Euskal selekzioa dominen zakua bete eta bete dabil Munduko Euskal Pilota Txapelketan, Argentinan eta Uruguain. Aurretik irabazitako urrezko bi dominei eta zilarrezkoari urrezko beste bi eta zilarrezko beste hiru gehitu dizkie: hau da, zortzi ditu jada. Eskuz binaka eta gizonezkoen banakako zesta-puntan nagusitu da. Eskuz banaka eta emakumezkoen banakako zesta-puntan eta gomazko paletan, berriz, finala galdu du.
Eñaut Lizeagak eta Oier Elorzek irabazi dute eguneko lehen urrezko domina. Espainiako ordezkari Oian Canabal eta Unax Apeztegia nafarrak hartu dituzte mendean: 2-0 (10-4 eta 10-9). Beñat Azketarena eta Beñat Garmendiarena ere bada urrea.
Euskal selekzioko pilotariak sufritzen hasi dira, Espainiako bikotea indartsu hasi baita: 4-0. Orduan hasi da Lizeaga min egiten, baina ez nahikoa emaitza iraultzeko. Baina bigarren erasoaldia abiatu du euskal selekzioko aurrelariak, eta horretan bai lortu dute helburua. Nagusi zen Lizeaga, eta sendo Elorz. Hala, agerikoa gertatu da, eta behetik gora egin dute. Lehenbizi, sei tanto egin dituzte jarraian, aurkariek beste bat egin dute, baina jarraian egin du euskal selekzioak hamargarrena.
Lehen jokoan gertatutakoak hauspotu egin ditu Lizeaga eta Elorz, eta egurrean jarraitu dute bigarren jokoan: 4-0. Baina Espainiako bikotea suspertu, eta buelta eman dio jokoari: 5-4. Partida izugarri gogortu da, eta tentsioak gainezka egin dio. Huts gutxien egiten zuenak irabaziko zuen jokoa, eta euskal selekzioak egin du huts gutxien. Bederatzinakoarekin, Apeztegiak gora bota du pilota. Huts horrek eman dio garaipena eta urrezko domina euskal selekzioari.
Aritz Erkiagak irabazi du bigarren urrezko domina, finalean Jean Olharan frantziarra garaituta: 2-0 (15-12 eta 15-7). Olharanek lanak eman dizkio aurreneko jokoan, baina Ispasterkoa (Bizkaia) ez da urduritu, eta nagusitasunez irabazi dio, berezkoa duen patxadarekin eta kalitate handiarekin. Ortzi Aldazabalena ere bada urrezko domina.
Eskuz banaka, berriz, euskal selekzioak galdu egin du Espainiaren aurka: 2-0 (10-0 eta 10-4). Jorge Fernandez espainiarra nagusi izan da, eta ez Ekhi Irribarria lehenbizi, eta ez Gaizka Carregal lehenbiziko jokoaren amaieran selekziokidea ordezkatu duenean, ez dira gai izan hari aurre egiteko.
Helena Barrenetxeak ere ezin izan du mendean hartu Espainiako ordezkari Erika Mugartegi bizkaitarra: 2-0 galdu du (15-11 eta 15-14). Mugartegi zen faborito, baina Barrenetxea bikain aritu da, eta oso estu hartu du. Galdu arren, txapela kentzeko modukoa egin du. Maialen Aldazabalena ere bada zilarrezko domina.
Jardunaldiko azken finalean, Nagore Martinek ezin izan du bigarrenez ezustean harrapatu Espainiako ordezkari Maider Ardanaz nafarra, eta 2-0 galdu du: 15-10 eta 15-13. Martin oso harro egon daiteke egin duen lanaz. Amaia Irazustabarrenarena ere bada zilarrezko domina.
Gaur bukatuko da
Gaur bukatuko da Munduko Txapelketa, eta euskal selekzioak domina gehiago irabaziko ditu. Hiru ziurrak ditu, hiru final jokatuko baititu. Gizonezkoen frontball-ean, Mexikoren aurka ariko da, 17:00etan. Julen Alberdik jokatuko du. 36 metroko frontoian, berriz, pilota egokituan Frantziaren aurka ariko da euskal selekzioa, 19:00etan. Ikusteko dago nortzuek jokatuko duten. Pala motzean, berriz, Espainia izango du aurkari, 21:00etan. Esteban Gaubeka eta Imanol Ibañez ariko dira. Baliteke laugarren domina irabaztea, emakumezkoen frontball-ean euskal selekzioak brontzea nork irabazi erabakitzeko partida jokatuko baitu Venezuelaren aurka, 14:00etan. Miren Larrarte edo Olatz Arrizabalaga ariko da.
Euskal selekzioak gutxienez 11 domina irabaziko ditu guztira, eta baliteke hamabi izatea. Gaur-gaurkoz, Espainia bakarrik du aurretik dominen sailkapenean: sei urre ditu Espainiak, eta lau euskal selekzioak. Gaur, Espainiak bost final jokatuko ditu, eta euskal selekzioak hiru.