Futbola

Puñal: «Goiko jokoa baliatu behar dugu bihar irabazteko»

Osasunako kapitainak Real Madril jo du faborito garbi, baina garaipena «garesti» salduko dutela esan du

jon eskudero
2012ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Joan den astean irabazi eta 43 puntu eskuratu ostean, Europako postuei begira ari da lanean Osasuna. Ateak itxita egin zuen atzo lan saioa, eta ondoren Patxi Puñalek hitz egin zuen. Haren esanetan, geldikako jokoa gakoa izango da bihar Real Madril mendean hartzeko: «Goiko jokoa baliatu behar dugu irabazteko. Halako talde handien kontra aukera gutxi edukitzen dira golak egiteko, eta apur horiek baliatu beharra dago». Faborito Real Madril jo zuen, eta Osasunari presiorik ezak mesede egingo diola aitortu zuen gorritxoen kapitainak. Dena den, madrildarrak presiopean jokatzera ohituta daudela gogorarazi zuen.

Presio ezaz gain, motibazioa ere gainezka izango dute, Puñalen arabera: «Real Madrilen aurkako lehia guztiak bereziak izaten dira. Liderrak egingo digu bisita, eta irabaziko bagenu festa izugarria egongo litzateke harmailetan». Hiru puntuak etxean geratuz gero, gainera, Europarako lehian bete-betean egongo litzateke Osasuna: «Gauden egoeran gozatzen ari gara, eta ilusioz gainezka gaude lehen sei postuetan sailkatzeko».

Iruñean ongi dakite ligako oilar handienei aurre egitea zer den. Otsailaren 11n Osasunak 3-2 garaitu zuen Bartzelona, eta kapitainak dioenez, Real Madrilek badaki zelai gaiztoan aritu beharko duela: «Mourinhoren taldeak badaki zer aurkituko duen hemen: presioa goian egingo duen talde indartsu eta lehiakorra. Guretzat ez da partida erraza izango, baina eurentzat ere ez». Zaleen babesa ezinbestekoa izango dela aitortu zuen Puñalek. Epaileei dagokienez, berriz, euren lana egiten utzi behar zaiela esan zuen: «Real Madrilen partida guztietan asko hitz egiten da epaileei buruz. Kexa asko azaltzen ari dira aspaldian, errespeturik gabe, eta hori seinale txarra da».

Partida bateko zigorra bete ondoren, Javad Nekunam hamaikakora itzuliko da, eta baliteke Ibrahima Balde ere jokatzeko moduan egotea. Gaur jakingo da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.