Xabi Alonsok Real Madrileko entrenatzaile izateari utzi dio. Espainiako taldeak kargugabetu egin du gaur teknikari tolosarra. Real Madrilek Espainiako Superkopako finala galdu zuen atzo Bartzelonaren aurka, Saudi Arabian, eta, horren ondorioa izan da Alonso kargugabetzea.
Alonso udan iritsi zen Real Madrilera, Bayer Leverkusen Alemaniako taldearekin lan bikaina egin ondoren. Espainiako taldeak itxaropen handia zuen harengan, eta horren erakusle da hiru denboraldirako kontratua eskaini ziola. Bada, urte erdia besterik ez du beteko.
Emaitza txarrek kondenatu dute Alonso. Lehenbizi, iritsi berritan, Kluben Arteko Munduko Kopan, Paris Saint-Germainek astindua eman zion finalerdietan: 4-0. Espainiako Ligan, berriz, goitik behera egin du. Indartsu ekin zion, eta lider jarri zen, baina behera egin du gero. Horren ondorioz, haren aurkari nagusiak, Bartzelonak, aurrea hartu dio sailkapenean. Lehen itzulia jokatu eta gero, lider da Kataluniako taldea, eta Real Madril bigarren da, lau puntu gutxiagorekin. Txapeldunen Ligan ere hainbestean aritu da: lau partida irabazi ditu, eta bi galdu.
Emaitza txarrak lortzeaz gainera, taldeko zenbait jokalarirekin tirabirak izan ditu Alonsok: Viniciusek behin baino gehiagotan egin dizkio keinu itsusiak entrenatzaileak hura aldatu eta gero. Brasildarrak barkamena eskatu zuen gero, guztiei Alonsori ez beste. Hala ere, klubak ez zion babesa adierazi teknikari tolosarrari. Alvaro Arbeloa Real Madrileko jokalari izandakoak ordezkatuko du Alonso. Â