Tadej Pogacar eslobeniarrak irabazi du 2020. urteko Frantziako Tourra. Txirrindulariak 22 urte beteko ditu gaur, eta larunbatean egin zion oparia bere buruari: elastiko horia orduan jantzi zuen lehen aldiz. Txirrindularitza zaleek ez dute berehalakoan ahaztuko Pogacarrek egindako erlojupekoa. Atzo, ohikoa den moduan, ibilaldi soil bat izan zen lasterketako irabazlearentzat, eta, hala, Tourra irabazi duten txirrindulari gazteenetan bigarrena bilakatu da UAE Emirates taldeko liderra.
Eslobeniar batek Frantziako Tourra irabazten duen lehen aldia da, baina aurtengoan argi zegoen hala gertatuko zela. Primoz Roglicek sailkapen nagusia aise irabaziko zuela zirudien larunbata baino lehen —eslobeniarra da hura ere—, baina eskuetatik kendu zion altxorra bere herrikideak, eta atzo biak igo ziren Parisko podiumera, Richie Porte australiarrarekin batera. Portek ere, 35 urterekin, ezustekoa eman du hirugarren sailkatuta. Askok onenak emanda zituela uste zuten, baina larunbatean erlojupeko bikaina egin eta hirugarren kokatzea lortu zuen.
Mikel Landak ere gertu izan du podiuma. Mungiakoa laugarren izan da sailkapen nagusian, euskaldunik onena, eta, azken aurreko etapan postu bat gora egin zuen arren, ez du lortu lehen hiru sailkatuen artean sartzea. Landaren ostean, haren taldekide Pello Bilbao izan da euskaldunik onena sailkapen nagusian: hamaseigarren amaitu du.
Pogacar, hiru aldiz
Pogacar, gainera, hiru bider igo zen sariak jasotzera, sailkapen nagusiaz gain mendiko saria eta gazte onenarena ere irabazi baititu. Talderik onena Nafarroan egoitza duen Movistar Team izan da, eta erregulartasunaren elastiko berdea Sam Bennett irlandarrak eskuratu du, atzoko etapako garaileak. Bennettek indartsuena zela erakutsi zuen esprinterren etaparik preziatuenean, eta aurre hartu zien Mads Pedersen munduko txapeldunari eta Peter Sagani.