Plazera izan da, Abel

Abel Barriolak gaur jokatuko du profesional mailako azken partida, Donostian. Pilotalekua goraino beteko da azken bi hamarkadetako pilotaririk maitatuenari ohore egiteko.

Imanol Magro Eizmendi.
2017ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Asteak dira sarrerak bukatu zirela. Aspeko bulegoetako telefonoak gainezka egin du sarrera eskaerekin, baina Atano III.a txiki baino txikiago gelditu zaie gaurko. Miresmena, izan ere, ezin da erosi, urtez urte lantzen da, eta Abel Barriolak uzta oparoa jasoko du gaur. 19 urteko ibilbidearen ondoren, gaur eskegiko du gerrikoa, Lehen Mailako hiru tituluko palmaresarekin eta azken bi hamarkadetako pilotaririk maitatuena izatearen txapelarekin.

Maitasun kolektiboa subjektiboa da; ez dago hura neurtzeko makinarik, baina ez da pilota soziologian aditua izan behar jakiteko pilotari gutxik sortu dutela Barriolak adinako miresmenik. Profesionaltasun eredu izan da; ez zaio une garratzik falta izan bere ibilbidean, eta beti irribarre ezabaezin batekin egin die aurre. 39 urte betetzear dagoela, pilota uztea erabaki du. Nahi izan balu, udan jarraitzerik izango zuen, baina berak erabaki du non, nola eta noiz erretiroa hartu. Altuna III.a izango du lagun azken partidan, eta Ezkurdia eta Merino II.a aurkari —hil bukaeran partida batzuk jokatuko ditu Bakersfielden (AEB)—.

Barriolarena superazio istorio bat da. Zazpi aldiz erori eta zortzitan altxatu denarena. Lesioek oso gogor jo dute, zazpi final galdu zituen jarraian, eta bulegoetatik bizkarreko bat baino gehiago hartua da. Baina leitzarra beti itzuli da. 2002an buruz burukotxapela jantzi zuen, Ruben Belokiri 22-3 irabazita. Burlatakoa baino lau urte gazteagoa da, eta belaunaldi berriko lehen txapelduna izan zen. Finalean erakutsitako nagusitasuna ikusita, urte askorako txapeldun izango zela zirudien, baina ez zen hala izan: Irujo, Olaizola II.a eta enparauen loraldiagatik batetik, eta bere buruari ezartzen zion gehiegizko presioagatik bestetik, murriztu egin zen haren palmaresa.

Barriolak 19 urte egin ditu puntan. Banakako lehietan nabarmendu da, lau t'erdian zein buruz buru. Debuta ere buruz buru egin zuen, Galarza IV.aren aurka, Tolosan, inauteri igandean. Bezperan, Unanue eta Errasti binakako txapeldun izan ziren, eta hurrengo egunean Aspe sortu zen. Finaletan, baina, bere maila ematea kosta izan zaio. Zazpi galdu zituen jarraian: buruz buruko bi (2007 eta 2008) eta lau t'erdiko bost (2002, 2004, 2006, 2007 eta 2010). Bereziki mingarriak izan ziren 2008ko buruz burukoa, Bengoetxearen aurka (22-11), eta 2010eko lau t'erdikoa, Titinekin (22-15). Bietan faborito garbia zen. Bolada txarra, baina, 2014an amaitu zen, Irujorekin binakako txapeldun izan zenean (22-13). Hiru txapelketetako txapelen bilduma duten pilotarien klubeko kide da.

Barriolaren aurkari gogorrena, dena den, lesioak izan dira. Arazo fisikoek ibilbideko lau urte baino gehiago lapurtu dizkiote. Debutatu aurretik bederatzi hilabete egon zen geldirik eskuko minaren ondorioz, eta, geroago, 2005ean, eskuko ebakuntza egin behar izan zioten fibrosi bat kentzeko. Urtebete egin zuen geldirik, eta 2006an pilota uzteko zorian egon zen. Uda hartan hobera egiten ez bazuen pilota utziko zuela adostu zuen Asperekin. Zorionez, eskuetako babesak beste modu batera jartzen asmatu, eta haren ibilbideko hiru urte onenak etorri ziren, 2009ko apirilean eskuineko belauneko lotailuak hautsi zituen arte. Konplikazioen biktima, urtebete egin zuen geldirik. Gerora etorriko zen 2011ko eskumuturreko ebakuntza: beste sei hilabete. Orbainez beteriko gorputza du, baina guztien ondoren zulotik irten da, baita puntara itzuli ere.

Eskumuturreko ebakuntzaren aurretik, Barriola albiste izan zen. Binakako finalerako sailkatu, eta zuntz haustura txikia izan zuen ezker hankan. Astebeteko atzerapena eskatu, eta Enpresen Ligak ukatu egin zion. Leitzarrak harreman ona izan du enpresarekin, baina beti ez dira justuak izan berarekin. Barriola 2003an pasatu zen Asegarcetik Aspera, eta 2007an enpresak bere eskuaren inguruko txosten mediko sakona eskatu zuen kontratua berritzeko. Barriolak, baldintza hobeak merezi zituela sinetsita, urte bakarrerako berritu zuen bakarrik. Ausardiak saria izan zuen.

Pilotalekuetatik kanpo oso ohikoa izan da hura pilota elkarteekin elkarlanean ikustea. Euskaltzale porrokatua da, eta behin baino gehiagotan eskaini du bere burua euskararen aldeko kanpainetan, batez ere Nafarroan. Kirol eredu, gertuko pertsona eta konpromisoduna. Euskaldunon Egunkaria itxi zutenean, Barriola izan zen babesa eskaini zuten kirolarien bozeramailea. Horrela landu du Abelek gaur bueltan jasoko duen maitasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.