Real Unionek puntu bakarrera du orain salbazioa

Irungo taldeak gola jaso du hasi eta berehala, baina Tarragonan egin bezala, emaitzari buelta eman dio gero

2010eko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Real Unionek irabazi beharra zuen, eta hori egin zuen atzo, Huescaren aurka. Urre balioa duten 3 puntu batu zituen. Atzoko emaitzekin sailkapeneko azken postuak estu daude. Zuloan segitzen du Irungo taldeak, 21. postuan, baina puntu batera du orain salbazioa. 40 puntu ditu, 41 dituzte Cadiz eta Salamancak, atzo berdindu ostean, eta 42 ditu Huescak. Bost jardunaldi gelditzen zaizkio maila ez galtzeko.

Partida gaizki hasi zen Alonsoren hamaikakoarentzat, zazpigarren minutuan aurreratu baitzen Huesca, Gilvan Gomesek gola sartu ostean. Jaurtiketa gurutzatua sareetara bidali zuen. Jauregik ez zuen gelditzerik izan. Itxura txarra hartu zuen norgehiagokak. Lehen 45 minutuetan joko gutxi erakutsi zuen Real Unionek, erasoan kamuts aritu baitzen. Amaiera aldera, aukera bakan batzuk sortu zituen, baina ez alferrik. Huescak ez zuen lehia erabakita utzi, eta bigarren zatian garesti ordaindu zuen.

Bigarren zatiak ez zuen aurrenekoarekin zer ikusirik izan. Real Union sendo zelairatu zen, garaipenaren bila. 48. minutuan jaso zuen horren saria, Gorka Britek sartutako golarekin. Gora egin zuen taldearen jokoak eta aukera onak sortu zituen. Gainera, etxeko taldeak besoak jaitsi zituen berdinketarekin. Aukerak egin bakarrik ez golak ere sartu zituen Real Unionek. Juan Dominguezek sartu zuen Real Unionen bigarren gola, 83. minutuan. Partidaren aurretik jokatuko zuen edo ez zalantzan zegoen, eskuin orkatilan bihurritua zuelako.

Real Unionen hirugarren gola Goikoetxeak sartu zuen. Lasaitasunaren gola izango zela zirudien baina ez zen horrela izan, 88. minutuan Moisesek 2-3koa jarri baitzuen markagailuan. Azken minutuetan, beraz, sufritzea tokatu zen emaitzari eusteko. Alabaina, poza izan zen nagusi partida bukatu ostean, hiru puntu batzeak garrantzi handia baitzuen. Salbazioa puntu batera du Real Unionek. Gainera atzoko aurkaria, Huesca, egoera txarrean gelditu da, eta maila ez galtzeko borrokan sartu da.



Huesca 2

Real Union 3

Huesca. Doblas; De la Vega, Corona, Dorado, Neru; Paco Borrego, Helguera (Moises, 77. min.); Rico, Camacho, Gilvan; eta Rubiato

(Vicente Pascual, 61. min.).

Real Union. Jauregi; Deskarga (Abasolo, 70. min.), Lacruz,

Gerlo, Salcedo; Beobide, Romo, Quero (Markel, 80. min.), Dominguez, Duran (Goikoetxea, 63. min.); eta Brit.

Golak. 1-0. Gilvanek (5. min.); 1-1. Britek (48. min.); 1-2. Dominguezek (83. min.); 1-3. Goikoetxeak (86. min.); 2-3. Moisesek (88. min.)

Epailea. Amoedo Chas. Txartel horiak: Huescako De la Vegari; eta Real Unioneko Goikoetxeari.

Bestelakoak. 4.200 ikusle inguru Alcoraz futbol zelaian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.