Munduko Koparen aurkako protestek indarra hartu dute txapelketa hastearekin batera. Rio de Janeiron, Sao Paulon, Porto Alegre, Belo Horizonten, Natalen... Milaka lagun atera ziren kalera atzo. Rio de Janeiron izan zen manifestazio jendetsuena. Ez zen izan hirian izandako protesta bakarra, aireportuetako langileak grebara baitzeuden deituta. Poliziak hartu zuen aireportuak irekita izateko ardura. Hori bai, hori lortuta ere hegaldi gehienak atzerapen handiekin lurreratu ziren.
Antzeko egoera bizi izan zen Natalen. Han greba egin zuten autobusetako gidariek, eta hiria geldi geratu zen ia. Ikusteko dago bihar grebak bere horretan jarraituko duen. Hala balitz, arazo dezente egongo lirateke. Izan ere, Mexikok eta Kamerunek Natalen jokatuko dute gaur.
Bost zauritu
Atzoko istilu larrienak, hala ere, Sao Paulon izan ziren, Munduko Kopako estreinako partida hartu zuen hirian. Manifestariak Corinthians Arena estadiora abiatu ziren, baina hara iritsi baino lehen sakabanatu zituen Poliziak. Indarrez egin zuen, kolpeka eta negar gasa erabilita. Bi lagun zauritu ziren, biak kazetariak. Horrez gain, poliziek lagun bat atxilotu zuten. Amnesty Internationalek (AI) salatu egin zuen poliziek «gehiegizko indarra» erabili zutela, manifestazioa «baketsua» izan arren. Eguneko azken orduetan beste bi zauritu gehiago izan ziren.
Brasilgo Munduko Kopa
Protestak areagotu dira txapelketa hastearekin bat

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu