Atletismoa

Peres Jepchirchir kenyarrak irabazi du emakumeen maratoia

Elena Loyo 29. izan da, eta 2.34.38ko denbora egin du. Korrikalariek 30 gradutik gorako tenperaturarekin eta %80ko hezetasunarekin jokatu dute lasterketa.

jarraia201731.jpg
jakes goikoetxea
2021eko abuztuaren 7a
02:33
Entzun

Eguraldiak baldintzatutako maratoia izan da gaurkoa Sapporon. Korrikalariek bazekiten bero eta hezetasun handia izango zutela gaur goizean, eta egoera horretara egokitu beharko zituztela beren lasterketa eta erritmoak, proba bukatu ahal izateko. Berez 07:00etan abiatzekoa zen maratoia (Japoniako ordua), baina atzo bertan 06:00etara aurreratu zuten, gaurko espero zen beroa pixka bat gehiago saihesteko. 26 gradurekin eta %80ko hezetasunarekin hasi dira korrika.

Elena Loyok, Ametzaga Zuiako (Araba) korrikalariak, pentsatu bezala egin du lasterketa: aurrena erritmo egoki bat topatu, 30. kilometrora arte osorik iristeko moduan, eta hortik aurrera, indarra edukiz gero, pixkana-pixkana erritmoa bizkortu, bukaeran geratzen zitzaizkion indarrak xahutzeko.

Loyo 45.a izan da 15. kilometroan; 47. maratoi erdian; 35. zenbaki bereko kilometroan; 27. bukatzear, 40. kilometroan; eta 29. helmugan. Haren denbora: 2.34.38, batez beste 3.40 minutu kilometro bakoitza egiteko. 35. kilometrotik aurrera erritmoa bizitu du, eta hainbat korrikalari gainditu ditu, kilometro askoan bere aurretik joan direnak. Pozik iritsi da helmugara, gustura, irribarrez. Besoak altxatu ditu.

"Esperientzia ederra izan da", azaldu du helmugan. "Sinestezina dirudi, baina egia da. Amets olinpikoa bete dugu". Gogoan izan du Tokioko Olinpiar Jokoetako maratoira iritsi aurretik egindako lan guztia: "Hilabete askotako lana, nekea eta ziurgabetasuna dago honen guztiaren atzean". Gozatu egin du, Sapporoko baldintzetan maratoi bat egiten gozatu daitekeen neurrian: "Esperientzia ederra izan da, eta aho zapore ona utzi dit. Hurrengoan pentsatzen ari naiz".

Pere Jepchirchir kenyarra izan da irabazlea. Denbora: 2.27.20, Olinpiar Jokoen historiako mantsoenetakoa, Sapporoko eguraldiaren eraginez. Batez beste 3.30 minutu kilometro bakoitzeko. Brigit Kosgei kenyarra izan da bigarren, 19 segundora, eta Molly Seidel estatubatuarra hirugarren, 26 segundora. Sei kilometroren faltan jo du aurrera, eta Kosgeik eta Seidelek ezin izan diote eutsi. Kosgeirena da emakumeen maratoiko munduko marka: 2.14.04, 2019ko urrian Chicagoko maratoian lortua.

Jepchirchir bi aldiz izan da maratoi erdiko munduko txapeldun, eta harena da distantzia horretako munduko marka: 1.05.16. Kosgeirena da, berriz, maratoiko marka: 2.14.04, 2019ko urrian Chicagoko maratoian (AEB) egina. Seidelen hirugarren maratoia izan da gaurkoa, eta brontzezko domina bat irabazi du.

Korrikalariek asko sufritu dute. Lehen kilometroetatik hasi dira ura hartzen, lepoaren bueltan eskuoihal hotzak jartzen eta arroparen barruan izotz poltsak sartzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.