Puerto auzia lehertu eta zazpi urte geroago iritsi da epaia: osasun publikoari publikoaren aurkako delituagatik, Julia Patricia Santamaria epaileak urtebeteko zigorra jarri dio Eufemiano Fuentes medikuari (baita lau urtean lan egiteko debekua ere) eta lau hilabetekoa Ignacio Labarta prestatzaile fisiko ohiari, eta zigorrik gabe utzi ditu beste hiru akusatuak: Yolanda Fuentes medikua, eta Vicente Belda eta Manolo Saiz kirol zuzendari izandakoak. Zigorra bi urtetik beherakoa denez, ez Fuentes eta ez Labarta ez dituzte espetxeratuko. Beste auzi bat ere bazegoen argitzeko, akusazioen eskaerei men eginda (WADA Dopinaren Aurkako Munduko Agentziarena tartean), epaileak auziko hainbat odol poltsa berraztertzeko aukera emango ote zuen. Baina bide hori ere itxi egin du Santamaria epaileak. Hainbat berri iturriren arabera, akusazioak dagoeneko adierazi du Madrilgo Probintzia Auzitegian helegitea jarriko diotela epaiari.
2006ko abuztuan lehertu zen Puerto auzia, Guardia Zibilak hainbat lagun atxilotu eta hainbat miaketa egin zituenean. 35 kirolariren 211 odol poltsa atzeman zituen Guardia Zibilak, eta Espainian dopin sare zabal bat zegoela ondorioztatu zuten. Zazpi urte geroago ekin zioten epaiketari, orain hiru hilabete, eta gaur iritsi da epaia. Alberto Leon Herranz mendiko bizikletan ibilia ere atxilotu zuten, baina 2011n hilda aurkitu zuten anaiaren etxean; azken unean, berriz, epaiketatik kanpo geratu zen Jose Luis Merino Batres, larri gaixo zegoela-eta. Hainbat guardia zibilek, txirrindularik eta txirrindulari ohik deklaratu zuten epailearen aurrean —40 bat denera—, Joseba Beloki, Unai Osa eta David Etxebarria txirrindulari ohiek tartean, lekuko gisa. Puerto auzia tarteko dagoeneko zigorra jaso duten bost txirrindulari ere badaude: Ivan Basso, Jorg Jaksche, Michele Scarponi, Alejandro Valverde eta Jan Ullrich.