Kolpe gogorra jaso du  Realak Londresen, Crystal Palacen aurka 2-1 galduta. Txuri-urdinak nagusi izan dira lehen zatiaren azken txanpan eta bigarrenaren hasieran. Hainbat gol aukera izan ditu aurretik jartzeko. Baina beste behin ez dira eraginkor aritu aurkariaren ate aurrean. Azkenerako lortu dute aurretik jartzea, Sarrek 66. minutuan sartutako golari esker.Â
Baina handik zazpi minutura epaileak oso penalti eztabaidagarria adierazi die, eta Jon Martini bigarren txartel horia atera dio. Matetak ez du huts egin hamaika metroetatik, eta ondoren McNeilek eman dio buelta partidari. Bigarren penalti bat ere adierazi dio Realari epaileak, partida amaitzear zela. Baina Marrerok geratu du oraingoan. Gaurko porrotarekin Realak estutu egin beharko du 24 onenen artean geratzeko azken hiru jardunaldietan.
Pellegrino Matarazzok hainbat aldaketa egin ditu hamaikakoan, eta hasieratik aritu dira gutxiago jokatu ohi duten hainbat jokalari: Aihen, Zakharian eta Ochieng. Bestalde, espero bezala Unai Marrerok zaindu du txuri-urdinen atea, eta Jon Martin hasierako hamaikakora itzuli da. Bizi hasi da partida, apenas egon da etenik, eta bi taldeak zuzen jokatuz. Baina minutuak aurrera joan ahala Realak gehiago landu zituen jokaldiak, eta pixkanaka baloiaren jabe egin da, nahiz eta ez duen aparteko arriskurik sortu.Â
Izan ere, atzean ere sendo eutsi nahi dio, baloia berreskuratu bezain laster etxekoek Pino, Nketiah eta Mateta bilatzen baitzituzten, haien buruz buruko jokaldiak eta abiadura baliatzeko. Realak lehen ordu laurdena pasata gerturatu da estreinakoz Hendersonren atera. Baina Oiartzabalen errematea kanpora joan da. Ia segidan Ochiengek buruz buruko jokaldi egin du eskuinetik. Ia ondoko marrara iritsi da, eta pasea eman dio atzera Turrientesi. Har, kontrol bat egin beharrean, zetorkion bezala jo du baloia, baina Ingalaterrako taldearen jokalari batean jo du.
Ez talde batek ez besteak ez du lortu jokoaren ekimena izatea. Baina lehen zatiko abagune argienak Realak izan ditu ordu erdi pasatxo zela, Guedesek egindako pare bat errematerekin. Baina Hendersonek aldendu ditu. Lehen zatiaren azken txanpa horretan txuri-urdinek biziago jokatu dute, nagusi izan dira eta arriskua sortu dute portugaldarrak eta Ochiengek egindako haustura mugimenduekin. Etxekoek sortu dutel gol aukera apurrenetakoa Timberrek izan du, baina kanpora joan zaio errematea. Matetak ere ez du aparte izan gola, alboko sake batean buruz jo duen baloi batean. Baina azkenerako golik gabe amaitu da lehen zatia.Â
Bigarren zatiari ere ondo ekin dio Matarazzok zuzentzen duen taldeak, Hector Forten erdiraketa batekin; baina Hendersonek ondo sartu du eskua. Oso garbia izan da segidan Oiartzabalek izan duen aukera. Turrientesek pase bikaina eman dio sakonean Guedesi. Hark Oiartzabali eman dio baloia, baina dena alde zuela, area txikian, atezainaren gorputzera errematatu du. Aurkariaren ate aurrean ez dabil fin kapitaina. Segidan beste bi aukera izan dituzte txuri-urdinek; baina eraginkortasuna falta izan zaie arean.Â
Aurrelariek asmatu ezean, atzelari bat izan da Realarentzat gola sartu duena, eta zelaian zuen nagusitasuna biribildu duena: Sarr. Txuri-urdinen korner jaurtiketa baten ostean, baloia Guedesi ailegatu zaio, hark Ochiengi eman dio pasea, eta hegalekoak egindako erdiraketa Sarrek bidali du sareetara, aurrelari bat izango balitz bezala.Â
Penalti eztabaidagarria
Realak zailena egin du. Hurrengo minutuetan etxekoek aurrerapausoa eman dute, eta berdinketa lortu dute jokaldi oso eztabaidagarri baten ostean. Erdiraketa batean Jon Martinek apur bat heldu zuen Mateta, eta aurrelaria errematea egitera joaterakoan lurrera joan da. Epaileak penaltia adierazi du, eta bigarren txartela atera dio Jon Martini. 73. minutua zen. Matetak jaurti du, eta Marrerok ezin izan du penaltia geratu.Â
Azken ordu laurdena jokalari bat gutxiagoarekin jokatu du Realak. Etxekoek estutu egin dute hortik aurrera, garaipenaren bila. Realak ez du jakin eusten, eta Sarrek golaren arrastoan baloi bat atera eta gero, hurrengo jokaldian bigarrena sartu dute gola etxekoek. Kolpe oso gogorra izan da txuri-urdinentzat. Yeremik erdiratu du, Larssenek txilenaz jo du, eta azkenerako bigarren zutoinean agertu da McNeil gola sartzeko (81. min).
Partida luzapenean zela beste penalti bat adierazi du epaileak, Solerrek arean baloia eskuarekin jo eta gero. Oraingoan Marrerok penaltiak geratzeko duen trebezia erakutsi du, eta Yeremi Pinoren jaurtiketa geratu du 93. minutuan. Partidako azken jokaldian berdinketa lortzear egon dira txuri-urdinak, baina Oskarssonek atearen albo batera errematatu du. Beste behin garesti ordaindu dute txuri-urdinek eraginkortasun falta. Esku hutsik bueltatu dira Donostiara, eta korapilatu egin zaie Europan segitzea.
Crystal Palace-Reala
Crystal Palace: Henderson; Timber, Canvot (Khalaili, 80. min.), Disasi, Richards, Chilwell (Mitchell, 80. min.); Hughes, Kamada (Larsen, 80. min.); Pino, Nketiah (McNeil, 57. min.) eta Mateta (Osorio, 88. min.).
Reala: Marrero; Fort (Zubeldia, 76. min.), Jon Martin, Sarr, Muñoz; Ochieng (Sucic, 87. min.), Gorrotxategi, Turrientes (Soler, 67. min.), Guedes (Oskarsson, 68. min.); Oiartzabal eta Zakharian (Sergio Gomez, 76. min.).
Golak: 0-1: Sarrek (66. min). 2-1: Matetak (73. min., penaltiz). 2-1: McNeilek (81. min).