Futbola

Quique Sanchez Floresek Eduardo Coudet ordezkatu du Alavesen

Coudetek Arabako taldeko entrenatzaile kargua utzi du, eta River Plate zuzenduko du. Sanchez Floresek 2028ko ekainera arteko kontratua adostu du.

Quique Sanchez Flores. BORJA SANCHEZ-TRILLO / EFE
Quique Sanchez Flores, Sevillako entrenatzaile zenean, 2023ko abenduan. BORJA SANCHEZ-TRILLO / EFE
Jone Bastida Alzuru.
2026ko martxoaren 3a
20:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zurrumurruak zeuden, eta baieztatu egin da: Eduardo Coudetek Alaveseko entrenatzaile kargua utzi du. Argentinarra River Plate taldeko teknikaria izango da aurrerantzean —Buenos Airesko taldean jokalari aritutakoa da—. Entrenatzaileak ekainera arte zuen kontratua Alavesekin, baina eten egin du. Coudetek garai korapilatsuan utzi du taldea, gainera. Mailari eustea da Gasteizko taldearen helburu nagusia, eta, jaisteko postuetatik kanpo badago ere, ez dabil fin azkenaldian: defentsan bigunegi ari da, eta erasoan kamuts. Ligako azken lau partidetatik bi galdu ditu, eta bi berdindu. Hortaz, hiru puntura ditu jaisteko postuak. 

Teknikariaren inguruan sortu den harrabotsak ez dio mesede egin Alavesi, eta emaitzetan islatu da hori; galtzak bete lan izango du taldearen lemazain berriak. Quique Sanchez Flores izango da hori, entrenatzaile espainiarrak 2028ko ekainera arteko kontratua adostu baitu Arabako taldearekin. Gaur bertan bidaiatuko du Gasteizera, lehen entrenamendua zuzenduko du bihar, eta igandean aulkian izango da, Alavesek Valentziaren zelaian jokatuko duen partidan. Sanchez Floresek eskarmentu handia du, 350 partida baino gehiago zuzendu baititu Espainiako Lehen Mailan. Valentzia, Atletico Madril, Getafe, Espanyol eta Sevilla zuzendu ditu. 

Ez da distiratsua izan Coudetek Gasteizen utzitako arrastoa. Argentinarrak ez du denboraldi oso bat egin arabarren aulkian. Iragan sasoian hartu zuen Alaves zuzentzeko ardura, 2024ko abenduan, eta Luis Garcia Plaza ordezkatu zuen. Ordutik, harreman gorabeheratsua izan du zaleekin. Hasieran, askok ez zuten begi onez ikusi Garcia Plaza kaleratu eta teknikari kargua Coudeten esku uztea. Hala ere, lortu zuen helburua: mailari eustea. 

Ekaitzaren erdian hartu zuen taldea Coudetek, eta sei partida behar izan zituen lehen garaipena lortzeko. Astez aste emaitza txarrak kateatu ahala, azken-aurreko posturaino jausi zen Alaves. Pixkanaka, baina, egoera irauli zuten. Taldea baloiaren jiran eraiki zalea da argentinarra, baina, estuasunari aurre egiteko, sendotasuna ipini zuen erdigunean, eta asmatu. Behin helburua lortuta, sasoia amaitutakoan, Alavesek beste urtebete luzatu zion kontratua entrenatzaileari. Dena den, asko aldatu zen taldea. Klubak hamar jokalari fitxatu zituen udan. 

Zailtasunak izaten ari da Alaves sasoi honetan. Espanyolen eta Betisen aurka lortutako garaipenek arnasa eman zioten taldeari, baina kinka larrian dago berriro. Batez ere, erasoan dituzte arazoak, golak sartzea kosta egiten baitzaie. Askotan taldearen argitasun falta izan da arazoaren sorburua. 

Jardunaldien joanean, gainera, defentsan sendo aritzeari utzi dio. Abendu hasieran Realari 1-0 irabazi zionetik, ligako partida guztietan sartu diote gutxienez gol bat. Hots, azken 11 neurketetan 19 gol sartu dizkiote. Sivera lanez lepo ibili da partida askotan, eta hori ez da seinale ona. Horiek horrela, giro hotzean agurtu du Coudetek Mendizorrotza. 

Datuak ere ez dira nabarmentzekoak. Coudetek ligako 49 partidatan zuzendu ditu arabarrak, eta partida gehiago galdu ditu irabazi baino: hain zuzen, taldeak ligako hamahiru partida irabazi ditu haren gidaritzapean, hamasei berdindu, eta hogei galdu. Azken sasoian sei irabazi, hamar berdindu eta zazpi galdu zituen; eta martxan den liga honetan, berriz, zazpi irabazi, sei berdindu eta hamahiru galdu.

Taldeak badu zer hobetua

Argentinako hainbat hedabidek akordioa egintzat jo zuten duela egun batzuk. Coudetek berak adierazi zuen «ohorea» dela klub horren aulkian esertzeko hautagaien artean egotea: «Zarata handia sortu da, normala denez. Hala gertatzen da Real Madril eta Bartzelona ere teknikari bila dabiltzanean. Haien gisara, River mundu mailako talde bat da», adierazi zuen. Entrenatzaileak behin baino gehiagotan aitortu du noizbait teknikari gisa itzuli nahiko lukeela hara, eta aukera sortu zaionean ez dio utzi ihes egiten. Marcelo Gallardoren tokia hartuko du. 

Coudeten inguruko zurrumurruak bukatu dira behintzat, eta gaitz erdi: aro berri bat hasiko du orain Alavesek, Sanchez Floresen aginduetara. Hamabi partida falta dira liga bukatzeko, eta, mailari eutsi nahi badio, badu zer hobetua. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.