Real Madril eta Juventus estu eta larri sartu dira finalerdietan

unai zubeldia
2015eko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Luzapena ate joka Madrilen, eta luzapenera iristeko gol bakarra falta Monakon. Estuak izan ziren Txapeldunen Ligako final-laurdenetako itzuliko azken bi partidak. Joanekoek baldintzatuta, gehiegi arriskatu gabe aritu ziren hiru talde: Real Madril, Atletico Madril eta Juventus. Eta nahi eta ezinean laugarrena: Monako. Epaileak Arda Turani ateratako txartel gorriarekin Atletico Madril hamar jokalarirekin geratu berritan, Chicharito Hernandezek sartu zuen gola madrildarren derbian —0-0 amaitu zen joanekoa—; eta, tarteka sufritu arren, Juventus 0-0ekoari eusteko gai izan zen Monakon —italiarrek 1-0 irabazi zuten etxean—.

Real Madril baloia mugituz, eta Atletico Madril atzean zain. Espero zen bezala hasi zen partida Santiago Bernabeun, Sergio Ramos euskarri postuan zela. Chicharito eta Cristiano Ronaldoren jaurtiketa bana, horixe izan zen etxekoen lehen ordu erdiko uzta. Atletico Madrilek, berriz, jaurtiketa bakarra egin zuen, 29. minutuan; Casillasek erantzun ona eman zion Jesus Gamezi.

44. minutuan eduki zuen Cristiano Ronaldok ordura arteko aukerarik onena, eta 49.ean Chicharitok argi-argia. Baina Oblakek dotore erantzun zuen bi kasuetan. Itzaliz joan zen partida, baina epaileak 76. minutuan bigarren txartel horia atera zion Arda Turani, eta Chicharitok 88. minutuan sartu zuen 1-0ekoa. Eromena Santiago Bernabeun, eta Atletico Madril finalerdietatik kanpo.

Monako, ideia askorik gabe

Monakok gol bat behar zuen atzo luzapena behartzeko, baina ez zen gai izan Juventus estu hartzeko. 15. minutuan Barzagli bere atean gola sartzeko zorian egon zen, eta 51.ean eta 55.ean Buffon larri ibili zen baloia urruntzeko. Juventusena izan zen aukerarik argiena, ordea, 90. minutuan, Pirlok zutoinera bidali zuelako errematea. Bartzelona, Bayern Munich, Real Madril eta Juventus tartean direla, bihar egingo dute Txapeldunen Ligako finalerdietako zozketa, 12:00etan, Nyonen (Suitza).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.