Pozik dago Imanol Lopez puntista (Zumaia, Gipuzkoa, 1984), euskal selekzioa ofizial dela lehen txapelketa jokatu duelako: Nazioen Liga. Gainera, txapela jantzi dute. Hark astindu zuen ikurrina podiumaren gorenean atzo.
Nola jaiki zara?
Oso pozik eta nekatuta. Oso pozik, ederra izan zelako bai atzo [herenegun] bizi izan genuena, bai aste osoan bizi izan duguna. Gainera, irabaztea lortu genuen; nekatuta, berriz, egun gutxian partida asko jokatu ditugulako. Baina horretarako prestatu gara, eta orain, lasaitu eta bizitakoaz eta lortutakoaz gozatu nahi dut. Ondoren, egunerokora itzuliko naiz.
41 urte dituzu, eta ibilbide luzea egiten ari zara zestan. Noizbait bizi al zenuen halakorik?
Momentu oso politak bizi izan ditut nire kirol ibilbidean. Baina hau pribilegio bat izan da: euskal selekzioarekin jokatu dugu ofizialki, eta lehenak izan gara horretarako aukera edukitzen. Gainera, etxean jokatu dugu, eta irabazi ere bai. Ez dago gehiago eskatzerik.
Espero zenuen halako zerbait bizitzeko aukera izatea?
Halako gauzei dagokienez eszeptiko samarra izan naiz beti. Baina abenduan horretarako aukera sortu zenetik, ilusio hori nuen; batez ere hautaketa entrenamenduak hasi zirenetik. Bertan izan zen giroa nabarmenduko nuke, baita egun hauetan selekzioko kideen artean izan duguna ere. Ederra izan da. Oso batuta egon gara, asko lagundu diogu elkarri, eta horrek asko lagundu digu mentalki.
Zuk esan duzu: estreinakoa zenuten, eta etxean aritu zarete. Gainera, faboritoak zineten. Presioa zenuten horregatik guztiagatik?
Ni, normalean, ez naiz urduri jartzen. Baina presio handia zegoen. Bagenekien zer lortu den txapelketa hau jokatuta, eta zenbat lan egin behar izan den horretarako. Hori jakinda, ez genien huts egin nahi horretarako lan egin dutenei, zaleei, hau antolatu duten erakundeei... Eta, noski, ezta geure buruari ere. Kantxara atera eta gure onena eman nahi genuen. Eskarmentua izateak hori hobeto kudeatzen lagundu digu; baita zaleengandik une oro jaso dugun babesak.
«Bagenekien zer lortu den txapelketa hau jokatuta, eta zenbat lan egin den horretarako. Ez genuen huts egin nahi»
Finalerdietan eta finalean bereziki antzeman duzue presio hori? Aurkariek, behintzat, estu hartu zintuzteten.
Egia da, aipatu bezala, presioa genuela. Baina ni lasai nengoen; are gehiago Aritzekin [Erkiaga] jokatuta. Halako egoerak ondo kudeatzen ditu, eta tresna asko ditu horretarako. Ziur nengoen berak berea emango zuela, eta nik nirea. Ondo eutsi genion, eta pazientzia izan genuen. Hori erabakigarria izan zen. Finalean, Ludovicek {Laduxe] eta Thibauttek [Basque] estu hartu gintuzten, batez ere lehen setean. Baina 13-8koarekin ez zuten asmatu lana biribiltzen, eta guk hori baliatu genuen. Haientzat kolpea izan zen. Gainera, hasieratik argi izan genuen gauzak ondo eginez gero bagenituela aukerak irabazteko.
Giro bikaina egon da, bi domina eskuratu dituzue, eta antolakuntza ere primerakoa izan da... Egun hauek erakusleiho ederra izan dira ofizialtasunaren bidean urratsak egiten jarraitzeko, ezta?
Zalantzarik gabe. Nik argi nuen hala izango zela. Gernikan jokatuta, are gehiago. Magia izugarria egoten da bertan.
Datorren urtean Argentinan jokatuko da Munduko Txapelketa, eta horretarako sailkatu zarete. Bertan euskal selekzioaren elastikoa janzteko irrikaz egongo zara, ezta?
Polita litzateke. Dena den, 41 urte ditut, eta egunerokoari erreparatzen diot. Markina-Xemeinen jokatuko dut hurrengo txapelketa, eta horri baino ez diot erreparatzen. Baina lortutakoa hor dago, eta etorkizunean ere hautatzaileak uste badu laguntzeko moduan nagoela, hortxe izango naiz.