Tadej Pogacar (UAE) agintean da dagoeneko. Besoak altxatu ditu gaur Els Anglesen —22. garaipena du Tourrean—, eta horren ezagun duen maillot horia soineratu du. Bezperan, etapa irabazten utzi zion Isaac del Toro taldekideari. Argi utzi zuen indarrez eta konfiantzaz beterik dagoela. Gaurko etaparen amaiera ere horren erakusgarri izan da. Opariak, oraingoan, bere buruari egin dizkio Pogacarrek: nagusitasun osoz gailendu zaie beste faboritoei, eta horiz jantzi da. Esprintak ez dira beti argigarriak izaten hautagaien ahala neurtzeko garaian, baina Pogacarrek alde handia atera du distantzia laburrean. Hainbeste, ezen Jonas Vingagaardi (Visma) sei segundoren aldea atera baitio, gainsariak tarteko. Danimarkarrak bi egun egin ditu bakarrik liderraren elastikoarekin. Bigarren izan da helmugan, Richard Carapazen aurretik (Education).
Tropela gidatzeko ardura Vismak hartzea espero zitekeen, maillot horia Vingegaardek baitzeraman. Alabaina, errepidea tentetzearekin batera, UAEk hartu du lema, Pogacarren garaipena prestatzeko asmoz. Tropelak erritmo bizian egin ditu etapako azken kilometroak, eta amaieran, bideratzaile lanetan ederki aritu da Del Toro. Bezperan emandako baimenaren truke, mexikarrak garaipenaren atarian utzi du Pogacar. Errematea ematea falta zitzaion esloveniarrari, eta ez du huts egin. Are gehiago: erritmoz aldatu bezain laster, atzean utzi ditu aurkari guztiak. 200 metroko esprintean bi segundo atera dizkie Vingegaardi, Carapazi eta Paul Seixasi (Decathlon), eta lau segundo beste hainbat faboritori. Ia garaiezina da halako amaieretan.
Bukaera ez ezik, hasiera ere oso bizia izan du etapak. Txirrindulariak erasoz eraso ibili dira lehen 70 kilometroetan, hemezortzi kideko multzo bat osatu den arte. Bertan izan da Alex Aranburu (Cofidis), baita Caja Ruraleko Abel Balderstone ere. Iheslarien artean, Alex Baudin (Education) zen mehatxu nagusia sailkapen nagusian: 1.04ko atzerapena zeukan. Oso ondo ibiltzen diren beste hainbat ziklista izan dira lasterketa buruan: Mads Pedersen (Lidl), Magnus Cort (Uno-X), Mauro Schmid (Jayco), Michael Storer (Tudor), Harold Tejada (Astana), Nicolas Prodhomme (Decathlon) eta George Bennett (NSN), besteak beste.
Lanen erdiak igarota, eguneko mendaterik gogorrena igo dute: Toses, lehen mailakoa (9,3 kilometro eta %6,5ko pendiza). Bertan, erritmoa gogortzeko erabakia hartu du UAE taldeak, eta ziklista asko geratu dira ezinean, abiaduraren eta beroaren eraginez. Halaber, 1.30era murriztu da ihesaldiaren abantaila. Multzo hori ere aletu egin da: Baudin, Prodhomme, Bennet, Raul Garcia Pierna (Movistar), Matteo Vercher (TotalEnergies) eta Vlad Van Mechelen (Bahrain) nabarmendu dira.
Baudin izan da iheslarien artean urrutien iritsi dena. Zeukan guztia eman du errepidean, baina tropelak helmugatik 12 kilometrora harrapatu du, Els Anglesera bidean eta Calvaireko mendatea gainditu ondoren. Azken txanpan, taldeen arteko ohiko lehia izan da, hautagaiak ahalik eta ondoen kokatzeko. Visma, Red Bull eta Lidl tropelaren buruan agertu dira, baina Del Tororen esku iritsi da errelebo erabakigarria. Pogacarrentzat jolas hutsa izan da helmuga lehen postuan zeharkatzea. Orain, Vingegaard atzetik du sailkapenean, denbora berarekin, eta hirugarrena Remco Evenepoel da (Red Bull), 23 segundora. Seixas seigarren dago, 48 segundora.
Carcasona eta Foix lotuko ditu biharko etapak, 182 kilometroko ibilbide gorabeheratsu baten bidez. Lau mendate igoko dituzte; azkeneko biak, Coudons eta Montsegur, bigarren mailakoak. Ihesaldian erabaki liteke etapa, betiere tropelak lasai jokatzen badu mendateetan. Azken 30 kilometroak nahiko lauak diren arren, ordurako jokoz kanpo izango dira esprinterrak.