Gizonezkoen belako 470 modalitatean gaur jokatu behar ziren dominarako estropadaren atariko azkeneko bi estropadak, bederatzigarrena eta hamargarrena, baina itsasoaren baldintzengatik atzeratu egin behar izan dituzte antolatzaileek. Asteartean jokatuko dira, ondo bidean, 05:10etik aurrera, eta horien ondoren jakingo da Kevin Peponnet euskal herritarra eta haren bikotekide Jeremie Mion Frantziako selekzioko kideak finalerako sailkatuko diren. Aurreneko hamarrak sailkatzen dira, eta oraingoz hamargarren daude sailkapen nagusian.
Zazpigarren eta zortzigarren lasterketak jokatu zituzten igandean, eta hamaikagarren postuan sailkatu ziren. Peponnet eta Mion espero baino makalago ari dira Olinpiar Jokoetan, aintzat hartuta aurten bertan Europako Txapelketa irabazi dutela, eta duela hiru Mundukoa.