Azken urteetako joerari eutsiz, ohiko derbia jokatu dute gaur Osasunak eta Athleticek, Sadarren: trabatua, itxia eta taktikoa. Erritmo handian lehiatu dira bi taldeak, irabaztea baino ez galtzea izan dute helburu denbora luzez, eta bakoitza nagusi izan da zati banatan. Etxekoak gehiago izan dira lehen zatian, eta, gol aukera askorik sortu ez badute ere, aurkariaren zelaian ibili dira gehienbat. Bigarrenean, ordea, urrats bat aurrera egin dute zuri-gorriek, eta eskura izan dute garaipena.
Orain arteko bide orriari jarraikiz, goian egin dute presioa, azkar atera dira kontraerasora, eta era horretan heldu da 0-1ekoa, Nico Williamsen oinetatik, 84. minutuan. Bazirudien hiru puntuek Bilborako bidea hartuko zutela, baina ez da hala izan. Kale edo bale, berdinketaren bila jo du itsu-itsuan Jagoba Arrasatek zuzentzen duen taldeak, eta lortu du saria. Catenak egin du banakoa, partida luzapenean sartzear zela. Hala, puntuak zapore gozoagoa utzi du Iruñean Bilbon baino.
Partidari ekin bezain pronto izan du lehen aukera Athleticek. Catenak sekulako hutsa egin du atzean, baina oparia ez dute nahi gisara baliatu bilbotarrek. Kosk zorrotzago egitea falta izan zaie aurretik jartzeko. Hortik aurrera hobea izan da Osasuna. Bere onera etorri da berehala, eta eroso sentitu da zelaian. Agindu egin du baloia oinetan izanik, eta lehen ordu erdian ez du batere sufritu atzean.
Athleticeko jokalariak baloiaren atzetik lasterka ibili dira etengabe, eta erasoko jokalariak agertu ere ez dira egin. Hots, aginte hori markagailuan islatzeko batere meriturik ez dute egin gorritxoek. Raul Morok jaurtiketa bat egin du atera, baina Unai Simonekin egin du topo. Abel Bretones ere saiatu da, baina alferrik. Budimir, berriz, nahi eta ezin ibili da. Kate motzean lotuta edukiarazi dute, eta ez du erremate bat egiteko aukerarik ere izan.
Dena den, erosoago sentitu da Osasuna lehen zati osoan, baina, futbolean sarritan gertatzen den bezala, beste taldeak izan du gol aukerarik onena. Izan ere, Berenguerrek zutoinera bidali du baloia, 38. minutuan. Jokaldi ona josi dute Edin Terzicen jokalariek, baloia ezin hobeki mugitu dute ezkerretik eskuinera, baina Berenguerrek areaz kanpotik egindako ahaleginak ez du saririk izan. Aitor Fernandez gaindituta zegoela, baloiak zutoina jo du bete-betean. Gol aukera garbi horri esker, apur bat behetik gora egin du Athleticek, eta gutxienez duinago amaitu du lehen zatia. Bi taldeak konforme erretiratu dira atsedenaldira golik sartu gabe.
Aldaketak, gako
Bigarren zatian bestelakoak izan dira Athleticen jokoa eta jarrera, Osasunaren kalterako. Sufritu egin behar izan dute gorritxoek luzaroan. Erasoan behin agertuko eta gol bat sartu dute, Rosierrek sareetara bidali baitu baloia, baina jokoz kanpo zegoen. Gol aukerak bata bestearen atzetik izan dituen taldea Athletic izan da. Terzicek Ruiz de Galarreta eta Sancet zelairatu ditu, erasoko jokoari eta taldearen kalitateari beste puntu bat emateko asmoz. Bada, Sancetek berak sekulako aukera izan du 64.ean, baina ez du asmatu. Presioan fin ibiltzeari esker, Canalesek baloia berreskuratu du, eta Sancet bakar-bakarrik geratu da atezainaren aurrean. Zeruetara joan zaio jaurtiketa. Zuri-gorri guztiek burura eraman dituzte bi eskuak, baina lanean jarraitu dute, golaren bila.
Gola iritsi da, Sancetek sartu du, 77. minutuan, baina jokoz kanpokoa adierazi du epaileak. Osasunari izugarri sufritzea tokatu zaio, eta Arrasateren aldaketak ere horretara bideratuta egon dira, emaitzari eustera. Ordea, kontraeraso on batean, Nico Williamsek aurreratu du Athletic, 84.ean. Williams anaien arteko konexioak ez du hutsik egin. Hiru puntuak poltsikoan izan ditu Terzicek, baina azken minutuetan zurrunegi jokatu du, atzeko lerroa indartzeko egin baititu aldaketak. Garesti atera zaio apustua, eta Catenak banakoa egin du luzapena iristear zela.
OSASUNA. Aitor Fernandez; Rosier, Catena, Boyomo, Bretones; Lucas Torro, Moncayola (Osanbela, 68. min), Moi Gomez (Iker Muñoz, 74. min); Ruben Garcia (Kike Barja, 80. min), Moro (Dubasin, 68. min) eta Budimir (Raul Garcia de Haro, 80. min).
ATHLETIC. Unai Simon; Hugo Rincon, Vivian, Laporte, Yuri; Gerenabarrena (Ruiz de Galarreta, 64. min), Canales (Prados, 86. min); Robert Navarro (Sancet, 64. min), Berenguer (Yeray, 89. min), Nico Williams (Johaneko, 86. min); eta Iñaki Williams.
Golak. 0-1: Nico Williamsek (84. min). 1-1: Catenak (90. min).