Ademarrek etxean lortu zuen bost goleko aldea gainditu beharko du Portlandek Txapeldunen Ligan aurrera egin ahal izateko. Etzi izanen du horretarako aukera, itzuliko partidan. Jokalari nafarrak baikor dira, eta zaila izan arren, Ademarrek duen alde hori hutsean uzteko gai izanen direla uste dute.
Leonen (Espainia), bigarren zatian galdu zuen Portlandek partida. Jokalarien jokoaren intentsitateak behera egin zuen defentsan, eta Ademarrek atera zion etekinik egoerari. Portlandek, batez ere, Lars Jorgensenen hutsa sumatu zuen defentsan. Ezker alboko danimarkarra lunbalgiak jota gelditu zen aulkian. Oraindik ez dago argi itzulikoan jokatzeko moduan egonen ote den.Zalantza bera du Ekisoainek Ricardo Andorinhorekin. Ezker hegaleko portugaldarra ez zen Leonera joan. Martin, bai, eserlekuan izan zen, baina pistara ez zen atera, oraindik ez baita erabat osatu. Ekisoainek bere jokalari guztiak prest nahi ditu etzirako, Ademarri aurre egin ahal izateko.
Viran: «Portlandek hobe badezake, guk ere bai»
Iruñean baikor badira, zer esanik ez Leonen. Viran Morros Ademarreko ezker alboko kataluniarrak atzo esandakoa ikusi besterik ez dago horretaz jabetzeko. «Aldea ona da, baina inoiz ez da nahikoa. Asko dakigu horretaz, orain bi urte 13 goleko aldea galdu genuelako Celjeren aurka. Baina itxaropentsu gaude, Portland estutasunetan jar dezakegula ikusi genuen itzulikoan. Portlandek hobe badezake, guk ere bai, defentsan lan ona egiten badugu, eta erasoan beldurrik gabe aritzen bagara».
Manolo Cadenas Ademarreko entrenatzaileak jokalari guztiak izango ditu prest etziko partidarako, Denis Krivostxlikov tartean. Eskuin hegaleko errusiarrak ez zuen itzuliko partida jokatu, Bartzelonaren aurkako partidan kolpe gogorra jaso baitzuen belaunean. Krivostxlikoven parte-hartzearekin, Cadenasek bi jokalari izango ditu postu bakoitzeko.
ESKUBALOIA. TXAPELDUNEN LIGA
Portlandeko jokalariak baikor dira, eta kanporaketa gainditzeko prest
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu