirugarren proban 11. postuan sailkatu da, eta laugarrenean, 13.ean. Guztira hemeretzi bikote ari dira lehiatzen.
Kirolari lapurtarrak eta haren bikotekideak, ordea, oraindik beste sei lasterketa dituzte aurretik egoerari buelta emateko eta finalerako sailkatzeko. Lehen lasterketan laugarren izan ziren, eta bigarrenean, zazpigarren. Hurrengo bi lasterketak bihar izango dituzte, 05:05etik aurrera (Euskal Herriko ordua).