26 urterekin, bere txirrindularitza ibilbideko ehungarren etapa garaipena eskuratu du Tadej Pogacarrek (UAE). Mathieu van der Poel (Alpecin) eta Jonas Vingegaard (Visma) atzean utzi ditu azken metroetan, eta bere aurtengo Frantziako Tourreko lehen etapa irabazi du.
Saint Hilaireko aldapan jo du erasoa esloveniarrak, helmugatik 5,4 kilometrora. Vingegaard izan da jarraitu dion bakarra. Danimarkarra atzean geratu da tarte batez, baina berriz ere hartu dio gurpila munduko txapeldunari. Hala ere, kilometro baten buruan, Van der Poelen taldeak berriz ere harrapatu ditu Tourreko azken bi txapeldunak.
Amiensen hasi dute etapa, eta hasieratik Jonas Abrahamsen (Uno-X), Lenny Martinez (Bahrain), Thomas Gachignard (Total Energies) eta Kasper Asgreen (EF Education-EasyPost) egon dira lasterketa buruan. Hala ere, tropeleko txirrindulariek ez diete utzi askorik urruntzen, eta bi minuturen aldeari eutsi diote. Etapa amaierako esprintean egon diren txirrindulariak tropelean zihoazen.
Etaparen lehen partea lasaia izan da, baina bigarrenean bost mendate puntuagarri igo dituzte ziklistek. Bigarren mendatean, Belbeufen, tropelak Abrahamsen, Gachignard eta Asgreen harrapatu ditu. Martinez, ordea, ez da atzean geratu, eta aurrena iritsi da Belbeufera.
Mendateak igo baino lehen, bost txirrindulari erori dira: Yevgueni Fedorov (Astana), Matteo Vercher (Total Energies) eta Sepp Kuss (Visma) lehenengo, 53 kilometro falta zirela, eta Cees Bol (Astana) eta Ilan Van Wilder (Soudal) gero, helmugarako 49 kilometro falta zirela.
Horiek ez dira izan, halere, 174 kilometroko bidean egon diren erorialdirik handienak. 25 kilometro falta zirela, dozenaka txirrindulari erori dira tropelaren atzealdean, bidea estutzen zen tarte batean. Besteak beste, Valentin Paret-Peintre (Soudal) eta Harold Tejada (Astana) erori dira.
Lenny Martinezek buruan jarraitu du bi mendate igaro ondoren, baina, hirugarrenean, helmugarako 21 kilometro falta zirela, tropelak frantziarra harrapatu du. Tropela azkar joan da orokorrean, baina Martinez harrapatu eta gero, UAEk are gehiago bizitu du tropelaren erritmoa.
Vismakoek, Van der Poelek eta Evenepoelek ere jarraitu diote erritmo horri. Helmugarako 11 kilometro falta zirela, Visma jarri da aurrean, eta are gehiago bizitu du martxa tropelaren aurrealdean. Ondoren etorri da Pogacarren erasoa, gaurko azken mendatean. %10,6ko pendiza zuen mendate horrek, baina Vingegaardek lortu du erasoari ongi erantzutea. Hala ere, azken esprintean esloveniarrak aurrea hartu die danimarkarrari eta Van der Poeli, eta bere ehungarren garaipena lortu.
Herbeheretarra lehena da oraindik sailkapen nagusian. Pogacarrek denbora bera du, baina Alpecinekoa doa aurretik, eta maillot horia jantziko du bihar Caeneko erlojupekoan. Txirrindulariek 33 kilometro egingo dituzte, lehiaketa osoan pendiz txikiena izango duen etapan. Aurtengo Tourreko lehen erlojupekoa izango da.
Wiebels garaile, eta mendiko maillota Ostolazarentzat
Italiako Giroan, berriz, Usoa Ostolazak (Laboral Kutxa) jantziko du mendiko maillota bihar. Zarauztarra, erasoa jota, aurrena iritsi da gaur Tonale mendira. Giro osoko mendaterik garaiena da Tonale, eta txirrindulariek 8,4 kilometro igo dituzte %6,1eko pendizarekin. Horren ostean, ibilbide lauagoa izan dute.
Lorena Wiebels (SD Worx-Protime) izan da gaurko garailea. Herbeheretarrak irabazi du Giroko hirugarren etapa. Esprintean garaitu ditu tropeleko beste txirrindulariak, eta haren atzetik sartu dira Josie Nelson (Picnic-PostNL) eta Lotte Copecky (SD Worx-Protime). Ostolaza eta Ane Santesteban (Laboral Kutxa) tropelean sartu dira, aurrekoen denbora berean.
Anna Henderson (Lidl-Trek) dago oraindik ere lehen postuan Italiako Giroko sailkapen orokorrean, eta bihar ere maglia arrosa jantziko du. 144 kilometro egingo dituzte Castello Tesinotik Pianezzeraino, eta laugarren mailako bi mendate, hirugarren mailako bat eta lehen mailako beste bat igoko dituzte. Azken mendatea Pianezze izango da, 1.084 metrokoa, eta etapa amaieran igaroko dira handik. 10,9 kilometroko aldapa igoko dute, %7,5eko pendizarekin.