Realeko jokalaria

Paula Fernandez: «Presiorik gabe, bigarren izateko lehiatu nahi dugu orain»

Realak Txapeldunen Ligarako sailkatzea lortu zuen atzo, Deportivoren zelaian irabazita. Fernandezek aitortu du «urduri» zelairatu zirela, baina bigarren zatian hobeto aritu zirela. Denboraldi osoan zehar «asko» gozatu dutela nabarmendu du.

Paula Fernandez Realeko jokalaria. ANDONI CANELLADA / FOKU
Paula Fernandez Realeko jokalaria. ANDONI CANELLADA / FOKU
ainara arratibel gascon
2026ko maiatzaren 4a
18:21
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Zoriontsu eta nekatuta». Halaxe esnatu da gaur Paula Fernandez Realeko jokalaria (Saint Fruitos de Bages, Katalunia, 1999), atzo talde txuri-urdina Txapeldunen Ligarako sailkatu ostean. Berandu iritsi ziren atzo Donostiara, baina lorpena merezi bezala ospatu dute. Asteazkenean izango dute hurrengo entrenamendua, larunbatean jokatuko baitute hurrengo partida. Etxean egingo dute, Granadaren kontra.

Txapeldunen Ligarako sailkatu zineten atzo, Deportivori irabazita. Nolakoa izan da biharamuna?

Oso zoriontsu eta pozik gaude. Denboraldi hasieran helburua ez zen Txapeldunen Ligarako sailkatzea, baina lan bikaina egin dugu, eta horretarako aukera hain gertu izanda, ahalik eta azkarren lortu nahi genuen. Nekatuta ere bagaude. Galiziarako joan-etorria autobusez egin genuen, eta luze joan zen. Irrikaz geunden hona iritsi eta ospatu ahal izateko. Merezi bezala egin dugu. Gogotsu gaude larunbatean Zubietan egoteko ere, gure zaleekin. Denboraldi osoan zehar ondoan izan ditugu, eta haiekin partekatu nahi dugu lortutakoa. Izugarri lagundu digute.

Helburua ahalik eta azkarrena lortu nahi zenuten. Baina partidako lehen jokaldian gola sartu zizuen Deportivok. Presaka eta urduri aritu zineten, batez ere lehen zatian. Nola bizi izan zenuen hori zelaian?

Bagenekien ez zela partida erraza izango, eta gola hain azkar jasotzeak zaildu egin zuen, batez ere mentalki. Talde gaztea dugu, eta halako partidak kudeatzea ez da erraza. Urduri geundela antzeman zen. Baina atsedenaldian, ñabardura tekniko-taktikoetatik harago, Arturok [Ruiz] lasai egoteko eskatu zigun, eta batez ere denboraldi osoan jokatu dugun moduan jokatzeko, gu izateko. Uste dut lortu genuela. Beldurrik gabe partidaren bila joan ginen, gol aukera dezente sortu genituen, eta baloirik gabe ere nahiko ondo jardun genuen. Horri esker lortu genuen partida iraultzea. Amaieran arindua hartu genuen, pilatua genuen urduritasuna kendu genuen gainetik. Izan ere, esan bezala, sailkapen hori ahalik eta azkarrena lortzeko irrikaz geunden. 

«Amaieran arindua hartu genuen, eta pilatua genuen urduritasuna kendu genuen gainetik. Izan ere, sailkapen hori ahalik eta azkarrena lortzeko irrikaz geunden»

Zuk sartu zenuen berdinketaren gola. Zer sentitu zenuen baloia errematatu zenuenean?

Egia esan, ez ditut asko sartzen [hiru daramatza denboraldi honetan], baina bitan pentsatu gabe egin nuen errematea atzetik etorrita. Orduan konturatu ginen garaipena lortzea posible zela. 

Eta Cecilia Marcosek 2 eta 1ekoa sartu zuenean? 

Buruan nuen bakarra emaitzari eustea zen, eta zer egin behar genuen hori lortzeko. Asko falta zen oraindik amaierarako. Banekien amaiera arte sufritu egingo genuela, eta asmatu egin behar genuela minutu horiek behar bezala jokatzen. Uste dut nahiko ondo egin genuela, nahiz eta arauzko denbora betetzear zela susto ikaragarria hartu genuen. Eskerrak Iraiak [Soroa] baloia atera zuela gol arrastoan, barruan ikusten bainuen. Ziurrenik epaileak aurretik Deportivoko jokalari batek falta egin zuela adieraziko zuen, nahiko argia izan baitzen. Baina hobe horretan ez pentsatu. Pozgarria da bigarren taldeko jokalari batek egin izana, egunerokoan asko lagundu baitigute denboraldi osoan zehar. Ea orain haiek Espainiako Federazioko Lehen Mailara igotzea lortzen duten. Klubaren emakumezkoen egiturarentzat oso garrantzitsua litzateke. 

Hirugarren postua ziurtatua duzue, eta hala Txapeldunen Ligarako sailkatuta zaudete. Baina falta diren hiru jardunaldietan aukera duzue bigarren izateko. Izan ere, Real Madril hiru puntura dago. Horretarako lehiatuko zarete?

Bai, hori nahi dugu. Presiorik gabe egingo dugu. Partidaz partida joango gara, egunerokoaz are gehiago gozatuz. Azken finean haiek dute abantaila eta bigarren izateko presioa. 

Ligan jokatu dituzuen 27 partidetatik hiru baino ez dituzue galdu. Zer iritzi duzu datu horretaz?

Oso kontuan hartzeko datua da. Bartzelonak baino ez ditu galdu guk baino partida gutxiago. Izan ere, Real Madrilek lau galdu ditu. Talde erregularra izan gara, oreka handia izan dugu bai baloiarekin bai baloirik gabe, eta uste dut hori erabakigarria izan dela. Gainera, gehienok izan dugu minutu dezente jokatzeko aukera. Horrek egunerokoan oso lehiakor izaten lagundu digu. Zelaian asko disfrutatu dugu, bai baloia izan dugunean, bai izan ez dugunean. Azken hori askotan ez da erraza izaten. 

Arturo Ruiz entrenatzailearen jarduna erabakigarria izan da askorentzat hori lortzeko. Zer nabarmenduko zenuke haren lanaz?

Multzoa jokatzeko modu baten inguruan batzeko izan duen gaitasuna. Hasiera-hasieratik sinetsi genuen hark proposatutakoan. Patxada handia du, eta egunerokoan egiten den lanari eta izaten den giroari garrantzi handia ematen dio.

«Arturo gai izan da multzoa jokatzeko modu baten inguruan batzeko. Hasieratik sinetsi genuen hark proposatutakoan. Egunerokoan egiten den lanari eta izaten den giroari garrantzi handia eman dio»

Zer sentitzen du taldeak datorren denboraldian Txapeldunen Liga jokatuko duela jakinda?

Ilusioa. Izan ere, atariko kanporaketa gainditzen ez badugu ere, UEFAren Europako Kopa jokatuko dugu —kluben arteko bigarren txapelketa—. Beraz, ziurra da gutxienez lau partida jokatuko ditugula. Ni Levanterekin sailkatu nintzen Txapeldunen Ligarako, eta atariko kanporaketa baino ez genuen jokatu. Hala, aurreko denboraldian lortutako sariaz nahi beste ez gozatu izanaren sentsazioa geratzen zaizu. Denboraldi honetan jarri dute martxan bigarren txapelketa, eta uste dut garrantzitsua dela. Emakumezkoen futbolari ikusgaitasuna ematen lagunduko du, eta taldeak lehiakorragoak izango dira, hor izango baitute txapelketa hori jokatzeko aukera. 

Rayon eta Levanten jokatu eta gero, lehen denboraldia duzu Realean. Gustura zaude egiten ari zaren lanarekin?

Bai. Erronka handia zen niretzat hona etortzea, eta futbolari moduan hazten jarraitzeko aukera ederra. Psikologikoki gogorra izan zen aurreko denboraldia, azken unean lortu genuelako Levanterekin Lehen Mailari eustea. Toki berri batera nentorren, eta egokitu beharra nuen. Baina, egia esan, gauzak primeran joan dira. Oso bizkor egokitu naiz, eta zoriontsu nago. Asko diet eskertzeko taldekideei, entrenatzaile multzoari eta klubaren egunerokoan lanean ari diren guztiei. Oso gertukoak dira denak, eta izugarri lagundu didate. 

Hazten jarraitzeko aukera aipatu duzu. Zertan hobetu duzu denboraldi honetan?

Urtero jokalari osoagoa izaten saiatzen naiz, batez ere talde lanean. Niretzat hori izan da beti lehentasuna. Bakarkako jardunetik harago, txikitatik erakutsi didate futbolean garrantzitsuena talde lana dela. Alde horretatik, nire taldekide bakoitzarengandik ikasten saiatzen naiz egunero, eta denboraldi honetan ere hala egin dut. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA