Txirrindularitza

Pogacarrek hirugarrenez irabazi du Vueltan, Mas gurpilean zuela

Movistarrekoak harrapatu egin du liderra azken mendatean, baina esloveniarrak esprintean irabazi dio. Sailkapen nagusian, Pogacar da lider, eta Mas bigarren, Roglic gainditu baitu.

Tadej Pogacar. JAVIER LIZON / EFE
Tadej Pogacar, garaipena ospatzen gaur, Castello de la Planan. JAVIER LIZON / EFE
Julen Etxeberria.
2026ko abuztuaren 27a
17:42
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irabazi eta irabazi dabil Tadej Pogacar (UAE) Espainiako Vueltan. Sei etapa jokatu dituzte, eta hiru irabazi ditu txirrindulari esloveniarrak: lehena, eta azkeneko biak. Gaur, hala ere, ez du erakustaldirik egin, ez baita bakarrik helmugaratu. Erasoa jo, jo du, azken mendatean, Lehen Mailako El Bartolon. Hamasei txirrindulari zeuden ihesean une horretan, tartean Pello Bilbao (Bahrain) eta Urko Berrade (Kern Pharma). Minutu eta erdi pasatxoren aldea zuten, baina Pogacarrek ezerezean utzi du alde hori. Bakarrik geratu da lasterketa buruan, baina azken urteetan ikusi gabekoa gertatu da: behetik gora eginda harrapatu dute mendate batean. Hain zuzen, Enric Masek (Movistar) harrapatu du. Jaitsieran, sustoa izan du esloveniarrak, errepidetik atera baita. Baina berehala harrapatu du Mas. Azkenean, biak iritsi dira helmugara, eta esprintean Pogacar gailendu da.

Handik 47 segundora iritsi dira Ramses Debruyne (Alpecin), Harold Tejada (Astana), Richard Carapaz (Education First), Felix Gall (Decathlon) eta Primoz Roglic (Red Bull). Sepp Kuss (Visma), Oscar Onley (Ineos) eta Mattias Skjelmose (Lidl), berriz, 1.38ra helmugaratu dira. 

Sailkapen nagusian, lehen postuan dago Pogacar. Mas da orain bigarren, 3.34ra; Roglic hirugarren, 4.21era; Carapaz laugarren, 4.50era; Gall bosgarren, 4.55era; Kuss seigarren, 5.36ra; Onley zazpigarren, 5.37ra; Debruyne zortzigarren, 5.40ra; Skjelmose bederatzigarren, 5.58ra; eta Tejada, hamargarren, 6.30era. Ibon Ruiz (Kern Pharma) da lehen euskal txirrindularia, 22. postuan, 16.10era. Markel Belokik (Education First) erretiroa hartu du gaur.

Bihar ere saltsa espero da, Lehen Mailako mendate batean bukatuko baita etapa: Aramon Valdelinaresen. Hamar kilometroko luzera du, eta %6ko batez besteko pendiza. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA