Portugalete eta ibaia ederki uztartzen ari dira sasoi honetan. Indartsuena da eremu horretan, eta atzo erakutsi zuen zergatik. KAE1 ligako estropada Bilbon jokatu zen, erlojuaren aurka, eta ligako lehen sailkatuak ez zuen aurkaririk gertu izan; oso urrun izan zituen denak. Bigarrenari, Donostiarrari, 23 segundo atera zizkion, eta Zierbena hirugarrenari bat gehiago. Laugarren Zarautzek egin zuen, 28 segundora, eta bosgarren Lekittarrak, 33ra.
Hiru estropada falta dira, eta Portugalete eta Zierbenak jokatuko dute San Miguel ligara igo- tzeko kanporaketa, atzo Zierbenak beste bi puntu sartu zizkiolako Lekittarrari, hirugarrenari; orain, aldea bederatzi puntukoa da. Gaur ere estropada izango dute, 17:00etan, Hondarribian.
KAE2koek ere lan egin beharko dute gaur. Colindresen (Espainia) ariko dira arraunean, eguerdian, eta azken hirugarren estropada izango da. Busturialdea da lider, sei puntura dago Ondarroa, eta zazpira Getaria.
Gipuzkoako ligakoa, gaur
Emakumezkoek estropada izango dute gaur, Hondarribian (16:30). Gipuzkoako ligako bosgarren jardunaldian lehiatuko dira sei traineruak, erlojuaren aurka, binaka. Hondarribia eta Bizkaia aterako dira lehenengo, Orio eta San Juan gero, eta Zumaia eta Getaria-Tolosa azkenik. Azken horiek doaz lider ligan.
Portugaletek aise irabazi du Bilbon, eta erakutsi du ibaian askoz hobeto dabilela
Hogeita hiru segundo atera dizkio Donostiarrari, eta bat gehiago Zierbenari, KAE1eko estropadan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu