Gola: 1-0: Jiracek-ek (72. min.). Epailea: Craig Thomson (Eskozia). Txartel horiak: Txekiar Errepublikako Limbersky, Plasil eta Pekharti; eta Poloniako Murawski, Polanski, Wasilewski, Blaszczykowski eta Perquisi. Bestelakoak: 40.000 ikusle Wroclaweko estadioan (Polonia).
Bi alde dauzka presioak. Batzuk hazi egiten dira beharra sentitzen dutenean, oldarkorrago jokatzen hasteko gai dira. Eta beste batzuk, berriz, dar-darka hasten dira, eta paserik errazena ere ezinezko bihurtzen zaie. Horra Txekiaren eta Poloniaren errealitateak. Irabazi edo etxera. Besterik ez zeukan Poloniak, eta, egiari zor, lehen zati txukuna egin zuten etxekoek presiopean. Baina lehen zatiaren hondarrean, multzoko bestepartidan Greziak gola sartu zuela jabetu zirenean, arerioa jan beharrean zelairatu ziren txekiarrak, bestela kalean zeudela jakitun. Poloniaren zain egonda, arrisku gehiegi hartu zuen Txekiak lehen zatian, baina kalitatea badagoela esan nahi du beharra dagoenean estutzeko gai izateak. Txekia erasorea joatea eta Polonia desagertzea, biak bat izan ziren.
Presioa goian eginez, Txekia noraezean uzteko gai izan zen Polonia lehen 45 minutuetan. Kalitate handiko erdiko hirukoa osatzen dute Blaszczykowskik, Murawskik eta Obraniak-ek, eta lehen 25 minutuetan perfekziotik gertu ibili zen etxeko selekzioa. Bigarren minuturako arriskua sortuta zegoen Polonia, Dudkari esker; Obraniak-ek kanpoaldetik sarea ukituz egin zuen falta jaurtiketa ondoren; Blaszczykowskik ere gutxigatik ez zuen lortu gola 8. minutuan; Lewandowskik bidali zuen jaurtiketa kanpora 10.ean; Polanskik eta Boenischek ere aukera politak izan zituzten gero... Bultzaka ari zen Polonia.
Hori bai, Plasilek eta Hubschmanek zelai erdiaren kontrola eskuratu zuten pixkanaka, eta txekiarrek osoago amaitu zuten lehen zatia. Zuzenegi aritu ziren hasieran, Plasilek Barosi urrutitik bidalitako paseen bidez. Baina Pilarrek ulertu zuen berak zeukala desorekatu beharra Poloniaren atzealdea. 41. minutuan eskura eduki zuen gola.
Poloniak baino gehiago, ordea, multzoko beste partidan Greziak sartutako golak behartu zuen Txekia gora egitera. Emaitza horrekin kalean zeuden Polonia eta Txekia, eta azken selekzio horrek bereziki arrisku gehiago hartu zuen. Berehala etsi zuen Poloniak, eta Sivoken abisuaren ondoren, Jiracekek lortu zuen saria, 72. minutuan. Sufritu zuen txekiak amaieran, Wasilewskiren eta Blaszczykowskiren bi aukerekin, baina merezita egin zuen aurrera. Negarrez geratu da Eurokopako antolatzaileetako bat.
Futbola. Poloniako eta Ukrainako Eurokopa: A multzoa. TXEKIA 1. POLONIA 0
Presioaren bi aldeak
Lehen zati txukuna egin du Poloniak, eta goleko aukera asko sortu ditu, baina erabat desegin da bigarren zatian, presioak itotaTxekia askoz oldarkorrago aritu da bigarren zatian, eta merezita irabazi du, presiopean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu