EUSKAL HERRITIK MUNDURA AMPO TXAPELKETA

Perez-Landeta eta Gaubeka-Gordon, Munduko Txapelketara begira

Larruzko pilotako paletan Ibai Perez eta Ander Landeta gailendu dira partida estu eta zirraragarri batean, eta pala motzean, berriz, Esteban Gaubekak eta Iker Gordonek erraz irabazi dute, Erik Zubirik lesio bat izan baitu partida betean.

PALA PARTIDA
Larruzko paletako finala, Sopelako pilotalekuan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
inaut matauko rada
2026ko ekainaren 6a
19:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

2026ko Munduko Txapelketarako prestatzeko torneoan, palako diziplinetan Ibai Perez eta Ander Landeta eta Esteban Gaubeka eta Iker Gordon izan dira nagusi. Euskal selekzioko pala jokalariek gaur zituzten Euskal Herritik Mundura Ampo pilota txapelketako finalak, Sopelan (Bizkaia), eta larruzko pilotako paletako finala izan da zirraragarriena. Ibai Perezek eta Ander Landetak (urdin) irabazi dute, hirugarren jokoan, Markel Sierraren eta Jagoba Madariagaren kontra (gorri), 15-14, 12-15 eta 10-8 irabazita.

Gorriek hasi dute partida ondoen, baina ez dute markagailuan tarte handirik lortu. Hala ere, une batean gorriak 12-14 irabazten ari ziren, eta, lehen jokoa irabazi behar zutela zirudiela, hiru tanto jarraian eginda 15-14 irabazi dute urdinek. Bigarren seta, berriz, alderantziz hasi da, urdinek hasieratik hartu baitute aurrea, Perezen sakeei esker, besteak beste. Gorriek partida galduko zutela zirudien, baina 12-9 galtzen ari zirela, markagailuari buelta eman eta 12-15 irabazi dute bigarren jokoa, eta hirugarrena jokatzera behartu. Hirugarrena antzeko joan da, urdinek hartu baitute abantaila eta ostera gorriek estutu egin baitute, baina oraingoan 10-8 irabazi dute seta urdinek, eta txapela eskuratu.

Lesioen eragina

Pala motzean, berriz, alde handiagoa egon da bi bikoteen artean, bereziki urdinen bikoteko Erik Zubiri lesionatu egin baita lehen setean. Urdinak (Erik Zubiri eta Ion Olazabal) 6-4 galtzen ari zirela, pilotakada txar bat jo du Erikek, eta atseden pixka bat hartu eta gero jokora itzuli da, baina ez dute zereginik izan Gaubekaren eta Gordonen kontra. Lesioaren osteko atsedenaldiaren ondoren, azkar batean irabazi dute lehen seta gorriek, 9-3ko partzial bati esker 15-7 irabazi baitute jokoa, eta bigarrenean ere oso nagusi izan dira gorriak. Hasieratik hartu dute aurrea Gaubekak eta Gordonek, eta, jokoaren erdialdean urdinek pixka bat estutu badituzte ere —7-5eraino gerturatu dira markagailuan—, aise irabazi dute bigarren seta (15-11) eta partida gorriek.

Partidaren ostean, Gaubekak azaldu du Eriken lesioak eragin handia izan duela partidan, eta gehitu du partida berdinduago bat jokatu nahi zutela, baina lesio horrek partida baldintzatu duela berretsi du.

Euskal Herritik Mundura Ampo txapelketa bihar amaituko da. Goizean esku huskako finalak jokatuko dira, Zumarragan (Gipuzkoa, 11:00, ETB1 On), eta arratsaldean, berriz, zesta-puntako partidak jokatuko dituzte, Burgun (Araba).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE