FRANTZIAKO TOURRA

Pogacar garaile, laugarrenez

Tourreko hautagaien artean onena izan da esloveniarra, beste behin ere, eta Del Toro taldekidea izan du atzetik Le Marksteineko helmugan. Seixas bikain aritu da, eta hirugarren amaitu du, Vingegaarden aurretik. Pogacarrek 4.30eko abantaila du dagoeneko.

Tadej Pogacar, garaipena ospatzen. THIBAULT CAMUS / EFE
Tadej Pogacar, garaipena ospatzen. THIBAULT CAMUS / EFE
enaut agirrebengoa
2026ko uztailaren 18a
18:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Garaipenak aise lortzen ditu Tadej Pogacarrek (UAE). Hainbeste, ezen irabazteaz gain, beste kezka bat baitu: Isaac del Toro taldekidea babestea edo, behintzat, hari ahalik eta kalterik txikiena egitea. Horregatik, neurriz jokatu du gaur, Tourreko hamalaugarren etapan, eta erakustaldia amaiera alderako utzi du. Sua lehenago piztu izan balu, Del Toro kiskaltzeko arriskua izango zukeen. Horregatik, helmugatik 7,5 kilometrora egin du eraso, Haag mendatearen azken txanpan. Kalkuluak bikain atera zaizkio, Del Torok Paul Seixas (Decathlon) eta Jonas Vingegaard (Visma) harrapatu baititu. Eta ez hori bakarrik: gailendu egin zaie esprintean. Mexikarra bere buruzagiarengandik 38 segundora heldu da. Hirugarren Seixas iritsi da, eta laugarren, Vingegaard, indarrez hustuta.

Pogacarrek bazekien zer zen Le Marksteinen irabaztea; 2023an ere besoak altxatu zituen helmuga horretan. Oraingoan, ordea, horiz jantzita nagusitu da. Soilik ezbehar batek ken diezaioke liderraren elastikoa, Vingegaard 4.30era baitu dagoeneko. Danimarkarrak bideratzaile lana egin dio Pogacarri Haag mendatean, hark ezarri baitu erritmoa onenen multzoan. Del Torok bertan irautea nahi zuen Pogacarrek, eta, horregatik, amaierarako utzi du bere ohiko eraso gartsua. Behin eta berriz begiratu du atzera, mexikarraren bila.

Gailurrera bidean hogei segundoko tartea hartu du, eta, ohi legez, aldea are gehiago handitu du mendatearen osteko zatian. Berriz ere, ukiezina izan da. Remco Evenepoel (Soudal) menderatzea ere zaila da, aldapan gora sufritu arren. Bosgarren izan da gaur, eta nagusian hirugarren dago, 5.04ra. Seixasek, berriz, laugarren postura egin du jauzi; 5.19ko atzerapena du.

Frantziarrak Tom Pidcocki (Pinarello) kendu dio laugarren postua. Atzo jauzi handia egin zuen Pidcockek, ihesaldia harrapatuta, baina ezin izan die onenei eutsi. Etaparen hasieran, bezperako apustua egin du berriro: beste 25 txirrindularirekin batera egin du alde. Erauntsia izan dute abiatu orduko, txingor eta guzti, baina ziklistak ez dira kikildu. Lehen kilometroetan Grand Ballon igo dute, lehen mailakoa, eta ihesaldia zatikatu egin da tontorretik igaro ondoren. Pidcock alboan izatea kaltegarria zen etapa ehiztarientzat, hura gertutik zaindu nahi baitzuen tropelak.

Horiek horrela, Pageko igoeran seikote bat elkartu da, beste iheskideak atzean utzita: Richard Carapazek eta Ben Healyk (Education), Tobias Johannessenek eta Anders Johannessenek (Uno-X), Valentin Paret-Peintrek (Soudal) eta Einer Rubiok (Movistar) osatu dute. Tontorrean, 84 kilometro geratzen zitzaizkien helmugara iristeko, eta 1.50era zuten Pidcocken multzoa; tropela, berriz, 3.10era zetorren.

Haagen erabaki da

Ballon d’Alsace igo dute gero, eta hurrena, Haag. Mendate hori lehen aldiz agertu da Tourraren ibilbidean, eta epaile lana egin du gaurko etapan. Carapaz eta Tobias Johannessen tontorretik 2,3 kilometrora harrapatu dituzte; ordurako, tiraka ari zen Vingegaard. Evenepoel urruntzea zuen helburu, baina, era berean, gauzak erraztu egin dizkio Pogacarri. Esloveniarra eta daniarra ez dira buruz buru aritu, Seixasek harrapatu egin baitu Vingegaard, eta Del Toro ere batu da festara. Pogacarrek, ordea, inongo eragozpenik gabe lortu du garaipena; laugarrena du aurtengo Tourrean, eta 25.a lasterketa horretan.

Eskalatzaileek beste azterketa bat izango dute bihar, Champagnolen hasi eta Plateau de Solaison mendatean amaituko den etapan. Igoera horri aurrenekoz egingo dio aurre Tourreko tropelak, eta txirrindulariek hortzak estutu beharko dituzte goraino iristeko: 11,3 kilometro da luze, eta pendiza %9koa du batez beste.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA