REALA 0-1 ATHLETIC

Athleticek irabazi du Euskal Herria Txapela

Talde zuri-gorria txuri-urdinari nagusitu zaio Anoetan, eta laugarrenez irabazi du Euskal Herria Txapela. Maroan Sanadik sartu du partidako gol bakarra. Mikel Etxarriri omenaldi beroa eskaini diote, urteetan futbolaren alde egindako lana aitortuz.

EUSKAL HERRIA TXAPELA. JON URBE / FOKU
Maroan Sanadi, gola sartzen, Athletici Euskal Herria Txapela irabazteko balio izan diona. JON URBE / FOKU
jon eskudero
2026ko urriaren 2a
21:32
Entzun 00:00:00 00:00:00

Txapel beltzak Athletici argitu dio burua gaur Anoetan, Euskal Herria Txapelaren finalean. Sasoiari gorabeheratsu ekin ondotik, bi taldeek zuten aukera ederra sentsazio onak berreskuratzeko, eta zuri-gorriek zuku gehiago atera diote arratsari. Ez zen partida ikusgarria izan inondik ere, baina bisitariek meritu gehiago egin dute irabazteko. Lehen zatian hainbestean, baina bigarrenean nagusi izan da Edin Terzicek entrenatutako taldea, eta Maroanek buruz egindako gol batek eman die titulua bilbotarrei. Atzean sendo jokatu dute, eta erasoan Reala baino finago aritu dira. Jokalari garrantzitsuenen hutsunea gehiegi nabaritu du Pellegrino Matarazzoren multzoak, eta nahi eta ezin aritu da erabat. Hala, laugarren aldiz irabazi du txapela Athleticek, eta bera da buru sailkapenean. Hiru titulu ditu Osasunak, eta bakarra, Realak. 

Partidak berak baino emozio gehiago izan du atarikoak, omenaldi hunkigarria egin baitiote Mikel Etxarriri. Realaren harrobian eta Eibarren eginiko lanaren aitortza jaso du entrenatzaile ohiak, baita euskal selekzioaren alde egindakoagatik ere. Horregatik, alboan izan ditu bi ikur handi: Jose Angel Iribar eta Inaxio Kortabarria. Bideo batean, berriz, urteetan Etxarriren albotik igarotako hainbat teknikarik hitz egin dute: Unay Emeryk, Jagoba Arrasatek, Jabo Iruretak, Iñigo Perezek, Beñat San Josek, Mikel Labakak eta Andoni Iraolak, hurrenez hurren. Guztiek eskertu diete beraien maisu izana, eta Etxarrik futbolarekiko duen pasioa nabarmendu dute. Omenaldia amaitzeko, ohorezko sakea egin du omenduak berak, eta txalo zaparrada jo diote. 

Ekitaldiaren garrantzia tarteko, hamar minutu beranduago ekin zaio finalari, baina bi taldeetako jokalariak ez dira nonbait garaiz esnatu, astunak eta motelak izan baitira lehen minutuak. Lagunartekoa izan arren, minutu gutxien jokatzen ari diren jokalariek aukera ederra zuten beraien berri emateko, baina ez dute askorik baliatu. Baloiarekin zerbait gehiago proposatu dute hasieran zuri-gorriek, baina ez dute batere sakontasunik izan. Realak nahiago izan du atzean itxaron eta pixkanaka neurria hartu lehiari. Aurrelari petorik gabe jokatu duenez, apur bat galduta ibili dira txuri-urdinen erasoko jokalariak. 

Aldaketek mesede

Lehen ordu laurdena betetzearekin batera animatu dira bi taldeak, batez ere, bilbotarrak. Johaneko izan da onena. Ezker hegaletik joan-etorrian ibili da erabat, eta distira erakutsi du pare bat jokalditan. Gola ere egin du 17. minutuan, baina baliogabetu egin dio epaileak, baloia eskuarekin ukitu duelako. Nahiz eta distiratsu jokatu ez, arrisku sentsazio handiagoa azaldu du Terzicen taldeak. Lehen zatiko azken jokaldian langara bidali du baloia Maroanek. 

Bigarren zatian ireki egin da lehia, beste bizitasun eta erritmo batekin zelairatu direlako bi taldeak. Aihenek gol ederra sartu du hasieran, baina jokoz kanpo zegoen. Bestea aldean, Marrero izan da protagonista. Goi mailako bi geldiketa egin ditu bata bestearen jarraian, eta hark eutsi dio emaitzari bere horretan. Dena den, ezin izan du ezer egin Maroanen burukadaren aurrean, 58. minutuan. Robert Navarroren erdiraketa bati erremate bikaina egin dio aurrelariak, eta sareetara bidali du baloia. Gol horrek aldatu egin du finalaren gidoia. Aurrerapausoa eman du Realak, baina kalitatea falta izan zaio erasoan. Harrobiko gazteek ez dute gaitasunik izan zuri-gorrien atezaina estutzeko. Athleticek, berriz, arazorik gabe eutsi dio emaitzari, eta merezita jantzi du txapel preziatua. 

REALA-ATHLETIC
Reala.
Remiro; Ruperez (Lebarbier, 84. min.), Beitia, Pacheco, Aihen (Sergio Gomez, 59. min.); Gorrotxategi (Agirre, 70. min.), Turrientes (Soler, 70. min.); Marchal (Dani Diaz, 59. min), Zakharyan, Pablo Marin (Barrenetxea, 61. min.); eta Guedes (Carrera, 84. min.).
Athletic. Santos; Hugo Rincon (Areso, 61. min.), Yeray (Jauregizar, 46. min.), Paredes (Vivian, 70. min.), Johaneko (Yuri, 70. min.); Prados (Gerenabarrena, 61. min.), Rego, Canales (Sancet, 61. min.); Robert Navarro, Berenguer (Nico Serrano, 46. min.) eta Maroan (Guruzeta, 70. min.).  
Golak. 0-1: Maroanek (58. min.).

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA