Txirrindularitza

Pogacarrek Vuelta utzi du, eroriko larria izan ondoren

Helmugarako 32 kilometro falta zirela, lurrera erori eta kolpe handia hartu du liderrak, eta anbulantzian eraman dute.

Pogacar, erretiratzen, medikuek aztertu ondoren. BERRIA
Pogacar, erretiratzen, medikuek aztertu ondoren. BERRIA
Jone Bastida Alzuru - Jon Eskudero
2026ko abuztuaren 29a
17:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zoritxarrak bete-betean astindu du gaur Espainiako Vuelta. Ustez etaparik lasaienetakoa zuten jokoan txirrindulariek, baina, eroriko larri bat izan ondoren, Tadej Pogacar (UAE) liderrak lasterketa utzi behar izan du. Helmugarako 32 kilometro falta zirela, lurrera joan eta kolpe bortitza hartu du esloveniarrak, batez ere ezkerreko sorbaldan, eta hasieratik antzeman da bazitekeela ondorioak larriak izatea. Lurrean etzanda eta odoletan zegoela, min keinu nabarmenak egin ditu, eta anbulantzian eraman dute berehala, negar malkotan. Lehen balorazioen arabera, badirudi lepauztaia hautsi duela, baina baliteke beste lesio batzuk ere izatea. Irudietan ikusi ahal izan denez, aurreko ziklistaren gurpilarekin tupust egin du Pogacarrek, eta horregatik joan da hankaz gora. Lehian jarraitzeko ahaleginak egin ditu hasieran, baina ezinezkoa izan da. Hortaz, zortzigarren etapan gidoi aldaketa izan da Vueltan. Enric Mas (Movistar) da orain liderra. 

Lehen kilometroetatik tentsioa eta urduritasuna nagusitu dira tropelean, eta abiadura bizian ibili dira ziklistak. Tentsio horrek eraginda, eroriko bat baino gehiago izan dira zortzigarren etapan, baina helmugarako 32 kilometro falta zirenekoa izan da bortitzena. Arriskurik ez zegoen tokian, Pogacarrek aurreko ziklistaren gurpila ukitu du, eta hainbat txirrindulari joan dira lurrera. Pogacarrek berak hartu du kolperik gogorrena, eta hura izan da Vuelta utzi behar izan duen bakarra ere. Honela mintzatu da Alvaro Ortiz Vueltako medikua: «Bizikletara igo, eta saiatu da errepidera itzultzen, baina azkar ohartu da ezker besoarekin ezin zuela indarrik egin. Sekulako kolpea hartu du. Lepauztaikoaz gain, beste hainbat kolpe ere hartu ditu, eta azterketa osoa egin beharko diote erietxean. Hausturaren bat badu, ebakuntza gelatik igaro beharko du». 

Beste behin historia egiteko helburuarekin ziharduen Vueltan Pogacarrek, baina eskema guztiak hautsi zaizkio. Orain arte hiru etapa zituen irabaziak. Bigarren etapan jantzi zuen maillot gorria, eta seigarrenean bideratuta utzi zuen Vuelta irabazteko helburua, Andorrako errepideetan. Erakustaldi handia eman zuen esloveniarrak, eta hiru minutu baino gehiagoren aldea atera gainerako faboritoei. Hori nahikoa ez, eta seigarren etapan ere besoak altxatu zituen Castelloko helmugan, Masi buruz burukoa irabazita. Sailkapen nagusiari begira, kasik lau minuturen aldea ateratzen zion Masi, bigarren sailkatuari, eta Vuelta irabazteko bidean ezin hobeki eginak zeuzkan etxeko lanak. Pogacarrek berak aitortua zuen datozen bi asteetan lasaiago aritzeko modua zuela, aurkari nagusiei «dezenteko aldea» aterea ziela eta. 

Zoritxarraren ondoren, Pogacarrek oraingoz ez du modurik izango hiru itzuli handien jabe egiteko. Izan ere, Frantziako Tourra bost aldiz irabazia du: 2020an, 2021ean, 2024an, 2025ean eta 2026an. Italiako Giroa, berriz, 2024an irabazi zuen. Espainiako Vuelta irabazi izan balu, historian hiru itzuli handiak irabazitako bederatzigarren  ziklista izango zen Pogacar. Helburu hori begiz joa zuen, baina orain lesioa osatzeari eman beharko dio lehentasuna. Besteak beste, Munduko Txapelketa jokatuko da hilabete eskas barru, eta ikusi beharko da zenbaterainokoa den lesioa. 

Coquard garaile, esprintean

Pogacar gabe ere, Vueltak aurrera jarraitu du, eta etapa nahasia izan da gaurkoa, baina izan da saioa irribarretsu bukatu duen ziklista bat: Bryan Coquard (Cofidis). Hark irabazi du Vueltako zortzigarren etapa, esprintean, eta, hala, lehen garaipena eskuratu du itzuli handi batean. Esprint luzea izan da, gogorra, eta Cofidiseko txirrindularia izan da indartsuena. Mads Pedersen (Lidl) izan da bigarren, eta Jordi Meeus (Red Bull) hirugarren. Xabier Mikel Azparrenek (Q36.5) erasoa jo du helmugarako 25 kilometro falta zirela, baina tropelak harrapatu du azken kilometro eta erdian. Ausart egin du aurrera, eta ez zaio asko falta izan sari nagusia lortzeko. 

Gaur inork ez zuen espero sailkapen nagusian aldaketarik izatea, baina, Pogacar erretiratu denez, guztiz irekita geratu da Vuelta. Oraintxe, Mas dago lider; 1.11ra du bigarrena, Felix Gall (Decathlon); eta 1.33ra hirugarrena, Primoz Roglic (Red Bull). Garrantzitsua izango da biharko etapa, bederatzigarrena: Vila Joiosaren eta Aitanako gainaren artean, 187,4 kilometroko bidea osatu beharko du tropelak, eta menditsua izango da lasterketa. Ondo bidean, mugimenduak izango dira tropeleko oilarren artean. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA