Ondo hasten dena ez da beti ondo amaitzen. Osasunak galdu egin zuen atzo Levanteren aurkako partida (3-2), eta mingarria izan zen porrota, ez baitzuten hasi bezain ondo bukatu ahal izan.
Alessio Liscirenek lehen hamaika minutuetan bi gol sartu zituzten: Jeremy Toljan Levanteko jokalariak bere taldearen atean sartu zuen lehena hirugarren minutuan, eta Budimirrek hamaikagarrenean sartu zuen. Itxura ona zeukan partidak Nafarroako taldearentzat, baina okerrera egin zuen segituan.
Atsedena baino lehen bizkor eta ondo aritu zen Victor Garcia Levanteko jokalaria: bi gol sartu zituen bi minutuko aldearekin —35. minutuan eta 37. minutuan—. Zirt-zart. Berdinketa lortu zuten Luis Castrorenek. Gainera, denbora gutxira, Serio Herrera atezaina partidatik kanporatu zuten 44. minutuan baloia areatik kanpo ukitzeagatik.
Burua altxatu nahian aritu zen Osasuna, baina ez zuen lortu. Etta Eyong jokalaria bakarrik geratu zen etsaiaren arean, eta gola sartu ahal izan zuen 90. minutuan. Gauzak horrela, Osasuna abantailaz jokatzen hasi bazen ere, Levantek aurre hartu zion partida erdia heltzerako, eta irabazi egin zuen.
Herrialde Katalanetakoek irabazi beharra zeukaten atzoko partida, ligako azken-aurreko postuan baitzeuden. Lehen Mailan mantentzeko aukera garrantzitsua zen atzokoa, eta ez zuten hutsik egin. Horrek ataka estuan utzi du Alaves: puntu kopuru bera dute oraintxe gasteiztarrek eta Levantekoak Espainiako ligan. Alaves, beraz, jaisteko postuetan dago liga amaitzeko lau jardunaldi geratzen direnean.