Bizkaiak udako laugarren fitxaketa egin du. Adrien Moerman eta Nikos Zisis izan ziren Bilbora iristen lehenak. Joan den astean Fran Pilepic kroaziarra etorri zen, eta atzo, Milovan Rakovic pibot serbiarraren fitxaketa iragarri zuen Gescrapek. Rakovic saskipean beharrezkoa den jokalari tankerakoa da, talentuz mugatu samarra, baina gorpuzkera sendokoa. Egurra eman behar denean egurra ematen dakien horietakoa. Zalgiris Kaunasen jokatu du bukatu berri den sasoian, baina Montepaschi Sienak utzita aritu da.
Orain bi denboraldi lan polita egin zuen Italiako taldearekin, eta Lauko Finala ere jokatu zuen. Joan den sasoian, ordea, tokirik gabe geratu zen Pianigianiren taldean, eta Kaunasen minutu asko izango zituela jakitun, Lituaniara egin zuen jauzia. Rakovicen etorrerak hainbat zalantza jartzen ditu mahai gainean. Mavroeidisen tankerako jokalaria da, eta, BERRIAk jakin duenez, Mavrok Greziako bi talde nagusien eskaintza jaso du. D'Or Fischerren etorkizuna ere argitu barik dago, eta bistan da Rakovicekin bikote polita osatuko lukeela. Gaur-gaurkoz, ezin da baztertu Fischerrek Bilbon jarraitzea hurrengo sasoian.
Bilbora etor litekeen hurrena Txemi Urtasun nafarra izan liteke. Bizkaiaren eskaintza jaso du iruindarrak, Malagako Unicajak egin diona baino hobea, baina jokalariarena da erabakia orain. Urtasun Endesa Ligako eskolta onenetakoa izan da, eta sasoi biribila osatu du Sevillan.
Salgado, 2014ra arte
Donostia aldean ere bada mugimendua. Javi Salgado kapitainak bi urterako berritu du kontratua, eta, dena ondo bidean, bere kirol ibilbidea Donostian bukatzeko pausoa eman du. David Doblas pibotarekin duten hitzezko akordioa ere erabatekoa omen, baina hurrengo astean eginen da ofizial. Andy Pankok, ordea, ez du jarraituko Lagun Aron, ezta ACB ligan ere, bi urterako kontratua sinatu baitu Panathinaikosekin.
Caja Laboral Baskonian, berriz, Pablo Prigionik oin eta erdi du New York Knicks NBAko taldean. Hurrengo egunetan izango da ofiziala albistea, baina joko antolatzaile argentinarrak itsasoz bestaldean jokatuko du.
Rakovic da laugarrena
Zalgiriseko pibot serbiarrak bi sasoirako kontratua sinatu du Gescrap Bizkaiarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu