Parekotasunik batere ez dute izan A serieko Binakako Txapelketan jokatu dituzten lehen bi partidek. Ostiralean, Aitor Elordik eta Iñigo Bikuñak nagusitasunez irabazi zieten Ander Muruari eta Julen Martijari Bilbon: 22-9. Gaur, berriz, are eta nagusitasun handiagoz irabazi dute Jon Ander Peñak eta Martxel Iztuetak Lizarran (Nafarroa): 22-7 hartu dituzte mendean Iñaki Artola eta Jon Ander Albisu.
Ostiraleko partidan, Bikuñaren nagusitasunak eta Elordiren eraginkortasunak ebatzi zuten lehia. Gaur, ordea, Artolak eta Albisuk egindako hutsek desorekatu dute neurketa. Hamalau huts egin dituzte bien artean: aurrelariak sei egin ditu, eta atzelariak zortzi. Ezinezkoa da horrenbeste huts eginda taxuzko zerbait egitea. Peña II.ak eta Iztuetak ez dute ikusgarri jokatu, baina ez dute horren beharrik izan txapelketako lehen garaipena lortzeko.
Galtzaileek egin dute neurketako lehen tantoa. Iztuetak kanpora bidali du pilota, tantoa hasi eta berehala. Atzelari tolosarrak ez du beste pilotarik huts egin. Hori aski ez, eta bi tanto egin ditu. Peña II.ak, berriz, sei egin ditu, eta bakarra huts egin. Aurrelari tolosarra Iker Larrazabalen ordez aritu da gaur, eta erakutsi du, Baikok nahi izan balu, bikote ederra osa zezakeela herrikidearekin. Hain zuzen, Peña II.ak egin duen lehen tantoa izan da bikote horren susperraldiaren abiapuntua: 0-1 zihoazen galtzen, eta sei tanto egin dituzte jarraian. Lehen tanto sorta izan da. Beste batzuk ere izan dira gero. Tanto horietatik gehienak aurkarien hutsez baliatuta lortu dituzte.
Artolak egin du galtzaileen lehen tantoa, 2-6koa. Alegiarra gogotik saiatu da. Ez dago konfiantza betean, baina inork ezin dio leporatu saiatzen ez denik. Albisu ere saiatu, saiatu da, baina ezinean aritu. Huts dezente egin ditu hasieran, eta horrek haren konfiantzari erasan dio. Azken binakakoan izugarri gozatu zuen, eta Unai Lasorekin txapela irabazi. Gaur, ordea, txanponaren beste aldea egokitu zaio.
Bihar, Erik Jakak eta Jon Mariezkurrenak Unai Lasoren eta Unax Landaren aurka jokatuko dute, Tolosan (Gipuzkoa), 17:15ean hasita (ETB1). Landa da berritasun bakarra txapelketan. Astelehenean, berriz, Dario Gomez eta Joseba Ezkurdia Javier Zabalaren eta Beñat Rezustaren kontra ariko dira, Eibarren (Gipuzkoa), 17:15ean (ETB1). Dariok Jokin Altuna III.a ordezkatuko du, amezketarrari ebakuntza egin baitiote sudurrean, eta oraindik atseden hartu behar baitu.
emakumezkoen lau eta erdikoak azken txanpan daude
Azken txanpan daude Emakume Master Cupeko eta Ados Pilotako lau eta erdiko txapelketak. Bihar, Master Cupeko finalerdiak jokatuko dituzte, Zeanurin (Bizkaia), 12:00etan (ETB1). Amaia Aldaik Enara Gaminderen aurka jokatuko du, eta Goiuri Zabaletak Aizane Barriolaren kontra.
Adosen lau eta erdikoan, berriz, zehaztuta dago zein lau pilotari ariko diren finalerdietan: Maddi Barrokalek Natale Aranbururen aurka jokatuko du, eta Leire Oskozek Ane Mendibururen kontra. Abenduaren 12an jokatuko dituzte partida horiek, Elgetan (Gipuzkoa), 18:00etan hasita.