Alavesek balentria handia egin du gaur gauean, 1-2 irabazi baitio Real Madrili, Santiago Bernabeun. Sekulakoa da Arabako taldeak egin duena, talde ikaragarri indartsua hartu baitu mendean; non, eta haren zelaian, nola, eta Espainiako taldeak zeraman garaipen bolada ikusgarria etenda, azken hamar partidak irabaziak baitzituen. Hori aski ez, eta egun berezian egin du, justu duela sei urte irabazi baitzuen azken aldiz Alavesek Real Madrilen zelaian. Alfredo di Stefano estadioan izan zen, pandemia garaia baitzen. Orduan egin bezala, gaur ere 1-2 nagusitu zaio. 26 urte egin behar da atzera arabarrek Bernabeun irabazi zuten azken aldira joateko. 0-1 gailendu zen orduko hartan. 26 urteren ostean, berriro irabazi du estadio horretan.
Alavesek irabazi egin zuen Bernabeun jokatu aurreko partida, 3-1 Deportivori, Mendizorrotzan. Arabako taldeak oso ondo jokatu zuen egun horretan, eta, hori kontuan hartuta, Quique Sanchez Floresek nahiago izan du ia aldaketarik ez egin gaurko hamaikakoan, nahiz eta aurkaria askoz indartsuagoa izan. Aldaketa bakarra egin du: Mariano zelairatu du Lucas Boyeren ordez. Marianok urte askoan jokatu zuen Real Madrilen, baina atzeko atzetik utzi zuen kluba, arrakasta lortu ezinda. Aurrelariak pilatuta izan dezakeen amorru horri probetxua atera nahi izan dio Alaveseko entrenatzaileak. Nahi, eta lortu ere bai.
Hasiera-hasieratik oso argi geratu da zein asmo zuen talde bakoitzak. Real Madril lehen jokalditik hasi da estutzen, eta hasi eta gutxira, gola sartzekotan egon da, baina Siverak bikain gelditu du Viniciusek egindako jaurtiketa. Sanchez Floresek hauxe agindu die bere jokalariei: zelai erdian eta defentsan sendo aritzea, eta erasoan, aurkariak egin zezakeen hutsen bat baliatzen saiatzea.
Jokalariek hitzez hitz bete dute egitekoa, bikain egin ere bai. 22. minutuan, etxeko taldea gogotik estutzen ari zenean, Huijsenek huts larria egin du. Courtoisi pasatu dio baloia, baina gaizki egin du, eta Toni Martinezek aurre hartu dio. Alaveseko aurrelaria Real Madrileko atezainaren aurrean geratu da bakar-bakarrik, eta iskin egin dio, eta gola sartu. Toni Martinez Alaveseko goleatzaile nagusia izan zen aurreko denboraldian, baina sasoi honetan ez zuen bakar bat ere sartu. Gaur eten du bolada txar hori.
22. minutua zen, eta plana ezin hobeto ateratzen ari zitzaion Alavesi. Bisitariek sartutako golak talde baten eta bestearen jarrera indartu du: Real Madril erasora joan da itsu-itsuan. Alavesek, berriz, atzerapausoa eman du. Kosta ahala kosta aldeari eustea zen helburua. Nola edo hala lortu dute hori lehen zatian. Etxekoek aukera garbiak izan dituzte berdintzeko, baina, bisitarien zorionerako, ez dute asmatu ate aurrean.
Eutsi eta eutsi
Alaves bigarren kolpea ematekotan egon da bigarren zatia hasi bezain pronto. Abdek gol ikusgarria lortu du, baina epaileak baliogabetu egin dio, jokoz kanpo zegoelakoan. Bazegoen, baina zentimetro oso gutxirengatik. Bigarren ahaleginean, ordea, Arabako taldeak ez du huts egin. 61. minutuan, Marianok pase ederra eman dio Angel Perezi area barruan, eta hark maisuki egin dio iskin Courtoisi, eta gola sartu.
Ordu erdi falta zen, eta Alavesek aldeko zuen partida. Baina Bernabeun minutuak oso luze egiten dira. Real Madrilek azkeneraino estutuko zuen. Horregatik, Sanchez Floresek freskotasuna eman nahi izan dio taldeari, eta Gebara, Valentini eta Diallo zelairatu ditu, Denis, Abde eta Ibañezen ordez.
69. minutuan, Mbappek 1-2koa sartu du, korner baten ondoren. Sanchez Floresek azkeneko bi aldaketak egin ditu, eta Mañas eta Youssef zelairatu, Marianoren eta Angel Perezen ordez. Real Madril erauntsi baten pare ari zen. 84. minutuan, Espik zutoinera bota du baloia buruz. 86. minutuan, berriz, Bellinghamek lurrera bota du bere burua, area barruan, Valentiniren aurrean, eta epaileak penaltia adierazi du. Baina erabakia aldatu du gero, jokaldia telebistan ikusi eta gero. Are, bigarren txartel horia atera dio Real Madrileko jokalariari, eta, kanporatu egin du.
Alavesek jokalari bat gehiagorekin jokatuko ditu azken minutuak. Izugarri eskertu du hori, eta gai izan da aldeari eutsi eta irabazteko. Partida amaieran, pozarren ospatu dute kide guztiek garaipena. Ez da gutxiagorako, balentria egin baitute.  Â
REAL MADRIL-ALAVES
Real Madril. Courtois; Valverde, Konate, Huijsen, Cucurella; Gueler (Espi, 60. min.), Tchouameni (Bernardo Silva, 46. min.); Brahim (Diomande, 46. min.), Bellingham, Vinicius; eta Mbappe.
Alaves. Sivera; Angel Perez (Youssef, 77. min.), Tenaglia, Koski, Jonny, Abde (Diallo, 64. min.); Ibañez (Valentini, 64. min.), Blanco, Denis (Gebara, 59. min.); Toni Martinez eta Mariano (Mañas, 77. min.).
Golak. 0-1. Toni Martinezek (22. min.). 0-2. Angel Perezek (61. min.). 1-2. Mbappek (69. min.).