Sendatu nahi badu, sendotu beharra du Alavesek. Baita agudo sendotu ere: bi aste barru bukatuko da liga, eta gaur-gaurkoz, Bigarren Mailara jaitsiko litzateke Arabako taldea. Hauskortasuna da, batik bat, egoera horretara eraman duena. Golak erruz ari da jasotzen, eta, ondorioz, puntuak ezin ditu hirunaka batu. Abenduaren 6an Realari 1-0 irabazi zionetik, ez da gai izan berriz ere atea hutsean uzteko. Hemeretzi jardunaldi igaro dira geroztik. Itzuli oso bat. Eta gasteiztarrek ez dute itoginak estaltzeko modurik topatu. Are gehiago, kontrako gol kopuruak nabarmen egin du gora Quique Sanchez Floresek taldearen lema hartu zuenetik. Alavesi hemeretzi gol sartu dizkiote teknikari espainiarrak zuzendu dituen lehen zortzi partidetan. Horrela jarraituz gero, oso zaila izango da mailari eutsi ahal izatea.
Arabarrak Elxen zelaian ariko dira gaur (14:00, DAZN). Lehen itzulian, 3-1 irabazi zioten Herrialde Katalanetako taldeari. Zortzigarren jardunaldian izan zen. Oso bestelako egoeran zegoen orduan Alaves. Eduardo Coudet zuen entrenatzaile, eta defentsan oso sendo ziharduen. Hain sendo, ezen lehen bederatzi partiden ondoren beste inork baino gol gutxiago jaso baitzituen Lehen Mailan —zortzi gol egin zizkioten bakarrik—. Gasteiztarrek eutsi egin zioten aurreko sasoi amaierako joerari: lau gol jaso zituzten bakarrik azken bederatzi jardunaldietan, eta atea bost aldiz utzi zuten hutsean. Hots, salbazioa irmotasunaren bidetik erdietsi zuten. Zaharrak berritzeko asmoa zuten sasoi honetan, baina hasieran eraikitako harresian pitzadurak agertu ziren pixkanaka. Eta behin entrenatzailez aldatuta, egitura goitik behera etorri da. Coudetekin, 34 gol jaso zituzten 26 jardunalditan; hots, 1,30 neurketako. Bada, Sanchez Floresekin 2,37ra igo da batezbestekoa.
Egoerak kezkatuta dauka Alavesen entrenatzailea, eta analisi gordina egin zuen Athleticen aurka 2-4 galdu ondoren. «Bigunegi aritu gara gol guztietan. Gauden egoeran egonik, ez da onargarria». 70. minutua igarota, Alaves 2-1 zen aurretik markagailuan. Gero, hondamendia iritsi zen: hiru gol jaso zituen ordu laurden eskasean. Markagailuan behin aurrea hartuta, hamabost puntu galdu ditu orotara Arabako taldeak; horietatik hamar, Sanchez Floresen aginduetara. Ez da gauza aldeko emaitzak kudeatzeko, eta horren jakitun da entrenatzailea. Athletici korrikaldi luzeegiak egiten utzi izana deitoratu zuen derbia bukatu berritan. Egin beharreko falta batzuk ez zituzten egin. Hala, nahieran ibili ziren zuri-gorriak, eta golak turrustan iritsi ziren.
Batez ere atzeko lerroa dago luparen azpian. Aurrelariak oso saiatuak dira, eta zelai erdian, kosk egiteko prest daude beti Antonio Blanco, Pablo Ibañez eta Jon Guridi. Zimenduak, ordea, ez dira behar bezain sendoak. Sanchez Floresek bost atzelariko lerroa ezarri zuen Gasteizera iritsi berritan, taldea seguruago sentituko zelakoan. Alabaina, hiru hegaleko jokalari dabiltza erdiko atzelari moduan: Nahuel Tenaglia, Victor Parada eta Jonny Otto. Adabaki gisa baliagarriak dira postu horretarako, baina kontzeptuak ez dituzte guztiz barneratuak. Gainera, jokalari arinak direnez, taldea ezin da area barruan gotortu; lerroak aurreratu, eta presioa gorago egitea komeni zaio. Apustua, orain arte, ez da balekoa izan.
Jaso bezala, sartu
Erdiko atzelari espezifikoen kopurua sasoi hasieratik izan da kezka iturri Alavesentzat. Iazko udan taldea utzi zuten Santiago Mouriñok eta Abdel Abqarrek, eta Facundo Garcesek apenas izan duen jokatzeko aukerarik, FIFAk ezarritako zigorraren ondorioz. Neguan Ville Koski iritsi zen, baina finlandiarra soilik 11 minutuz izan da zelaian. Jon Pachecok ere desagertzera egin du, aulkian izan zen aldaketaren ondoren. Baztandarra funtsezkoa izan zen Coudetentzat, baina zelaian bederatzi minutu igaro ditu bakarrik azken bost partidetan. Garesti ari da ordaintzen Valentzia eta Celtaren aurka egindako akatsak. Azken txanpari begira, jokalari garrantzitsua izan liteke.
Atzeko lerroko hegaletan, berriz, atzelariak ez diren bi jokalarik dihardute: Angel Perezek eta Abdek. Hainbestean dabiltza defentsa lanetan; erasoan, ordea, maila bikaina ari dira eskaintzen. Kontraste hori are nabarmenagoa da maila kolektiboan: Alaves gol ugari ari da jasotzen, baina baita sartzen ere; hemezortzi egin ditu azken zortzi neurketetan. Sistema berriak haize berriak ekarri ditu erasoan, eta Toni Martinez bapo ari da egiten —sei gol sartu ditu dagoeneko Sanchez Floresen agindupean—. Eraginkortasunari esker, Alaves bere onera etorri zen Celta, Mallorca eta Osasunaren aurka. Ordea, bi puntu eskas batu zituen Valentzia, Vila-real, Reala eta Athleticen aurka, lehia guztietan aurrea hartu arren. Sendotu ezean, behar dituen puntuak nekez eskuratuko ditu jo hutsez.
rEALAK BOLADA TXARRA ETEN NAHI DU GAUR bETISEN KONTRA
Azken lau partidetan bi puntu baino ez ditu batu Realak. Hala, aldendu egin zaio bosgarren postua, eta Txapeldunen Liga jokatzeko aukera. Gaur aukera txiki horiei eusten ahaleginduko da, etxean Betisi irabazita (21:00, Movistar+). Hain zuzen ere, Betis da bosgarren tokian dagoen taldea. Sevillaren aurka partida kaskarra egin eta gero, beste itxura bat eman nahi dute txuri-urdinek: «Lehiakor aritu nahi dugu berriz», esan zuen atzo Pellegrino Matarazzok. Jon Mikel Aramburu zigortuta dago txartel pilaketagatik, eta Guedesek min hartuta segitzen du.