Txirrindularitza. Frantziako Tourra

Tadej Pogacarrek irabazi du Frantziako Tourra, laugarren aldiz

Wout van Aert izan da nagusi azken etapa ikusgarrian, Montmartren Pogacar bera atzean utzita. Vingegaard izan da bigarren sailkapen nagusian, eta Lipowitz hirugarren.

Tadej Pogacar Parisko helmugan, gaur. MARTIN DIVISEK / EFE
Tadej Pogacar Parisko helmugan, gaur. MARTIN DIVISEK / EFE
Paulo Ostolaza.
2025eko uztailaren 27a
20:35
Entzun 00:00:0000:00:00

Ikusgarria izan da aurtengo Frantziako Tourra, eta ikusgarria izan da azken etapa ere. Txirrindulariek amaiera biribila eman diote itzuliari, ikuskizun bikaina emanda. Wout van Aert (Visma) izan da azkarrena Parisko kaleetan, Tadej Pogacar (UAE) atzean utzita Montmartreko mendixkan izan duten buruz burukoan. Esloveniarrak irabazi du Tourra, laugarrenez egin ere, eta, gainera, erakutsi du anbizioari eusten diola oraindik ere: azken etapa irabazten ere ahalegindu da. Van Aertek soilik menderatu du.

FRANCE CYCLING (3)
Wout van Aert Parisko helmugan, garaipena ospatzen. MARTIN DIVISEK / EFE

Gaurkoa ez da Parisen amaitzen den ohiko etapa izan. Antolatzaileek Eliseoko Zelaietako zirkuitu laua moldatu dute, eta txirrindulariek hiru aldiz igo behar izan dute Montmartreko mendixkara. Iazko Olinpiar Jokoetako errepideko proban igoera erabakigarria izan zen hori, eta halaxe izan da gaur ere. Han ebatzi da etapa, eta, azken hogei urteetan lehen aldiz, ihesaldia amaieraraino iritsi da.

Sei ziren iheskideak, izen handiak tartean: Van Aert, Pogacar, Jorgenson (Visma), Mohoric (Bahrein), Ballerini (Astana) eta Matteo Trentin (Tudor). Azken hamar kilometroetan hiru aldiz egin du eraso Jorgensonek; ez du taldetxoa haustea lortu, baina bai lasterketa gogortzea. Eta litekeena da hori Van Aerti laguntzeko estrategiaren parte izatea.

FRANCE CYCLING (4)
Ihesaldiko txirrindulariak Montmartren gora, gaur. TERESA SUAREZ / EFE

Helmugarako sei kilometro falta zirela, Montmartre igotzen hastearekin batera, Pogacar jarri da buruan eta, eserita, erasoari ekin dio. Van Aertek soilik eutsi dio haren erritmoari, eta, askoren harrigarri, flandriarra bera izan da Pogacar gurpiletik atera duena. Azkenaldian Van Aert ez zebilen duela bizpahiru urteko mailan, baina gaur erakutsi du zer-nolako txirrindularia den. Bakarrik helmugaratu da, eta behar bezala ospatu du Tourrean lortu duen hamargarren garaipena, Eliseoko Zelaietan poltsikoratu duen bigarrena —2019. urtean ere gailendu zen, esprintean—. Etapan, Ballerini izan da bigarren, eta Mohoric hirugarren.

Pogacarren laugarrena

Haien atzetik helmugaratu da Pogacar, laugarren, baina irribarrea ahoan eta sailkapen nagusiko garaipena ospatuz. Ez da gutxiagorako. Laugarrena du; aurten, gainera, lau etapa irabazi ditu, eta mendiko sailkapenean ere nagusi izan da.

Sailkapen nagusian bigarren izan da Jonas Vingegaard (Visma), aurtengo saioko aurkari duina, lau minutu eta 24 segundora. Danimarkarra ez da Pogacarren mailari iritsi, baina beste behin ere erakutsi du goi mailako txirrindularia dela. Horren erakusgarri, hirugarren sailkatuari sei minutu eta erdi baino gehiagoren aldea atera izana.

FRANCE CYCLING (2)
UAEko txirrindulariak Parisen, Tourra amaitu berritan. YOAN VALAT / EFE

Florian Lipowitzek (Bora) amaitu du hirugarren. Alemaniarrak 24 urte ditu, lehen Tourra zuen, eta hura gailendu da gazteen sailkapenean. Datozen urteetan kontuan hartu beharko da haren izena. Oscar Onleyk (PostNL) amaitu du laugarren, eta Felix Gallek bosgarren (Decathlon). Lehen euskalduna Ion Izagirre (Cofidis) izan da, 69. postuan.

Taldekako sailkapena Visma taldeak irabazi du; erregulartasunaren elastiko berdea, Jonathan Milanek (Lidl-Trek); lehiakorrenaren saria, Ben Healyk (Education First); eta taldekide onenarena, Quinn Simmonsek (Lidl-Trek).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.