Gereziak deitzen diete Bournemouth Ingalaterrako futbol taldeko jokalariei. Haien ohiko elastikoa gorria eta beltza delako eta estadioa gereziz betetako zelai baten ondoan zegoelako deitzen diete horrela. Bada, gereziak kontrako eztarritik joan zaizkio gaur Realari. Talde txuri-urdinak 1-2 galdu du Bournemouthen aurka, Anoetan, Europa ligako lehen jardunaldian. Esku hutsik geratu da Reala etxean, zaleen aurrean. Txapelketari ekiteko modu okerra da, eta, horren ondorioz, are gehiago zaildu zaie txuri-urdinei txapelketa honetan euren buruari jarri dioten helburua: lehen fasean aurreneko zortzi taldeen artean sailkatzea. Hasi orduko kontrakarrean aritu beharko dute.
Bournemouthek presio handia egiten die aurkariei, eta bizi eta erasokor jokatzen du. Hori jakinik, aldaketa garrantzitsua egin du Pellegrino Matarazzok, eta Realean ari denetik lehen aldiz jarri ditu hiru erdiko atzelari hasierako hamaikakoan: Beitia, Jon Martin eta Sarr. Hector Fort eta Sergio Gomez ipini ditu defentsaren hegaletan; Herrera eta Turrientes zelai erdian; eta Oiartzabal, Oskarsson eta Barrenetxea erasoan. Atean, berriz, Marreroren alde egin du. Hau da, beste joko sistema baten alde egiteaz gain, sei aldaketa egin ditu Atletico Madrilen aurka hasieratik zelairatu zuen hamaikakoarekin konparatuz. Horrenbeste aldaketa eginez zerbait aldarazi nahi izan du Realeko entrenatzaileak.
Baina apustua ustela izan da, bost atzelarirekin iparra galduta aritu baita Reala. 11. minutuan, Truffertek bizkarra hartu dio Hector Forti, erdiratu egin du, eta Justin Kluivertek bikain errematatu du area txikian. Epaileak baliogabetu egin du gola hasiera batean, Bournemoutheko aurrelaria jokoz kanpo zegoelakoan, baina iritzia aldatu du jokaldia telebistan ikusi eta gero. Hamar minutu eskas geroago, berriz, Hector Fortek, Sergio Gomezek eta Marrerok egin dute huts elkarren segidan, eta Rayanek ez du barkatu, eta buruz baloia loratuz sartu du bigarren gola. Hogei minutu baino ez ziren jokatu, eta ingelesek oso bideratuta zuten garaipena. Erabat bideratzekotan egon dira lehen zatia amaitu aurretik, baina, etxekoen zorionerako, ez dira lehen minutuetan bezain eraginkor aritu. Realak eskertu egin du atsedenaldia, amesgaizto baten moduko zerbait bizitzen ari baitzen. Sekulako ezina erakutsi du.Â
Petrovicen geldiketak
Bost atzelarirekin aritzeko apustua ustela izan zela ikusita, Matarazzok sistema aldatu du atsedenalditik bueltan, eta ohiko 4-3-3koaren alde egin du. Guedes zelairatu du Hector Forten ordez. Sistema ezagunago horrekin gorakada handia izan du Realak, eta partidako lehen minutuetan egin bezala, Bournemouth estu hartzen hasi da. 56. minutuan, Petrovicek geldiketa bikaina egin dio Barrenetxeari. Hurrengo jokaldian, berriz, Sergio Gomezek erdiraketa egin du, eta baloia sareetara joan da, inork hura ukitu gabe. Lehen helburua lortu du Realak: aldea txikitzea.  Â
Partidaren egoera goitik behera aldatu da: etxekoak erraz antzean iristen ziren arriskuarekin Bournemouthen arearen ingurura; bisitariek, ordea, nekez egiten zuten aurrera. 85. minutuan, Oskarsson berdintzekotan egon da, baina Petrovicek geldiketa ederra egin dio. Gauza bera egin dio bost minutu geroago. Azkenean, erdibidean geratu diran txuri-urdinak, berdindu ezinik. Â Â Â
Realak etxetik kanpo jokatuko ditu hurrengo bi partidak Europa ligan: lehena, Belgikan, Union Saint-Gilloiseren aurka, eta, bigarrena, Norvegian, Lillestromen kontra. Bi talde horiek Bournemouth baino apalagoak dira, beraz, irabazi beharreko partidak dira. Baina, horretarako, hobeto aritu beharko dute txuri-urdinek. Seguru Matarazzok ez dituela berriro bost atzelari zelairatuko.Â
REALA-BOURNEMOUTH
Reala. Marrero; Hector Fort (Guedes, 46. min.), Beitia, Jon Martin, Sarr, Sergio Gomez; Herrera (Zakharian, 84. min.), Turrientes (Gorrotxategi, 59. min.); Oiartzabal (Sucic, 74. min.), Oskarsson eta Barrenetxea (Kubo, 83. min.).
Bournemouth. Petrovic; Smith (Christie, 63. min.), Hill, Antonio Silva, Truffert; Rayan (Gannon-Doak, 71. min.), Scott, Adams (Diakite, 63. min.), Tavernier; Evanilson (Alvaro Rodriguez, 71. min.) eta Justin Kluivert (Brooks, 83. min.).
Golak. 0-1: Justin Kluivertek (11. min.). 0-2: Rayanek (20. min.). 1-2: Sergio Gomezek (57. min.).Â