TXIRRINDULARITZA

Puritok ez dauka parekorik mendateetan

Joaquin Rodriguezek (Katuxa) irabazi du Espainiako Vueltako seigarren etapa. Aurkariak gurpiletik atera ditu hirugarren mailako mendateko ailegaeran. Chris Froome izan da bigarren, eta Alejandro Valverde hirugarren.

2012ko abuztuaren 23a
19:19
Entzun

Joaquin Rodriguezek (Katuxa) irabazi du Espainiako Vueltako seigarren etapa —Tarazona eta Jaca artean, 175,4 kilometro—, eta lidertzan mantendu ez ezik, hura segundo batzutan sendotzea lortu du. Chris Froome (Sky) izan da bigarren 5 segundora, eta Alejandro Valverde (Movistar) hirugarren, 10era.

Thomas De Gendtek (Vacansoleil), Pieter Weeningek (Orica), Martijn Maaskantek (Garmin), Joost Van Leijenek (Lotto) eta Kristof Vandewallek (Omega) osatu dute eguneko ihesaldia, nahiz eta lehenengo Movistarren eta ondoren Saxoren eginahalek, arrakastarako aukerarik gabe utzi dituzten. De Gendt aurrera egiten saiatu da, helmugatik 17 kilometrora erasoa jota. Erronka polita jarri dio tropelari, baina horiek garaipen gosea zuten, eta Alberto Contadorren taldekideak buruan, helmugatik 5 kilometrora harrapatu dute De Grendt.

Hirugarren mailako azken mendatea —helmuga gainean zegoen— bertan zen ordurako, eta kokapena berebizikoa izaki, tropelak abiadura zitala zeraman. Ibilbide estu eta sigi-sagatsuan barrena, banakako lerroan hasi dute txirrindulariek azken mendatea. Saxori, Skyk hartu dio lekukoa orduan, eta esprinta bailitzan, Chris Froome gurpilean zutela, lan itzela egin dute Sergio Henao eta Rigoberto Uranek, Froome %14rainoko maldatan abiarazten. Azkenerako baina, Joaquin Rodriguezek ohikoa duen kolpea jo eta garaipena lortu du. Horrelako koskatan parekorik ez duela erakutsi du, beste behin; aurkari guztiak gurpiletik atera ditu.

Alberto Contadorrek (Saxo) sufritu egin du amaieran, eta zer esanik ez, Igor Antonek (Euskaltel-Euskadi). Galdakoztarrak 57 segundo galdu ditu; bere gorputza doitu ezinik jarraitzen du itzuli honetan.

Etapako sailkapena

1. Joaquin Rodriguez (Katuxa). 4.15.56.
2. Chris Froome (Sky). 5era.
3. Alejandro Valverde (Movistar). 10era.
4. Alberto Contador (Saxo). 18ra.
5. Eros Capecchi (Liquigas). 19ra.
6. Rigoberto Uran (Sky). 20ra.
7. Rinaldo Nocentini (Ag2r). 25era.
8. Mauro Santambrogio (Bmc). 27ra.
9. Nicolas Roche (Ag2r). 28ra.
10. Robert Gesink (Rabobank). 32ra.

Sailkapen nagusia

1. Joaquin Rodriguez (Katuxa). 21.45.06.
2. Chris Froome (Sky). 10era.
3. Alberto Contador (Saxo). 35era.
4. Rigoberto Uran (Sky). 43ra.
5. Robert Gesink (Rabobank). 53ra.
6. Alejandro Valverde (Movistar). 54ra.
7. Nicolas Roche (Ag2r). 1.04ra.
8. Bauke Mollema (Rabobank). 1.12ra.
9. Daniel Moreno (Katuxa). 1.17ra.
10. Juan Jose Cobo (Movistar). 1.34ra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.