Ederrak dira Frantziako Tourreko etapa guztiak. Bakoitzak bere xarma dauka, baina Pirinioetako lasterketek badute zerbait berezia. Badute aparteko erakargarritasuna. Errepideetako animo arrastoak, jendearen ilusioa, ziklisten pedal kolpeak... Gauza guztiek egiten dute bat txirrindularitzaren gailur maitatuenetan. Hitz batean, sufrimenduak gozamen bihurtzen diren tokia dira Pirinioak. Jende anda biltzen da urtero hango aldapa ikusgarrietan, eta gaur-biharretan ere ez da halakorik faltako. Tourra maldarik gaiztoenetan sartuko da, eta ikusiko da nortzuek egiten duten irribarre. Pirinioek beti ematen dute zer esana, eta beste behin, izango da zer gozatua.
Bradley Wiggins (Sky) egongo da denen begiradapean. Harengan jarriak egongo dira telebistako kamerak ere. Harengan, edo bestela esanda, Sky taldean.Christoper Froome taldekidea bizkartzain duela, maillot horiari eustea izango da britainiarraren helburua. Ez dirudi helburu zaila duenik, baina baliteke kontrariorik gogorrena etxean bertan edukitzea. Froomek erakutsi du oso indartsu dagoela, eta deskuiduan Wigginsek huts egiten badu, jai izango du. Asteon esana dute, ordea, Tourra Wigginsek irabazi behar duela. Eta talde bateko zuzendariaren esanak ez dira esanak soilik, aginduak baizik.
Beraz, Sky taldeak joko du musika aldapetan gora, eta gainontzekoek hartuko dute dantzatzeko ardura. Faboritoen artean, ohiko izenak espero dira aurrean, Wigginsekin eta Froomekin batera: Cadel Evans (BMC), Vincenzo Nibali (Liquigas), Jurgen Van den Broeck (Lotto), Haimar Zubeldia (RadioShack), Tejay Van Garderen (BMC)... Izen eta izan handiko txirrindulariak dira, baina orain arteko lanak ordaina eska diezaioke bati baino gehiagori. Evansi, esaterako. Ez da fin aritu malda agertu den azken etapetan, baina iaz ez zuen Tourra kasualitatez irabazi, eta erne ibili beharko dute gainontzekoek. Izan ere, orain arte bezain oldarkor jokatzen badu, baliteke erasoa urrundik jotzea.
Aubisque, Tourmalet...
Aukera faltarik, behintzat, ez du izango. Lau mendate gaindituko ditu gaur tropelak 197 kilometroko etapan, eta horietako bi mailaz kanpokoak: Aubisque eta Tourmalet. Aubisque izango da eguneko lehena. 16,5 kilometro da luze, eta batez beste %7,1eko pendiza du. Hasieran nahiko etzana da, baina 7. kilometrotik aurrera izango da zalaparta. Mendate hori 53. kilometroan dago, eta ondoren etorriko da Tourmalet mitikoa. Azken urteetan ez da erabakigarria gertatu, baina 19 kilometroko aldapa batek zer esan asko eman dezake. Eguneko ihesaldia epaileak baimena eman bezain laster osatuko da, baina Tourmaletek bakoitza dagokion lekuan jarriko du. Lehenago izaten ez bada, faboritoen artean mugimendua izango da.
Eta bi mendate horietan aukera baliatzen ez duenak, ondoren edukiko du ahalegintzeko aukera. Aspin izango da eguneko hirugarren mendatea, lehen mailakoa. 12 kilometro dauzka, eta nahiko etzana den arren, tarteka baditu koska gaiztoak. Azkenik, berriz, Peyresourde igo beharko dute txirrindulariek, hura ere lehen mailakoa. Helmuga baino hamabost kilometro lehenago dago mendatea, eta, batez beste, %6,7ko pendiza du. Hori bai, %11koak ere baditu artean. Beraz, ez da arnasa lasai hartzeko betarik izango.
Nibalik eta Van den Broeckek ia ziur egingo dute eraso ahaleginen bat, podiumaren lehian sartzeko aukerari heltzeko. Zubeldia onenei eusten saiatuko da, eta Egoi Martinez eta Gorka Izagirre Euskaltel-Euskadikoak ihesaldian sartzen. Gauza asko erabakiko dituzte maldek, bai gaur eta bai bihar. Zalantzarik gabe, hitzekoa da Pirinioen hitza.
Txirrindularitza. Frantziako Tourra
Pirinioen hitza, hitzekoa
Bradley Wiggins lider dela ekingo dio tropelak Pirinioei gaur-biharretan, eta irabazlea ez ezik, Tourreko podiuma ere erabaki daiteke
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu