Pirataren pistolak bala bat zuen

Hondarribiak ezustean irabazi zuen igandean Moañan, haize boladek eta itsasaldiak besteei kalte egin ziela baliatuz

Joseba Amunarriz Hondarribiko patroia, bandera astintzen, herenegun, Moañako Opirata estropada irabazi ondoren. FARO DE VIGO.
Aitor Manterola Garate.
Zumaia
2011ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Opirata banderak izana gehitu zion izenari, eta arraunlariak piraten istorio batean baleude bezala gertatu ziren gauzak. Pirata eta armadako burua eta soldaduak aurrez aurre jarri ziren. Ezpatekin borrokatu eta gero, ikusirik garailerik ez zela egongo, pistola galdu bat azaldu zen begi bakarraren arropen artetik. Berak bazekien bala bakarra zuela, eta ederki baliatu beharra zeukan. Ezin zuen hutsik egin. Aurkariek espero ez zutenean, tiroa bota zien. Kopetan jo zuen jenerala. Armadako ontzia bereganatu, piraten bandera mastilaren puntan jarri, eta itsaso zabalean galdu zen pirata.

Hondarribiak antzeko zerbait egin zuen igandean Moañan (Galizia), San Miguel ligako laugarren estropada irabazteko. Bala bakarra zeukan. Bazekien horren jabe zela, eta ezin zuen hutsik egin. Lehenengo lana bere txandan aurrena izatea zen. Ederki bete zuen lana. Dotore arraun eginez, aise nagusitu zitzaien beste traineruei. Tokitan utzi zuen Pedreña, urrunago Orio, eta askoz atzerago Camargo. Tiroa ondo botata zeukaten hondarribiarrek. Gainontzekoa, bala bakarraren beste istorio honekin pareka daiteke: erruletaren jokoarekin. Halakoetan, zorte ona edukitzea ezinbestekoa izaten da. Horretan ere aldeko izan zuen guztia Hondarribiko traineruak.

Bigarren txandakoek lehen ziaboga eman zutenerako jakin ahal izan zen bala bakar horrek ez zuela Hondarribia jomuga. Txanda horretako eta azkeneko txandako traineruen bila atera zen, bizi, ziztuan. Haize aldaketaz mozorrotu zen bala, eta itsasaldi aldaketaren jantzia ere soinean eraman zuen. Bete-betean jo zituen zortzi ontzi horiek. San Juanek, Tiranek, San Pedrok eta Zumaiak denbora asko galdu zuten Hondarribiarekiko, eta Zumaiak, esaterako, Oriok eta Camargok baino denbora txarragoa egin zuen.

Hirugarren txandakoak ere haizearen aurka ibili ziren lehian. Ezin gerturatu ere egin eguneko marka onena egin zuen ontziaren denborara. Ez Astillero, ez Urdaibai, ez Kaiku eta ez Castro. Zorte onaren jokoa izan zen igandekoa, eta garailea lehen txandakoa izango zela erabaki zuen. Beste guztiak akabatu egin zituen zorte txarraren balak. Baina den-denak ez zituen hil. Astillero ondo bizirik utzi zuen, San Miguel ligako sailkapeneko buruan. Ez da ligako azkeneko bala galdua izango Galiziakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.