Esaerak hala dio: ekaitzaren ostean datorrela barealdia. Espainiako Vueltak ezin esan dezake halakorik, bigarren egunez jarraian gogor astindu baitu ekaitzak. Kazkabarraren ondorioz lasterketa bertan behera geratu bazen atzo, bestelako ekaitz bat agertu da gaurkoan, Tadej Pogacar izenekoa. Helmugarako 50 kilometro falta zirela erasoa jota, bakar-bakarrik egin du azkenerainoko bidea UAE taldeko txirrindulari esloveniarrak, eta guztiz bideratuta utzi du Vuelta lehen aldiz irabazteko helburua, hiru minututik gorako aldea ateratzen baitie gainerako faboritoei sailkapen nagusian. Beste behin, egun handietako erakustaldia eman du, eta hasi ordurako emoziorik gabe utzi du itzulia. Irailaren 13ra bitarte bide luzea du Vueltak, baina, zoritxarrik ez badu behintzat, Pogacar izango da podiumaren gorenean. Hori baieztatzen badu, historian hiru itzuli handiak irabaztea lortu duen bederatzigarren ziklista bihurtuko da.
Etxean bezala sentitu da Pogacar hasieratik. Izan ere, Andorra la Vellan hasi eta bukatu da Vueltako laugarren etapa, eta Andorrako errepideak maiteak ditu esloveniarrak. 2019an, zehazki, Andorran lortu zuen itzuli handi bateko lehen etapa garaipena, artean 20 urte besterik ez zituela. UAE taldeak beste lider batzuk bazituen, baina sekulako hasiera izan zuen Pogacar gazteak, eta mugarri bihurtu zuen garaipen hura. Sailkapen nagusian hirugarren postuan amaitu zuen azkenean, eta gazterik onenaren saria ere irabazi zuen. 2019tik berriro parte hartu gabe zegoen Vueltan, eta esana zuen gaurko etapa begiz joa zuela. Esan eta egin. Frantziako Tourrean berriki egin bezala, lehen egunetan ederki bideratu ditu lanak, eta baliteke aurrerantzean kontrol lana egitea aski izatea itzuliaz jabetzeko.
Vueltako etaparik laburrena izaki, tropelean hasieratik nagusitu da erritmo bizia, eta ihesaldi ahaleginak etengabeak izan dira. 105 kilometro osatu behar izan ditu tropelak, lau mendate gaindituta: aurreneko hirurak Lehen Mailakoak, eta, azkena, Hirugarren Mailakoa. Jende asko mugitu da hasieratik, eta azkenean dozena bat laguneko taldeak lortu du aldetxoa. Izen handiko txirrindulariak saiatu dira eguneko ihesaldiari bide egiten, eta Envalira eguneko lehen mendate gainean minutu inguruko aldea izan dute. Dena den, ametsak ez die asko iraun, Decathlon taldea fin eta zorrotz jardun baita lanean, Felix Gall taldeburuaren mesedetan. Hortaz, helmugarako 65 kilometro falta zirela amaitu da ihesaldia. Â
«Lasaiago» ariko da orain
Tropelak elkarrekin ekin dio eguneko bigarren mendateari: Beixalisi. Aurrez bezala, Decathlonek hartu du aginte makila, baina azkar hartu du ezustean Pogacarrek, maldarik gogorrenak iritsi direnean erasoa jo eta suziri baten moduan abiatu baita esloveniarra. Gallek eutsi egin dio haren gurpilari metro batzuez, baina ez du gaitasunik izan beste ezertarako. Mundu guztiak bazekien non joko zuen erasoa Pogacarrek, baina inork ez dio itzalik ere egin. Aise lortu ditu metroak, eta Ordino eta La Comella eguneko beste bi mendateak ere arazorik gabe gainditu ditu, erlojupeko moduko batean ari balitz bezala. Gainerako faboritoekiko aldea handituz joan da pixkanaka, eta, azkenean, kasik hiru minutuko tartea atera dio atzeko taldeari helmugan.
Hain zuzen, emozioa bigarren talde horretan nagusitu da, euren artean izango baitute jokoan Vueltako podiuma. Elkar ongi hartu dute denek, eta inork ez du denbora askorik galdu. Hala, Primoz Roglic (Red Bull) dago sailkapen nagusiko bigarren postuan, 3.21era, eta Enric Mas (Movistar) jarri da hirugarren, 3.45era. Gainerako faboritoak ere gertuan daude. Pogacarrek, berriz, aurreratu du lasaiago jardungo duela hurrengo etapetan. «Denbora tarte polita daukat, eta horrek modua emango dit lasaiago aritzeko». Â