Distiratsu jokatuta eskuratu dute Binakako Txapelketako bigarren puntua Erik Jakak eta Martxel Iztuetak, Tolosako Beotibar (Gipuzkoa) pilotalekuan, Iñaki Artolaren eta Ander Imazen aurka (22-8). Erakustaldi handia eman dute garaileek, aparteko ikuskizuna eta zorroztasuna eskaini baitituzte aurrean eta atzeko koadroetan. Joan den asteburuan Unai Lasoren eta Jon Ander Albisuren aurka 22-6 galdu ondoren, egun «zailak» igarota iritsi dira partidara Jaka eta Iztueta, baina, egun gutxiren buruan, ez dute edonolako susperraldia izan. Hasi eta buka, oso nagusi izan dira gorriak, konfiantzaz gainezka jokatu dute, eta erakutsi dute zergatik osatzen duten hain bikote arriskutsua. Enpresako arduradunen ideia praktikan jarri dute kantxan: Iztuetak nabarmen agindu du, eta Jakak harrapatu ahala bukatu ditu tantoak aurrean. Hamalau egin ditu guztira.
Zalantzati heldu dira lehiara Jaka eta Iztueta; bereziki, atzelaria. Eskuetako minak buruhausteak eragin zizkion joan den astean, baina gaur lehenengo tantotik astindu du pilota beldurrik gabe, batez ere eskuinarekin. Dena den, Jakak atera ditu babak eltzetik hastapenean. Berehala hartu dute aurrea gorriek: 3-0, 6-1 eta 8-2. Iztuetak nabarmen erakutsi dio bizkarra Imazi, baina Jakaren zorroztasuna apartekoa izan da. Ezker airez eta boleaz bereak eta bi egin ditu, eta 8-2rako zazpi tanto berak eginak zituen aurrean. Errematerako sena eta gaitasuna plazaratu ditu, beste behin. Funtzionatu egin dute garaileek, eta defentsan aritu behar izan dutenetan ere fresko sentitu dira. Ez dute inon zulorik utzi.
Aitzitik, txanponaren beste aldea ezagutu dute Artolak eta Imazek. Nahi eta ezin aritu dira partidaren lehen erdi luzean. Imazek zazpigarren koadrotik atzera izan ditu oinak gehienean, eta Artolak ez du ezertarako aukerarik izan. Saiatu da bikoteari laguntzen eta aginte makila hartzen noizean behin, baina alferrik. Pilotakada bakar batekin gauza bat baino gehiago egin nahi izan ditu sarri, eta ez du asmatu lehiaren gidoia aldatzen. Etsi-etsian egin ditu jokaldiak behin baino gehiagotan, eta ez zaizkio gauzak nahi bezala irten. Imazek ez du tanto bakar batean ere agindu, eta gorrien nagusitasuna erabatekoa izan da: 11-2 eta 12-3.
Iztuetaren errestoa
Lehen atsedenaldi luzearen ondoren, gehixeago gogortu da jokoa. Pilotak gastatuz joan dira pixkanaka, eta gutxienez aurkariaren pare jarri dira urdinak batzuetan. Iztuetak ez dio hain garbi erakutsi bizkarra Imazi, eta horrek Artolari modua eman dio jokoan gehiago sartzeko. Baina hori ez da islatu emaitzan: 14-4. Pilotakada gehiagoko tantoak jokatu dituzte, baina besterik ez. Gainera, Jakak eta Iztuetak ez dute intentsitaterik galdu. Harrigarria izan da atzelari tolosarrak 15-6koan egin duena. Artolak egin du sakea, eta, bederatzitik jotako errestoa zazpian baztertuta, tantoa lortu du Iztuetak. Zutik jarri ditu Beotibar leporaino bete duten jarraitzaileak. Bigarren atsedenaldi luzera 18-8 iritsi dira bi bikoteak.
Bada, handik aurrera ez dute tantorik egin Artolak eta Imazek. Sendotasuna eta lana dituzte oinarri biek, baina etsi egin dute azkenerako. Izan ere, Jaka eta Iztuetaren erakustaldiak ez du etenik izan. Aurrelariak goi mailako hiru tanto egin ditu amaieran: ezker airez bi, eta azkenekoa dejadaz zabalean. Gustura mintzatu da Jaka amaieran. «Joan den astean ez ginen hain txarrak, eta orain ez gara hain onak. Oreka bat topatu behar dugu, eta, gaur bezala funtzionatzen badugu bikote gisa, urrun iristeko aukera dugu». Bigarren puntua bilduta, sailkapenaren goiko aldean kokatu dira Jaka eta Iztueta. Puntu bakarra izaten segituko dute Artolak eta Imazek.
aldaik eta gamindek jokatuko dute emakume master cupeko lau eta erdiko finala
Amaia Aldai aurrelari dimoztarrak eta Enara Gaminde atzelari laukiztarrak jokatuko dute Emakume Master Cupen lau eta erdiko txapelketako finala, hilaren 21ean, Gernika-Lumon (Bizkaia).
Aldai eta Gaminde igandean sailkatu ziren finalerako, Basaurin (Bizkaia): Aldaik 22-11 irabazi zion Olatz Arrizabalagari; Gamindek, berriz, 22-14 hartu zuen mendean Goiuri Zabaleta.
Zabaletak irabazi zuen iaz txapela; beraz, finalean gertatzen dena gertatzen dela, beste txapeldun bat izango da. Aldaik Gamindek baino eskarmentu handiagoa du finaletan, bosgarrenez jokatuko baitu finala: bosgarrenez jarraian. Aurreko lauretatik hiru irabazi ditu. Gamindek, ordea, lehen aldiz jokatuko du finala.