Realak bihar ekingo dio Europa kopan lehiatzeari. Kluben arteko bigarren txapelketak bigarren aldia du, eta Txapeldunen Ligako kanporaketan Chelsearen aurka galdu eta gero, bertan arituko da Gorka Alvarezek zuzentzen duen taldea. Final-hamaseirenetako kanporaketan izango da, eta joaneko partida Edinburgon jokatuko du. Eskoziako ligako egungo txapelduna izango du aurrez aurre: Heart of Midlothian (20:00).Â
Europan aritzea beti da pizgarri, eta oraingoan are gehiago izatea nahi dute txuri-urdinek. Hala adierazi dute gaur, partida atariko prentsaurrekoan, Nahia Aparacio jokalariak eta Gorka Alvarez entrenatzaileak. Izan ere, oraindik ez dute partidarik irabazi denboraldi honetan, eta biharko norgehiagoka joera hori aldatzeko pizgarria izatea nahi dute. Horrekin batera, emaitza ona lortu nahi dute, datorren asteazkenean Zubietan jokatuko duten itzulerako neurketari begira.Â
Taldeak ligan jokatutako lau partidetatik bi galdu ditu, eta beste bi berdindu. Gainera, Txapeldunen Ligan atariko kanporaketako bi norgehiagokak galdu egin zituen. Apariciok onartu du denboraldia ez dutela nahi bezala hasi, baina taldea «lasai» ikusten du, eta baikor mintzatu da: «Badakigu Europan jokatzea berezia dela. Halako txapelketa bat gutxitan jokatzen da, eta gogoz eta ilusioz gaude. Taldeak pixkanaka gero eta sentsazio hobeak ditu zelaian, eta azken bi partidetan hobeto aritu gara. Hori kontuan hartu behar dugu, eta ziur nago hala jarraituz gero emaitzak iritsiko direla. Kanporaketa honetan bi partida on egitea pizgarri izan daiteke horretarako, eta eraiki nahi dugun hori eraikitzen jarraitzeko».Â
«Badakigu Europan jokatzea berezia dela. Halako txapelketa bat gutxitan jokatzen da, eta gogoz eta ilusioz gaude»Â
NAHIA APARICIO Realeko jokalaria
Ilusioz daudela berretsi du Alvarezek, eta uste du beste txapelketa bati heltzeak «mesede» egingo diela, «batez ere psikologikoki». Prestatzaileak ere berretsi du taldeak aurrerapauso bat eman duela azken bi partidetan: «Horri segida eman nahi diogu». Garaipena lortzeko aurkariaren ate aurrean «finago aritzea» falta zaiela uste du Apariciok. Hori berresteaz gain, zera erantsi du Alvarezek: «Aurkariaren area ertzera erraz iristen gara, baina azken erabakiak hartzean ez gara asmatzen ari. Dena den, nire ustez, atzean gero eta sendoago egon ahala, taldeak konfiantza handiagoa hartuko du erasoan».
Aurkari «gogorra eta arriskutsua»
Biharko aurkaria, HeartS, 2009an sortutako taldea da, Musselburgh Windsor taldearekin akordioa egin eta gero. 2019an Eskoziako ligako Bigarren Mailako txapeldun izan zen, eta gorenera igo zen. 2022an talde profesional bihurtu zen, eta 2024an Eskoziako Kopako finala jokatu zuen, Rangersen kontra. 2-0 galdu zuen. Aurreko sasoian atera ahal izan zuen arantza, azken jardunaldian ligako txapeldun izatea lortu baitzuen. Denboraldi honetan hirugarren dago sailkapenean. Jokatu dituen bost partidetatik lau irabazi ditu, eta bat galdu, Rangersen kontra jokatu zuena: 0-3. Europa kopan aritzeko atariko torneoa jokatu zuen, eta Gintrari 1-2 irabazi eta Kogeren aurka 2-1 galdu ostean, txapelketarako sailkatu zen. Andy Thomson da haien entrenatzailea, Rangerseko prestatzaile ohia. Haren bi jokalari nabarmenenak Jenny Smith erdilaria eta Rachael Johnstone atezaina dira.Â
Jokatzeko moduari erreparatuta, Hearts talde «gogorra, bete-betean jokatzen duena eta fisikoki sendoa» dela azaldu du Alvarezek: «Aurkari arriskutsua da. Gainera, oso argi du zer egin nahi duen. Baloia berreskuratu eta zuzen jokatzen du aurkariaren atzealdeko jokalarien bizkarrera. Trebeak dira trantsizioetan».Â
«Baloia berreskuratu, eta zuzen jokatzen dute Hearteko jokalariek. Gainera, trebeak dira trantsizioetan»Â
GORKA ALVAREZÂ Realeko entrenatzailea
Apariciok argi du halako aurkari baten aurka taldeak zer egin behar duen: «Gure onena emateaz gain, funtsezkoa izango da defentsako lanean oso adi egotea, elkarri asko hitz egitea eta gauza errazak egitea. Aldi berean, ausart jokatu behar dugu. Partida txukuna egin nahi dugu, eta, itzuleran, zaleen indarrarekin, kanporaketa gainditu».
Biharko partidari heltzeko, Chelsearen aurkako kanporaketa ikasgaia izan dela adierazi du: «Ikusi genuen halako txapelketetan detaile txikiak zaintzea funtsezkoa dela, are garrantzitsuagoak direlako. Partidako une erabakigarriak ondo kudeatzea ezinbestekoa da. Adibidez, 2-2 joanda, atzerago jokatu behar genuen, halako aurkariek gutxi behar baitute min egiteko».
Bat etorri da prestatzailea: «Defentsako lanean zertxobait oldarkorrago ari den talde bat ikusi nahi dut, baloia duenean nagusi dena, eta aurkariaren bila doana. Betiere zentzuz jokatuz, eta argi izanda kanporaketa bat dela, eta itzulerako partida izango dugula etxean».
Neurketa Ainslie Park estadioan jokatuko dute. Belar artifizialeko zelaia du, eta talde txuri-urdinak belar naturalean jokatzen ditu neurketak, baina horrek ez du kezkatzen Alvarez. «Egokitu beharra izango dugu. Baina esango nuke taldeko jokalari guztiak daudela halako zelaietan jokatuta, eta tarteka entrenamenduak ere egiten ditugu belar artifizialean. Ez da gure kezka nagusia. Nahi duguna zera da: gure jokatzeko modua eta identitatea argi edukitzea, eta izaten ari garen hobekuntza horretan aurrerapausoak ematea».
Aurkariaren joko zuzena eta ahalmen fisikoa kontuan izanda, litekeena da Alvarezek bost jokalariz osatutako atzealdearekin jokatzea. Jokalari guztiak jokatzeko moduan daude, denbora luzez min hartuta dauden hirurak izan ezik: Aiara, Keefe eta Maria Molina.