Nahi baino gehiago itxaron behar izan du, baina, azkenean, aurtengo Tourrean etapa bat irabazteko gai izan da Jasper Philipsen (Alpecin). Munduko esprinterrik onenetako bat da, eta, normalean, goiz kitatzen du zorra. Oraingoan, ordea, ez da hala gertatu: hamazazpigarren etapan nagusitu da lehen aldiz. Esprintean lortu du saria. Ezin bestela izan. Flandriarrak, hori bai, ihesaldian sartu behar izan du garaipena lortzeko. Eta ez da bakarrik ibili: Mathieu van der Poel taldekidea izan du aldamenean. Herbeheretarrak babes handia eman dio azken txanpan, eta, oraingoan, Philipsenek ez du huts egin. Mauro Schmid (Jayco) eta Olav Kooij (Decathlon) izan ditu atzetik.
Van der Poelek erakutsi du etapa irabazteko moduko sasoian zegoela, baina jada garaipen bat zeukan zakuan, eta eskuzabal jokatu du Philipsenekin. Lehenik, suhiltzaile lanak egin ditu, amaieran izan diren erasoak zapuztuta. Eta gero, helmugarantz hegan eraman du Philipsen. Eskura eman dio garaipena. Esprinta abiatzerako, Alpecin taldeko bikoteak tartea zabaldu du. Ihesaldian sartu diren beste esprinterrek amore eman behar izan dute. Kooijek ez dio mehatxu egin Philipseni, eta are gutxiago Mads Pedersenek (Lidl). Danimarkarrak etapa ona jokatu du, baina indar gutxirekin iritsi da helmugara. Maillot berdea soinean du oraindik; Philipsen zazpi puntura gerturatu zaio, ordea.
Tadej Pogacarrek (UAE), berriz, arazorik gabe eutsi dio elastiko horiari. Etapa erritmo frenetikoan jokatu dute, baina faboritoen multzoa nahiko lasai ibili da azken kilometroetan. 8.46ko atzerapenarekin iritsi da Voirongo helmugara. Adam Yatesek (UAE), ordea, ezin izan du tropelean iraun. Gaixo dagoela azaldu dute haren taldeko arduradunek. Irabazleak baino 26.36 geroago amaitu du etapa. Pogacarren taldekiderik onenetako bat da Yates, eta litekeena da haren ezinak eragina izatea Alpeetan.
Txirrindulariek lehia bizia izan dute Chambery eta Voiron artean. 174 kilometro egin dituzte, baita azkar egin ere, ziztu batean jardun baitute hasieratik bertatik. Etapa aproposa zen ihesean bidea egiteko, eta, ondorioz, ziklista asko oldartu dira. Tropelak, era berean, oso gertutik zaindu ditu matxinoak; hainbesteraino, ezen eraso gehiago izatea sustatu duen, berandu mugituta ere posible baitzen ihesaldian sartzea.
Lehen 60 kilometroetan lau mendate igo dituzte. Ez zuten aparteko zailtasunik, baina txirrindulariak abiada handian igaro dira handik, eta tropela zatikatu egin da. Del Torok 40 segundoko atzerapena izan du tarte batez, baina nahiko azkar konpondu du egoera. Faboritoek galga sakatu dute, eta aldi berean, hamasei txirrindulari aurrerantz abiatu dira. Ihesaldi arrakastatsua izan zitekeen, baina Decathlon taldeak kate motzean lotu du, Kooijen aukerak jorratze aldera.
Bada, ihesaldia ezerezean geratzear zegoela, beste 28 txirrindularik ihes egin dute multzo nagusitik. Azken 60 kilometroetara iritsi arte, erabateko kaosa izan da errepidean. Tropelak, azkenean, erritmoa mantsotu du, eta laster ikusi da garaipena alde egindakoen artean jokatuko zutela. Aldeak azkar egin du gora. Iheslarien artean, aldiz, ez da barealdirik izan. Klasiko batean baleude bezala jardun dute. Egun bateko probetan iaioak dira Pedersen, Jasper Stuyven (Soudal), Michal Kwiatkowski (Ineos) eta Ben Healy (Education), eta aurrerantz egin dute, Edward Planckaert (Alpecin) eta Felix Engelhardtekin (Jayco) batera. Hasiera batean, trenak ihes egin die Van der Poeli eta Philipseni.
Stuyvenen saiakera
Garaipena seikotearen esku zegoela zirudien, minutu batetik gorako aldea lortu baitute. Haatik, beste iheslariek ez dute amore eman, eta hurbildu egin zaizkie pixkanaka, tropel bihurtuta. Helmugatik 26 kilometrora, tarteko helmuga bat zegoen, eta, Pedersenek puntuak bildu ondoren, Stuyvenek eskapu egin du. Indarrez eta dotore eragin die pedalei, ohi duen gisara, baina ez du helmugaraino iristerik izan. Hiru kilometro falta zirela, muino bat igo dute, eta hantxe amaitu da Stuyvenen ahalegina. Berrogei kidetik gorako multzo batek harrapatu du. Van der Poelek bikain ihardetsi die amaieran izan diren eraso guztiei, Philipsen behingoz gailendu zedin.
Eskalatzaileen txanda izango da datozen hiru egunetan. Bihar, lehen mailako Orcieres Merlette mendatean egongo da helmuga, eta, aurrez, beste lau igoera gainditu beharko dituzte. 3.900 metroko desnibela izango dute denera 185 kilometroko ibilbidean.