Frantziako Tourra

Pinotek irabazi du Tourmaleten, eta Alaphilippe sendo agertu da buruan

Sei txirrindulari iritsi dira buruan Tourmaleteko azken metroetara; Tartean, Mikel Landa (Movistar). Thibaut Pinotek (Groupama-FDJ) erasoa jo du 300 metroren faltan eta inork ez du hari jarraitzeko indarrik izan. Julian Alaphilippek (Deceuninck-Quick Step) bigarren egin du, eta Steven Kruijswijk (Jumbo-Visma) izan da hirugarren.

Thibaut Pinot, Tourmaleteko gainean, etapa garaipena ospatzen. YOAN VALAT, EFE
2019ko uztailaren 20a
17:52
Entzun

Tourmaletek bere legea ezarri du beste behin, eta galbahea pasa dio tropelari. Txirrindulari bakoitzaren indarrak agerian gelditu dira, eta Alaphilippek aldapa gogorrenetan ere indartsuenekin aritzeko ahala duela erakutsi du. Atzo ezustekoa eman zuen erlojupekoa irabazita; gaur mendian ere elastiko horiari tinko eusteko asmo duela frogatu du. Buruan heldu den sei txirrindulariko taldean iritsi da helmugara, eta Pinotek soilik hartu dio aurre, 300 metrotara jo duen erasoari esker.

Landa ere indartsuenen taldean izan da. Erasoa joko zuela iragarria zuen, baina  baina ez du horretarako abagunea aurkitu. Movistarrek lana erruz egin du Tourmaleten gora. Erritmo bizia jarri du, eta, ondorioz, atzean gelditu dira sailkapen nagusian lehen postuetan diren hainbat txirrindulari. Adam Yates (Mitchelton-Scott), Romain Bardet (AG2R-La Mondiale), Dan Martin (UAE Emirates) eta Rigoberto Uran (Education First), besteak beste. Nairo Quintanak (Movistar) ere ezin izan dio bere taldekide Marc Solerrek jarritako erritmoari eutsi. Euskaldunen artean, Pello Bilbao (Astana) eta Jonathan Castroviejo (Ineos) gelditu dira faboritoen taldean atzeratuta. Landa, berriz, uneoro agertu da tropelaren buruan, ongi kokatuta. Erasoa noiz jo zain zegoela zirudien, baina amaieran indarra falta izan zaio.

Izan ere, Movistarren erritmo biziari segida sutsua eman dio David Gaudu 22 urteko gazteak (Groupama-FDJ). Ezarri duen abiadak sei asko murriztu du indartsuenen taldea. Alaphilippe sufritzen ibili da orduan, Tourmaleteko gaierako bost kilometro inguru falta zirela. Une batean, Gauduk erasoa jotzeko ausardia ere izan du, baina taldetik atzera gelditu da gero, ahituta.

Zortzi txirrindulari besterik ez ziren gelditzen buruan. Helmugatik kilometro bakarrera, Emanuel Buchmannek jo du erasoa (Bora-Hansgrohe), eta haren taldetik kanpo utzi du Geraint Thomas (Ineos) iazko irabazlea.

Azkenean, Pinotek erasora egin du 300 metro falta zirela, eta azken metroetan ez da izan hari jarraitzeko indar nahikorik izan duenik. Landa taldetik askatu da azken tarte horretan. Alaphilippek jarraitu dio gertuen Pinoten erasoari, eta bigarren izan da helmugan, sei segundora. Denbora berean iritsi da Kruijswijk hirugarren sailkatua ere. Zortzi segundora heldu dira Buchmann eta Egan Bernal (Ineos), eta, ondoren, Landa 14 segundora. Thomasek 36 segundoko galera izan du.

Sailkapen nagusian, Alaphilippek jarraitzen du lider. Harengandik 02:02ra dago Thomas, 02:14 Kruijswijk, hiru minutura Bernal eta 03:12ra Pinot. Landa da lehenengo euskal herritarra, 11. postuan, liderrarengandik 06:14ra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.