Gauzarik onenak amaierarako uzten omen dira, eta horregatik jaten omen da postrea amaieran. Bada, Realak ez zuen azken ordura arte sufritu nahi izan atzo Istanbulen (Turkia), Europa kopako final-zortzirenetan. Joan den astean Zubietan bi golen aldea aterea zutela joan ziren Fenerbahceren zelaira, eta lehenengo minutuan hartu zuten aurrea markagailuan, Colettek bere atean sartutako gol bati esker. Fenerbahce ezinean aritu zen, eta, amaierarako, Reala 0-2 gailendu zitzaion. Beraz, Europa kopako final-laurdenak jokatuko dituzte txuri-urdinek, Frankfurten aurka.
Realak ezin hobeto hasi zuen partida. Fenerbahceko gizonezkoen futbol taldeak jokatu ohi duen zelaian jokatu zuten norgehiagoka, eta zaleek asko berotu zuten giroa, taldeari emaitza iraultzeko adorea eman nahian: txistuz erantzuten zuten epaileak Realaren aldeko erabakiak hartzen zituen bakoitzean, baita Fenerbahcerk arriskua sortzen zuen bakoitzean ere. Halere, Donostiako taldea ez zen koldartu; lehenengo minutuan Cahynovak Ceciliari bidali zion baloia, eta hark bikain pasatu zion Keeferi, zeina area barruan zain baitzegoen, baina, baloia txiletarraren oinetara heldu baino lehenago, Colettek aldendu egin zuen, nora eta bere ate barrura: 0-1.
Fenerbahce Arrularen atera hurbildu zen pare bat aldiz, presio altua eginez. 19. minutuan, esate baterako, Colettek izugarrizko jaurtiketa egin zuen area kanpotik, lehenengo minutuan egindako hutsa konpondu nahian, baina Arrulak bikain erantzun zion. Aukera horretaz gain, ez zuten arrisku handirik sortu.
Lehen ordu erdia igaro zenean, Keefek hurrengo jokaldian zer helduko zen abisatu zion Turkiako taldeari. Txiletarrak indar handiz errematatu zuen Ceciliak ezkerraldetik bikain erdiratutako baloia, baina Munteanuk kanporatu egin zuen. Hurrengo jokaldian, Intzak erdiratu zuen baloia eskuin kornerretik, eta Keefek berak sareratu, buruz bikain errematatuta.Â
Bigarrenean ere nagusi
Joan den astean Zubietan sartutako bi golei Istanbulen lehenengo zatian sartutako beste biak gehituta, Realak oso ondo bideratuta zeukan kanporaketa. Halere, ausarki jokatzen jarraitu zuen Gorka Alvarezen taldeak, eta harenak izan ziren bigarren zatiko lehen aukerak.Â
Fenerbahcek, ordea, ez zituen besoak gurutzatu, eta, arrakasta handirik izan ez arren, lehiatzen saiatu ziren. 50. minutuan Arrulak gaizki neurtu zuen Kajanen erdiraketa, eta Turkiako taldeak aukera nahiko ona izan zuen markagailua apaintzeko, baina ez zuen baliatu. Handik zortzi minutura, aukera garbiagoa izan zuten: Alayontek korrikaldi luzea egin zuen ezkerraldetik, Arolari gailenduta, baina Busemek ezin behar bezala erantzun hark areara egindako erdiraketa bikainari, Estherrek ongi oztopatu baitzion jaurtiketa.
Norgehiagokaren amaiera aldean, Urazek bi aukera paregabe izan zituen Fenerbahceren lehenengo gola sartzeko. 84. minutuan, Alayontek baloia luze eta altu bideratu zuen Realaren areara, Arrulak ez zuen asmatu alderatzen, eta aurrelaria bakar-bakarrik geratu zen Realaren ate aurrean; halere, estropezu egin zuen jaurtiketa egiteko orduan. Eta handik hiru minutura, arearen atarian bakarrik zegoela, Arrulak baloia lapurtu zion.
Atzoko kanporaketa igarota, talde txuri-urdinak Frankfurten aurka jokatuko ditu final-laurdenetako bi partidak. Izan ere, Alemaniako taldea 0-2 eta 2-1Â gailendu zaio PSVri final-zortzirenetako neurketetan
Fenerbahce-Reala
Reala. Arrula; Camino, Florentino, Nahia Aparicio (Maria Molina, 70. min), Esther; Cahynova (Maren, 46. min), Ainoa, Intza (Nerea Eizagirre, 59. min); Arola Aparicio, Keefe (Seelenfreund, 59. min) eta Cecilia (Zunzunegi, 76. min).
Fenerbahce. Munteanu; Fatma, Colette (Alayont, 46. min), Bowen, Plummer; Busem (Kerimoglu, 59. min); Otu, Ece (Gurel, 71. min); Kajan, Abideen eta Staskova (Uraz, 72. min).
Golak. 0-1: Colettek (bere atean, 1. min); 0-2: Keefek (34. min).
barrenetxeaK LESIO LARRIA DU
Emakumezkoen taldeak eman dio gaur poza Realari; izan ere, gizonezkoen taldeak jakinarazi du Ander Barrenetxeak lesio larria duela eskuin izterrean, eta ebakuntza egin beharko diotela. Aurrelariak min hartu zuen Rayoren aurkako neurketan, eta, klubak gaur azaldu duenaren arabera, uste baino larriagoa da: litekeena da bost hilabetetik gora ematea zelaietatik kanpo. 2022an lesio bera izan zuen, baina ezker izterrean, eta orduan ere ebakuntza egin behar izan zioten. Ostiralean egingo diote operazioa, eta baliteke denboraldiari agur esan behar izatea.