Quique Sanchez Flores: «Erreminta egokiak ditugu Alavesek mailari eusteko»

River Plate taldeak Eduardo Coudet fitxatu eta gero, Arabako taldeak gaur aurkeztu du entrenatzaile berria. Sanchez Flores «ilusioz eta eskertuta» mintzatu da, eta klubak eta taldeak beti izan duen lehiatzeko gaitasuna nabarmendu du.

Quique Sanchez Flores, Alaveseko entrenatzailea, gaurko aurkezpenean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Quique Sanchez Flores, Alaveseko entrenatzailea, gaurko aurkezpenean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
ainara arratibel gascon
2026ko martxoaren 4a
16:09
Entzun 00:00:00 00:00:00

Quique Sanchez Flores iritsi da Gasteizera. Atzo gauen baieztatu zen Eduardo Coudetek ez zuela segituko Arabako taldea zuzentzen; Argentinara itzuli, eta River Plate zuzenduko du hemendik aurrera. Berehala jakinarazi zuen Alavesek Sanchez Flores izango zela haren ordezkoa, eta gaur aurkeztu dute Mendizorrotzan. Pozik hitz egin du, eta Alavesek eman dion aukerarengatik eskertuta. «Umil nator, eta eskertuta Alaveseko arduradunek ni hona etortzeko izan duten gogoagatik; baita ni konbentzitzeko erabili dituzten irizpideengatik ere. Aukera handi bat da, eta elkarrekin hazten eta hobetzen segitzea nahi dut».

Segidan eman du bere asmoen berri. «Alavesek gaur egun dituen indarguneei eutsiko diegu. Izan ere, edozein entrenatzaileren jardunean daude aintzat hartzeko gauzak. Horrekin batera, normala denez, gure jokatzeko estiloari lotutako gauzak ezarriz joango gara. Gauza horiek oso lotuta daude Alavesen filosofiarekin, jokatzeko eta izateko moduarekin». Alaves «beti» talde oso lehiakorra izan dela nabarmendu du: «Haren aurka jokatu izan dudanean, hori izan da gehien miretsi dudana. Horregatik nago hemen, besteak beste. Baita duen kirol egitura sendorengatik ere». Sergio Fernandez kirol zuzendariak eta haren taldeak egindako lana goraipatu du, eta gogorarazi urteak daramatzatela «lan ona» egiten.

«Ez gatoz hautsita dagoen talde batera, baizik eta nortasuna duen eta ondo egituratuta dagoen batera. Alavesek jokalari oso onak ditu, gustuko ditudanak»

QUIQUE SANCHEZ FLORES Alavesen entrenatzailea

Jokalari multzoa «oso profesionala» dela uste du: «Ez gatoz hautsita dagoen talde batera, baizik eta nortasuna duen eta ondo egituratuta dagoen batera. Alavesek jokalari oso onak ditu, gustuko ditudanak. Hori da entrenatzaile bati gerta dakiokeen gauzarik onena. Jokalari guztiengandik onena ateratzea izango da nire egitekoa». Hamabi jardunaldi falta dira liga amaitzeko, eta Alaves hamaseigarren postuan dago sailkapenean. Hiru puntura ditu jaitsiera postuak. Sanchez Floresek honela aztertu du taldearen egoera: «Sailkapena oso estu dago. Bi partida irabazteak ez dizu ziurtatzen mailari eustea; eta, alderantziz, bi porrotengatik ez gara jaitsiko. Ilusioz aritu behar dugu, eta zehatz eta adi lan egin. Zelaian eta zelaitik kanpo, erreminta egokiak ditugu helburua lortzeko: Alavesek Lehen Mailan segitzea».

Sevilla eta Getafe entrenatu zituenean, antzeko egoerak bizi izan zituen: «Orduan bizi izan genuenak laguntzen dit baikor izaten. Nik eta nire lantaldeak zera ikasi genuen: baikor izanda eta lan eginez halako egoerak bideratu egiten direla. Ez dugu ezkor izateko arrazoi bakar bat ere». Etorkizunari begira ere jarri da, 2028ko ekainera arte sinatu baitu kontratua: «Espero dut behin kategoriari eutsita guztiok sufritu gabe gozatu ahal izatea futbolaz».

«Oso pozik gaude halako ibilbidea duen entrenatzaile bat hemen egoteagatik. Uste osoa dugu harengan, eta oso garrantzitsua iruditzen zaigu duen esperientzia eta hazteko gogoa»

SERGIO FERNANDEZ Alavesen kirol zuzendaria

Sanchez Flores eskarmentu handiko entrenatzailea da: 352 partida zuzendu ditu ligan. «Oso pozik gaude halako ibilbidea duen entrenatzaile bat hemen egoteagatik. Ziur gaude apustua ondo aterako dela, ilusioz eta lasai gaude datorrenerako. Uste osoa dugu harengan, eta oso garrantzitsua iruditzen zaigu duen esperientzia eta hazteko gogoa», adierazi du Sergio Fernandez kirol zuzendariak. Coudetena ez zutela espero aitortu du: «Baina futbolak halako gauzak ditu, eta prest egon behar dugu. Hala egon garela uste dugu». Taldea «ondo» dagoela nabarmendu du. «Eta uste dugu hau aukera bat dela are hobeto egoteko. Hori baino ez dugu buruan. Lanean ari gara denboraldi amaiera ez dadin aurrekoa bezain estua izan, baina mailari eusteko helburua betetzen badugu, asebeteta egongo gara».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.