Pogacar: jarrera ezberdina, emaitza berbera

Esloveniarrak laugarrenez irabazi du Tourra. Inoizko aldirik azkarrena izan da, eta esloveniarra ohi baino nekatuago iritsi da bukaerara. Hala ere, nagusitasun ukaezinez eskuratu du maillot horia. Pirinioetan lasterketa hautsi, eta aise eutsi dio gero.

Tadej Pogacar, podiumean, bizikleta eskuetan duela. MARTIN DIVISEK / EFE
Tadej Pogacar, podiumean, bizikleta eskuetan duela. MARTIN DIVISEK / EFE
enaut agirrebengoa
2025eko uztailaren 28a
12:49
Entzun 00:00:0000:00:00

Nekearen nekez, Tadej Pogacarrek (UAE) ez du erakutsi bere-berea duen estilo txinpartatsu hori Tourreko azken etapetan. Parisen oldarkor aritu zen, Montmartreko aldapa baliatu nahian. Alabaina, salbuespena izan zen hori. Alpeetan, ohi baino apalago jardun du txirrindulari esloveniarrak. Nekea fisikoa izan da, baina baita mentala ere. «Lasterketa luze egiten ari zait», esan zuen La Plagneko helmugara iritsi berritan, eta hau gaineratu: «Zenbatzen ari naiz Parisera iristeko zenbat kilometro geratzen diren». Bada, atzo heldu ziren Frantziako hiriburura, eta lanari ekin aurretik, Tourrean «estres handiegia» dagoela adierazi zuen txapeldun esloveniarrak.

Txapeldun hitza nahitaez erabili behar da Pogacar aipatzean, beste behin ere Tourreko ziklistarik indartsuena izan baita, nekeak neke. Eta alde handiz, gainera: 4.24 atera dio bigarren sailkatuari, Jonas Vingegaardi (Visma). Danimarkarrari hiru aldiz irabazi dio buruz buru, eta aurten atera dio alderik txikiena —2021ean bost minuturen aldea atera zion, eta 2024an sei minuturena—. Edonola ere, argi geratu da Pogacar koska bat gorago dagoela. Haren egunik makalenetan ere, Vingegaardek ezin izan du atzean utzi. La Plagneko gainsariak kenduta, Vismako taldeburuak ez dio segundo bakar bat ere kendu UAEko liderrari.

Pogacarren txakalaldiak iraganeko kontua dira. La Lozeko hondamendia mugarria izan zen esloveniarrarentzat, eta azken bi urteetan txirrindulari sendoagoa eta helduagoa bilakatu da. Hainbesteraino, ezen ia garaiezina baitirudi gaur egun. Batez ere, pedalei pasioz eragiten dienean. Tourraren amaieran, itzali egin zaio grina. Jolastokia bulego bilakatu da Pogacarrentzat. Haatik, estresak eta nekeak gozamenari gaina hartu aurretik, erakustaldi ederrak egin ditu maillot horiaren irabazleak. Klasiko itxurako etapa dezente jokatu zen lasterketaren hasieran, eta horietako batean, bere ibilbideko ehungarren garaipena lortu zuen: Rouenen izan zen, laugarren egunean. Mathieu van der Poeli (Alpecin) gailendu zitzaion, klasikoetako bere nemesisari. Hiru egun geroago lortu zuen bigarren garaipena, Murren.

Lau etapa zakuratu ditu orotara; bilduma Hautacamen eta Peyragudesen osatu zuen. Irabazteaz landa, urrats handiak egin zituen bi egun horietan. Pirinioen ostean, ebatzita geratu zen maillot horia eskuratzeko lehia. Vingegaard hiru kolpe zitalekin menderatu du Pogacarrek, eta mendiko etapen aurretik eman zion lehena: bosgarren eguneko erlojupekoan, hain zuzen. Dauphinen dezenteko atzerapena izan zuen bakarlanean, baina oso bestela gertatu zen Caeneko saioan: Pogacarrek soilik Remco Evenepoel (Soudal) izan zuen aurretik, eta minutu baten aldea atera zion Vingegaardi.

Pitzadura horrek bide eman zion Hautacameko hausturari. 2022an gertaturikoa atzendu, eta Pogacarrek bakeak egin zituen mendate horrekin. Nagusitasun harrigarria erakutsi zuen, aurreko urtean Plateau de Beillen eta Isola 2000n bezala. Areago, Vingegaardek atzerapen handiagoa izan zuen Hautacamen, bi igoera horietan baino: bi minutu baino gehiago galdu zituen lasterketako liderrarekin alderatuta. Baten ezina eta bestearen ekina nahastu ziren. Jonathan Narvaezek ordekako esprinta balitz bezala prestatu zuen Pogacarren erasoa. Buruzagiak helmugatik 11 kilometrora piztu zuen sua, eta hor amaitu zen etapa. Baita Tourra ere. Eta zalantzarik bazen, arrakala are gehiago zabaldu zen Peyragudeseko kronoigoeran.

Markak apurtzeko bidean

Pogacar balazta sakatuta ibili da Alpeetan. Nekeak zerikusia izan du. Azken batean, Tourraren historiako aldirik azkarrena izan da: batez beste, orduko 42,85 kilometroko abiaduran osatu dute lasterketa. Alta, uko egin dio etapa batzuk irabazteari, edo itxura hori eman du behintzat. Vingegaarden erasoei istant batean erantzun die, baina barkabera izan da iheslariekin. Aski izan ditu aurrez lortutako lau garaipenak. Tourrean 21 etapa irabaziak ditu dagoeneko; etapa gehien irabazi dituztenen artean seigarrena da. Orain arteko erritmoari eutsita, gai izango da Mark Cavendishek ezarritako 35 garaipenen langa gainditzeko.

Beste erronka handi bat ere badu: Tourra bosgarrenez irabazi, eta, hartara, lasterketaren gailurrean Eddy Merckx, Jaques Anquetil, Bernard Hinault eta Miguel Indurain harrapatzea. Laugarren Tourra 26 urterekin lortu du, beste inork baino lehenago. Eta beste berezitasun bat ere izan du aurtengo garaipenak: historian bosgarrenez, munduko txapelduna txapeldun izan da Tourrean ere. Pogacarrek sei aldiz jokatu du Tourra, eta beti igo da podiumera. Bolada historikoa da.

Gaur egun, Vingegaard da apur bat hurbildu dakiokeen bakarra. Beste guztientzat ukiezina da: 11 txirrindulari kenduta, beste guztiei ordubete baino gehiagoren aldea atera die. Halakorik ez da ikusi 1969az geroztik, Merckxek Tourra lehenengoz irabazi zuenetik, alegia. Harekin geroz eta maizago alderatzen dute Pogacar, eta normala da, marka guztiak apurtzen ari baita. Esloveniarraren helburua, ordea, ez da historia liburuetan agertzea, bere pasioaz gozatzea baizik. Eta irrika galtzen ari da pixkanaka, Parisko etaparen aurretik iradoki zuenez. «Ez dut uste luzaro jarraituko dudanik. Los Angelesko Olinpiar Jokoak ditut jomugan, eta hiru urte barru jokatuko dira. Baliteke horren ondoren erretiroan pentsatzen hastea. Ikusiko dut».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.