Iñaki Alkiza

Reala berritu zuen

Iñaki Alkiza politikari eta Realeko presidente ohia hil da. Kirol lorpenez gain, aipatzekoa da kluba modernizatzeko egin zituen erreformak. 89 urte zituen.

JON URBE / FOKU.
jon ordonez garmendia
2023ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Iñaki Alkiza politikari eta Realeko presidente ohia hil da, 89 urterekin. Donostiako Herrera auzoan jaio zen, 1933an, baina, 4 urte zituenean ama hil ondoren, Altza auzora joan ziren bizitzera aita eta hiru anai-arrebak. Haren izena Realarekin estuki lotuta badago ere, kargu aipagarriak bete zituen Donostiako Udalean eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan ere.

Haurtzaroan gertutik ezagutu zuen Espainiako gerra. Hala aitortu zuen 2014an elkarrizketa batean: «Ume nintzela, bete-betean bizi izan nituen 1936ko gerra eta frankismoa. Gogoan dut nola sartu ziren karlistak Donostiara. Gure etxe aurretik pasatu ziren, kamioi handi batzuetan. Aita frontera eraman zuten. Gerra amaitu, eta Irunera eraman zuten soldadu. Ondoren, Ondarretako kartzelara destinatu zuten».

Francisco Franco diktadorea hil osteko lehen udal hauteskundeak egin aurretik, Donostiako Udala gobernatu zuen kudeaketa batzordeko kide izan zen, EAJ ordezkatuz: «Beharra ikusten nuen laguntzeko; batez ere, lehen aldian, frankismoa bete-betean baitzegoen». 1979an Ramon Jauregik Donostiako kudeaketa batzordeko presidente kargua utzi zuenean (alkate izatearen pareko kargua zen), Alkizak hartu zuen lekukoa. Udal hauteskundeak egin bitartean egon zen alkatetzan, eta, lehen udal hauteskundeetan herritarrek Jesus Mari Alkain alderdikidea hautatu zutenean, hari eman zion lekukoa.

Horren ostean, politika utzi zuen, eta Jose Luis Orbegozo Realeko presidentearen zuzendaritzan sartu zen. Lehenago ere egona zen Realean, talde txuri-urdineko jokalari izan baitzen 1955 eta 1961 bitartean. Aurrelaria zen, eta 73 partidatan bederatzi gol sartu zituen. Hernaniko futbol taldearekin Atotxan final bat jokatu ostean fitxatu zuen Realak, eta Atletico Madrilen aurka egin zuen debuta lehen taldearekin. Giltzurrunetako osasun arazo batek behartuta utzi zion futbolean jokatzeari.

Elkarte anonimoa, Anoeta...

Orbegozok Realeko presidentetza utzi ostean, hartu zuen kargua, eta 1992ra arte izan zen presidentetzan. Erronka handia zen, Orbegozoren itzala handia baitzen Gipuzkoan, Espainiako Liga bitan irabazi ostean. Baina, Alkizaren agintaldian, Realak Espainiako Kopa irabazi zuen 1987an, eta 1988an Espainiako Ligako eta Kopako txapeldunorde izan zen. Alkizak Alberto Ormaetxea entrenatzaile ezaguna bota zuen, eta hari esker iritsi zen John Benjamin Toshack; hark beste aro bat ekarri zuen. Nabarmentzekoa da haren agintaldian hasi zela Reala jokalari atzerritarrak fitxatzen: John Aldridge aurrelari irlandarra izan zen lehena, 1989an.

Kirol lorpenez gain, aipatzekoa dira kluba modernizatzeko eginiko erreformak ere. Realak Atotxa futbol zelaia utzi zuen Anoeta estadio berrian jokatzeko, eta, klubaren arazo ekonomikoei aurre egiteko, sozietate anonimo bihurtu zen: «Ez dago ondo nik esatea, baina uste dut asmatu genuela nola egin. Anoetara aldatzea ere beharrezkoa zen. Hori dena lotuta edukita eta semea lehen taldean egonda, uzteko garaia zela iruditu zitzaidan», esan zuen 2014an.

Sozietate anonimo bihurtzeko prozesua gidatu ondoren utzi zuen Realeko presidentetza. Argudiatu zuen Bittor Alkiza semea lehen taldean jokatzen ari zela eta ez zuela nahi bere karguak semearen ibilbidean eragiterik. Kargua utzi ostean, Realak Athletici saldu zion Bittor Alkiza. Egun, Osasunako bigarren entrenatzailea da.

1995ean berriro itzuli zen politikara, baina Eusko Alkartasunarekin. «EAJ banandu zenean, Gipuzkoako gehienak Garaikoetxearekin joan ginen; ni ere bai». Gipuzkoako Batzar Nagusietarako zerrendan aurkeztu zen, Donostialdeko zerrendaburu; ahaldun nagusi izateko hautagai Jose Julian Irizar izan zen. EAJren eta Herri Batasunaren ostean, boto gehien zuten zerrendetan hirugarrena izan zen EArena. Gipuzkoako Batzar Nagusietako batzarkide aukeratu zuten, eta 1995-1999 legegintzaldian Batzar Nagusietako presidenteorde izan zen. 1999an EAJk eta EAk egin zuten hautagaitza bateratuan aurkeztu zen, eta, berriro batzarkide izateaz gain, Batzar Nagusietako presidente izendatu zuten. 2003an politika utzi zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.