Burumakur amaitu dute gaur eguna realzaleek, txuri-urdinak Espainiako Kopatik kanpo geratu baitira. Eta, gainera, modurik mingarrienean. Arauzko denbora hutsean amaitu ondoren, Badalonak gola sartu du luzapenean, 113. minutuan. Lucia Pardok penalti bat huts egin du 90. minutuan, eta taldeak garesti ordaindu du gerora. Donostiako taldea zen finalerdietarako sailkatzeko faboritoa, eta, gainera, etxean jokatzen zuen, baina ez du lortu.
Indartsu hasi du partida Realak; erasokor eta bizi. Epaileak txistua jo orduko argi erakutsi du asmoa. Lehen minutua bete aurretik izan du lehen gol aukera, baina Emma Ramirezek egindako jaurtiketa kanpora joan da. Eta bosgarren minutuan, balio ez zuen arren, gola sartu du Cecilia Marcosek. Ondo loratu du baloia, baina jokoz kanpo zegoela adierazi du epaileak.
Hasiera-hasieratik txuri-urdinek izan dute jokoaren ekimena. 2023tik Kopan zaleen aurrean jokatu gabe zegoen Reala, eta aukera aprobetxatu nahi zuen. Potoloa zen saria, gainera: finalerdietarako sailkatzea.
Hala ere, pixkana piztu egin da Badalona, eta txuri-urdinen jokoari neurria hartuz joan da. Behera egin du Realak, eta gora, Badalonak. Hain zuzen, Baninik aukera garbi-garbia izan du 33. minutuan. Parean Realeko jokalaririk ez zuela hartu du baloia, eta haren jaurtiketa gaiztoa zutoinetik gertu joan da.
Txuri-urdinak sufritzen ari ziren, eta harmailetan antzeman dute: zaleek animoz bultzatu dute taldea. Jokalariek behar zuten, eta on egin die. Erasoan bukatu du Realak lehen zatia, baina ez da gai izan markagailuan aurrea hartzeko.
Azken unean, kolpea
Bi aldaketa egin ditu Badalonak atsedenaldian. Eta, egiari zor, hobeto zelairatu dira aurkariak. Trabatzen ari zitzaion kanporaketa Realari, eta bi aldaketa egin ditu Arturo Ruizek ere. Intza eta Aiara zelairatu dira Guridiren eta Cecilia Marcosen ordez.
Ausart jo dute erasora gero bi taldeek; edozer gerta zitekeen. 64. minutuan Badalonak sustoa eman dio Realari, eta ez nolanahikoa. Chamorrok gola sartu du, baina lehen zatian Cecilia bezala, jokoz kanpo zegoen aurrelaria. Beraz, baliogabetu egin du epaileak.
Arriskua sortzen ari ziren partidan; elkarri min egiten ari ziren bi taldeak, eta bai bata eta bai bestea sufritzen ari ziren nor bere arean.
Kanporaketan kolpe erabakigarria emateko aukera bikaina izan du Realak arauzko azken minutuetan, baina ez du asmatu. 86. minutuan, epaileak txuri-urdinen aldeko penaltia adierazi du, Lavogez zelairatu berriari egindakoa. VAR sistema erabilita, epaileak berretsi egin du hartutako erabakia, jokaldia patxadaz ikusi ostean. 90. minutuan bota du Lucia Pardok, baina atezainak geratu egin du jaurtiketa.
Lanean segitu beharra zuten txuri-urdinek, eta halaxe egin dute. Oraindik luzapen osoa zuten aurretik gola sartzeko. Erritmo biziari eutsi diote bi taldeek, baina kementsuago ari zen Reala. Pixkanaka, atzean sartu dira Badalonako jokalariak, txuri-urdinen erauntsiari eutsi nahian. Golik gabe amaitu da, halere, luzapeneko lehen zatia.Â
Bigarrenaren hasieran aukera ona izan du Lucia Pardok, baina atezainak geldiketa ikusgarri batekin erantzun dio. Penaltia ere eskatu dute txuri-urdinek.
Azkenean, Badalonak sartu du gola, 113. minutuan. Kolpe handia izan da txuri-urdinentzat. Saiatu dira partida berdintzen, baina ezin izan dute.
Reala-Badalona
Reala. Arrula; Emma (Lucia Rodriguez, 66. min), Aparicio, Florentino, Moraza; Eizagirre (Lucia Pardo, 66. min), Cahynova, Andreia (Fernandez, 94. min), Guridi (Intza, 56. min), Marcos (Aiara, 56. min); eta Uria (Lavogez, 84. min).
Badalona. Maria; Itzi, Cubedo, Majarin (Irina, 105. min), Barclais; Carmona, Gonzalez (Jungle, 92. min), Lorena (Llompart, 46. min); Julve (Sanchez, 92. min), Banini (Jankovska, 71. min) eta Kullashi (Chamorro, 46. min).
Golak. 0-1: Itzi Pinillosek (113. min).